Pop kultura fedetzat hartuta

George Michael musikari eta produktore ingelesa hil da, 53 urte zituela. Wham bikoan hasi zuen ibilbidea, eta bakarka dozena erdi disko atera zituen

George Michael musikaria (1963-2016), 2011ko urriaren 10ean, Rotterdamen emandako kontzertu batean. ADE JOHNSON / EFE.
gorka erostarbe leunda
2016ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Pop ikono bat izan da, eta, pop kulturak berekin eraman ohi dituen hainbat ezaugarri gertu-gertutik ezagutu ez ezik, hezur-haragitan ere bizi izan zituen: arrakastaren kontzeptua, esposizio mediatiko itzela, adorazio eta gorroto objektu izatea, drogek eragindako osasun arazoak, bizitza pertsonal iskanbilatsua... eta heriotza goiztiarra. 53 urterekin hil da George Michael musikari, kantari eta produktore ingelesa. Heriotzaren berri haren ordezkariak eman zuen, igande arratsean, baina ez zuen zehaztu noiz hil zen: «Tristura handiz baieztatu genezake gure seme, anaia eta lagun kuttuna Gabon garai honetan hil dela, bake-bakean». Aurrerago azaldu zuten bihotzeko arazo baten ondorioz zendu zela.

Pop musikari eta pop kulturari heldu zion gaztetatik Georgios Kyriacos Panayiotoumek (Londres, 1963ko ekainaren 25a). Hala zituen jatorrizko izen-abizenak. Ama ingelesa zuen, eta aita greziar-zipretarra. 1981ean, artean 20 urte betetzeke, Wham taldea osatu zuen Andre Ridgeley adiskidearekin batera. Bikote haren kantu ezagunenetako bat Last Christmas izan zen; patuak nahi izan du Gabon garaian hiltzea. Pop izar bilakatu zen 1980etakoen lehen erdian Wake Me Up Before You Go-Go, Club Tropicana eta Young Guns (Go For It) kantuei esker. Hamarraldi hartan Ingalaterran piztu zen pop berriaren boom-aren ordezkarietako bat izan zen Wham. Hedonismorako joera erabatekoa, estetika modernista eta melodia nahiz lelo itsaskorrak zituzten ezaugarri. Hedonismoa eta dibertimendurako eskubidea beti altzoan eraman zituen aldarri modura, baina horregatik, garaiko pop talde ingeles askok bezala, ez zion muzin egin eduki politikoko mezuak zabaltzeari. Hastapen urte haietan, oso kritiko azaldu zen Margaret Thatcherrek gidaturiko gobernuarekin eta AEBekin egindako akordio nuklearrekin. Eta aurrerago, 2002an, Shoot the Dog kantua konposatu zuen, modu parodikoan Erresuma Batuko eta AEBetako gobernuen arteko adiskidetasun harremana eta Irakeko inbasioa kritikatzen zituena. Kantuaren bideoa animaziozko marrazkien bidez egin zuen, eta hain izan zen polemiko, ezen AEBetan galarazi egin baitzuten.

Hasiera indartsua...

Wham bikote formatua utzi, eta bakarkako ibiliari ekin zion 1987an, Faith (fedea) arrakastatsuarekin. Aldaketak izan zezakeen arriskurik, baina estreinako indartsua izan zen; funk-pop doinuak bere eginez, soul eta folk ukituz hornituta, Michael Jacksonek, Princek eta Madonnak berak gidaturiko esparruan barneratu zen batere konplexurik gabe, ausardia eta poparekiko fedea ardatz harturik. Faith bera, I Want Your Sex letra esplizitukoa eta balada jiteko beste zenbait kantu zituen disko hark, Michaelen ahots leunaz kantatuak guztiak. Arrakasta eta oihartzun izugarria izan zuen lan hark, baina gerora ez zuen errepikatzerik izango, arazoak pilatzen hasi baitzitzaizkion, bai drogen menpekotasunak eraginda eta bai diskogintzako industriarekin ezin ulertuzko harremana izan zuelako orduz geroztik. Sekula ez zuen diskogintzako negozioaren txotxongilo bihurtu nahi izan, eta, 1990ean Listen Without Prejuice Vol. 1. bigarren lana kaleratu zuenean, publikoki agertu zituen Columbia diskoetxearekin izandako desadostasunak. Diskoetxe handiekiko jarrera errebelde hori gerora ere atxikiko zuen, eta luzera kalte egingo zion bai sorkuntzari eta bai autoestimuari dagokionez. 1990etako urteen hasieran, oraindik ere garai emankorrak bizi izan zituen:parte hartu hartu zuen Freddie Mercuryren omenez Wembley estadioan Queen taldeak grabaturiko Five Live EP-an, eta Elton Johnekin ere kolaboratu izan zuen behin baino gehiagotan. Adiskide handiak egin ziren. Johnek adierazi du «shock egoeran» dagoela heriotzaren berria jakin duenez geroztik.

Gero, gainbehera etorri zen. Ez zuen espero adinako arrakastarik izan ez arlo komertzialean eta ez sorkuntzari dagokionez, asko jaitsi baitzuen ekoizpen kopurua, nahiz eta aldian behin kantu aipagarriren bat edo beste kaleratzen zuen. Older (1996) eta Songs from the Last Century(1999) dira horren adibide. Noraez horretan ez zuen lagun izan 1998an gertaturiko pasadizoa; Beverly Hillseko komun publiko batzuetan atxilotu baitzuten «ekintza likitsak» egitea egotzita. Kaleko jantzitako polizia batek atxilotu zuen. Hala ere, hura guztia umorez hartzen jakin zuen, homosexuala zela jendaurrean esateko baliatu zuen, eta gertaera bera parodiatu egin zuen Outside kantuaren bideoklipean. Ladies and Gentlemen, The Best of George Michael diskoak zekarren kantu hori. Orduz geroztik, saiatu zen pop izarraren estatusa mantentzen; kaleratu zituen pop helduago batera hurbiltzen ziren lan bakanen batzuk —Patience (2004) eta Symphonica (2014)—, baina inspirazio sasoi gailenetatik urrun betiere.

Bere ibilbideko azken hamarkadan, osasun arazoak izan zituen bidaide nagusi. 2006an, Londresko Poliziak atxilotu zuen autoan lo hartu zuelako, alkoholak eta marihuanak erasanda. Inoiz ez zuen ezkutatu menpekotasuna zuela, ezta hark ekarritako arazoak ere. «Jendeak figura tragiko modura ikusi nahi nau, lotu nahi nau drogen kontsumoarekin eta komun publikoetako sexuarekin, baina gauza horiek ez ditut ikusten ahuldade moduan; hori dena baita neu naizena». 2010ean, Londresko denda bateko erakusleihoa jo zuen autoarekin, eta zortzi aste igaro zituen espetxean. 2011n, berriz, pneumonia gogor bat izan zuen, eta hiltzeko zorian izan zen. Trakeotomia bat egin behar izan zioten aurrera egin ahal izateko.

2012an, bere musika ibilbideari aupaldi bat ematen saiatu zen, Londresko Olinpiar Jokoetako amaiera ekitaldian abestuz. Dozena erdi disko inguru baino ez zituen egin bakarka, baina ia 100 milioi disko saldu zituen. Heriotzak harrapatu duenean, beste disko bat eta bere bizitzari buruzko dokumental bat prestatzen ari ze, haren ordezkariak adierazi duenez.

George Michaelen heriotza musika anglosaxoiaren urte beltza gizentzera dator. Urte berean hil dira, besteak beste, David Bowie, Prince, Leonard Cohen, Sharon Jones, Paul Kantner (Jefferson Airplane), Glen Frey (The Eagles), etaMerle Haggard.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.