Erotismoak mundua zenbateraino asalda dezakeen erakutsi zuen Jane Birkin aktore eta abeslariak (Londres, 1947 - Paris, 2023). Birkin Europako pop kulturaren eta sexu askapenaren ikur bihurtu zen 1960ko hamarkadan, eta orduko kultur iraultzaren parte izana zalantzan jarri ezinezkoa zaio aspaldi. 70etik gora filmetan izan zen aktore, eta gidoilari eta zuzendari ere jardun zuen zenbait alditan. Baina musikan eginiko bideagatik da ezagun batez ere. Hogei disko inguru eman ditu bere ahots ahul, hauskor eta iradokitzaileaz. Igandean zendu zen, Parisen, 76 urterekin.
Londresen jaio izanagatik, Birkinek Frantzian eman zuen bizialdiaren parterik handiena, eta han garatu zituen proiektu gehienak. Dena dela, artean Ingalaterran zelarik ekin zion aktore lanari. Michelangelo Antonioni zuzendariaren Blow-Up (1966) filmean aritu zen, adibidez. Lan horretan, Birkin biluzik azaltzen da eszena batean, eta, hain justu, haren harira izan zuen erotikarekin loturiko bere lehenbiziko polemika. Handik gutxira, 20 urte betetakoan, Hollywooden aritzeko aukerari muzin egin zion Birkinek, eta, kontrara, Paris lehenetsi zuen. Azkeneraino egin zuen hala. Frantsesez aritzen zelarik zeukan azentu ingelesa ere bada haren zigiluetako bat.
Parisera iristean, Serge Gainsbourg artista frantsesa ezagutu zuen, funtsezkoa izango zena haren ibilbidean. Slogan filmaren grabaketan (1969) izan zen hori. Gerora, Birkin eta Gainsbourg bikote izan ziren urte luzez, eta elkarrekin eman zuten aktore eta abeslari ingelesaren abesti ezagunena: Je t'aime... moi non plus. Kantu biziki sentsuala da, eta Birkinen intziri batzuk ere aditzen dira, sexuaren ondoriozko gozamena antzezten dutenak. Hain handia izan zen abestiak eragindako asaldura, ezen debekatu egin baitzuten hainbat herrialdetan. Vatikanoak jendaurrean salatu zuen, baita BBC hedabideak ere. Horrek erdiz erdi puztu zuen artistaren sona.
Eztandarik handiena kantu horrek sorturikoa izan arren, ondotik emandako hainbat diskok ere oihartzun handia erdietsi zuten: hala nola Lolita Go Home (1975), Baby Alone in Babylone (1983) eta A la légère (1998) lanek. 1991ra artekoetan, Gainsbourgek rol handia jokatu zuen, hark idatzi baitzizkion abesti asko eta asko.
2020an plazaratu zuen azken diskoa: Oh! Pardon tu dormais... Hartan, batik bat alaba nagusiaren heriotzaz aritu zen kantuan. Alabak Kate Barry zuen izena—John Barry musikariarekin izan zuen—, eta 2013an hil zen, Parisen, bere etxebizitzatik —laugarren solairutik— erorita. Suizidiotzat jo zuten berehala, baina Birkinen bigarren alabak, Charlotte Gainsbourgek, istripua izan zitekeela esan zuen. Besteak beste,Cigarettes (Zigarretak) abestian kontatu zuen heriotza hark eginiko mina: «Ene alabak bere burua bota zuen/ Eta lurrean aurkitu genuen/ Kea uxatzeko/ Ireki ote zuen leihoa?/ Zigarretak/ Bi katu, zakur bat/ Loroa/ Lekuko/ Misterioa/ Baliteke istripu bat izatea/ Txoroa benetan/ Nork daki?».
Bizipenak paperera
Kantuetan eta filmetan ez ezik, memoriak gordetzeko propio idatzitako liburuetan ere geldituko da zizelkaturik Birkinen bizitza. Hainbatetan kontatu zuenez, 12 urtetan hasi zen eguneroko bizipenak idazten. 2018an, Munkey Diaries (1957-1982) memoria liburua eman zuen; eta 2019an, Post-scriptum: Le journal intime de Jane Birkin 1982-2013.
Hogei urte baino gehiago dira leuzemia lehen aldiz diagnostikatu ziotela; ordutik, hainbatetan gaixotu zen atzera ere.
Jane Birkin
Pop kultura eta erotismoa ahotsean
Abeslaria, aktorea, zinemagilea eta gidoilaria zen Birkin, eta Europako poparen eta sexu askapenaren ikur bihurtu zen 1960ko hamarkadan. Osasun arazoak zituen azkenaldian, eta 76 urterekin hil da, Parisen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu