Pop kultura eraikinean zehar

Mikel Belaskoainek Madonnaren irudiaren inguruan oinarritutako erakusketa bat jarri du Iruñeko eraikin batean: 'Madonna 1986'. Beste lau artistaren lanak ere ikus daitezke

Mikel Belaskoainen Madonna 1986 instalazioaren obra nagusiak Madonna abeslariaren erretratuak dira. Andy Warholen lanaren eragin zuzena dute. LA COSTA.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Mikel Belaskoain artista iruindarrak artearen barruko klasismoaren inguruko gogoeta bat egin du haren azken lanean. Sortzailearentzat, pop korronteak «izugarrizko ekarpena» egin dio kulturari, baina «gutxietsia» izan da. Hark joera hori apurtu nahi du, eta, horretarako, Madonnaren irudia oinarri gisa hartu eta instalazio bat sortu du, poparen funtsa erakusteko. Iruñeko Kale Berriko 37. zenbakian dagoen eraikinaren barrualde osoa bete du abeslariaren irudiarekin sortutako lanekin, eta Madonna 1986 izena jarri dio. Jon de la Puente fundazioak bultzatu du egitasmoa, eta urte osoan ikusi ahal izango da, ordua eskatuta.

Madonnaren irudiak sortzen duen eztabaida izan da hura aukeratzeko arrazoietako lehena, Belaskoainek azaldu duenez: «Madonnak ospe handia du, baina haren lanari garrantzia kendu izan zaio; hutsaltzat hartu izan da». Horren erdigunean emakume izatea dago; hori argi dauka Belaskoainek: emakume, artista, bide-urratzaile eta arrakastatsua izatea. «Historian, Yoko Onorekin, Courtney Loverekin eta bestelako artista handiekin gertatu izan da: gaitzetsi egiten dituzte», gaineratu du. Hark, berriz, artista horien lanari, eta, zehazki, Madonnarenari balioa eman nahi dio: «Bere ibilbidean pertsona ugarirengana heldu da, eta mota guztietako erreakzioak eragin ditu; hori ere bada artearen eginkizuna». Madonnak, gainera, horretan dihardu oraindik ere: «Ikono bizi bat da».

Poparen erreginatzat jotzen denaren irudiaren bitartez, pop kultura laudatu nahi du artistak: «Ezin da zalantzan jarri popak XX. mendeko kulturari egin zion ekarpena: izugarria da; baina beste batzuen azpikotzat hartua izan da». Hori dela eta, haren erakusketetan helburu zehatzak ezartzen ez dituen arren, kasu honetan, artearen barruko klasismoari lotutako diskurtsoak apurtzeko ideiarekin lan egin duela esan du.

Instalazioak bost artelan nagusi ditu, Madonnaren bost irudikapen, eraikinean zehar daudenak:Myth, 1986, Madonna, Pop eta True Blue. Bakoitzak bere istorioa eta erreferentziak ditu. Erakusketa osoak lotura handia du Andy Warholen lanarekin eta Marilyn Monroeren irudiarekin, baina, Pop obrak erreferentzia zuzena egiten die horiei. 1986 da erakusketari izena ematen diona, eta, Belaskoainek azaldu duenez, urte hori aukeratu du uste duelako 1980ko hamarkada oso aberatsa izan zela artearentzat. «Garai hartan jendeak askatasun osoz adierazten zuen guztia, eta uste dut ordutik aurrera inboluzio bat izan zela», nabarmendu du. Myth eta Madonna abeslariari eta haren inguruan sortu den ikonoari egiten diote keinua, eta True Blue, berriz, haren hirugarren diskoaren izena da.

Ikusgai jarri dituen artelanak sortzeko, Belaskoainek Madonnaren disko horretako Live to Tell kantuaren bideoklipa izan du inspirazio iturri. Bideoklip hori eta ez beste bat aukeratzeko arrazoia «subjektiboa» izan dela azaldu du: «Ni melomanoa naiz; beti lan egiten dut musikarekin; bada, egun batean, True Blue diskoan sakontzen hasi nintzen, eta zoragarria iruditu zitzaidan MadonnariLive to Tell kantuaren bideoklipean ematen zaion ikono trataera». Hala, artelanetarako erabiltzea erabaki zuen.

Baina, kantu horretatik harago, sormen prozesuan, bideoklip formatuaren inguruan hausnartu du sortzaileak. Esan duenez, atentzioa ematen dio nola jatorriz marketinerako jaio zen formatu bat, musikarekin eta zinemarekin hibridatuta, artearen munduan eragin handiko formatua bihurtu den. «Hain zuzen, bideoklipa izan zen eraginik handiena izan zuen arte formatua1980ko eta 1990eko hamarkadetan». Baina, haren iritziz, formatu hori ere «gutxietsia» izan da: «Artearen goi klasea bideoklipa mespretxatzen aritu da, eta, bitartean, formatu horrek kultura sortu du, goraipatutako beste batzuek baino askoz gehiago», adierazi du. «Eta, niretzat, pertsonalki, inspirazio iturri bihurtu da».

Beste lau erakusketa

Artelan nagusien zirriborro originalak ere ikus daitezke erakusketan, bai eta koadro kolorista zenbait ere, lore motiboz beteak, eta bizitasun handikoak. Batzuk artelan nagusietarako hondo gisa erabili ditu Belaskoainek, eta beste batzuei espazio propioa eman die. Artelanak eraikin osotik barreiatuta daude, eta artistak nabarmendu du asko erakarri duela espazioaren trataera horrek: «Hara joan nintzenean eta eskailerak ikusi nituenean, oso toki bitxia iruditu zitzaidan, eta poz handia eman zidan han erakusketa handi bat jartzea: igotzen ari zaren bitartean artelanak ikusten ari zara; berezia da». Belaskoainek gogoko du artea «testuingurutik at» erakustea, eta horixe da, hain zuzen ere, Jon de la Puente fundazioak halako egitasmoekin lortu nahi duena: artea kokapen berezietan jarriz hura herritarrengana gerturatzea.

Belaskoainen erakusketa osatzeko, beste lau sortzaileren artelanak ere jarri dituzte ikusgai eraikinean: Montse Borda, Vittoria Drago, Fermin Urdanoz eta Mireia Martinenak. Bakoitzaren lanak eraikinaren apartamentu batean kokatu dituzte. Beste artista batzuekin elkarlanean aritzea gustuko du Belaskoainek, erakusketek elkar aberasten dutelako: «Asko pozten nau artistok elkarlanean aritzea eta proiektu bateratuak sortzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.