Pop artearen agerpena eta garapena ikusgai jarri ditu Bilboko Guggenheim museoak

Mugimendu artistiko haren parte diren hamazazpi artista esanguratsuren lanekin osatu dute erakusketa: guztiak ere Guggenheim museo sarearen funtsen parte dira.

"Ikurrak eta objektuak. Guggenheim Bildumako Pop artea" erakusketa
Emakume bat Andy Warhol artistaren autorretratu batekin argazkia ateratzen. ARITZ LOIOLA/FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko otsailaren 15a
15:30
Entzun

Ikonikoa da ibilbide osoa. Lehen aretoan, esaterako, bisitariak elkarren ondoan topatuko ditu Roy Lichstensteinen komikien eta iragarkien lengoaia bisuala pintura historikoaren mailara igotzeko saiakerak, Andy Warholek hondo naranja baten gainean seriean erreproduzitutako aulki elektrikoak, eta pop artearen aitzindari izandako Richard Hamiltonen erliebeak. Baina ikonikoa da bigarren aretoa ere, Jim Dine artistaren Perlak lan ironikoarekin, Robert Rauschenbergen kartoiz osatutako txori irudiekin, eta ikonikoa da azken areto osoa hartzen duen Claes Oldenburgen eta Coosje Van Bruggen artisten badminton pilota erraldoia ere. Guztiak daude Bilbon orain. Eta, hain justu, Guggenheim museoen sareak duen pop arteari eskainitako bilduma esanguratsuaren erakusgarri da Bilboko Guggenheim museoan ireki berri duten Ikurrak eta objektuak. Guggenheim bildumako pop artea erakusketa. Guztira, hamazazpi artistaren lanak biltzen ditu, eta irailaren 15era arte egongo da ikusgai.

Pop artea erakusten «aitzindaria» izan zen New Yorkeko Guggenheim museoa, Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak azaldu duenez. 1950eko hamarkadan abiatu zen pop arte gisa izendatzen den mugimendua, eta Guggenheimek «hasieratik» azaldu zuen harekiko interesa. Edonola ere, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim museoak 1963an mugimenduari eskainitako Six Painters and the Object erakusketa aipatu du mugarritzat Bidartek, haren hitzetan, erakusketa hark balioztatze instituzionala adierazi ziolako jadanik indarra hartzen ari zen mugimendu hari.

«New Yorken 1963ko erakusketa ireki zenean jendeak esan zuen artelanak lauak, hotzak eta emoziorik gabeak zirela, eta sei urteren buruan guztiak ari ziren Roy Lichtenstein laudatzen artearen mundua irauli zuelako».

LAUREN HINKSON Komisarioa

Etengabeak dira 1963ko erakusketa haren erreferentziak zabaldu berri duten erakusketan. Titulutik hasita. Lauren Hinkson eta Joan Young komisarioek azaldu dutenez, hain justu, Ikurrak eta objektuak izan zelako erakusketa hura izendatzeko mahai gainean egon ziren titulu posibleetako bat, azkenean baztertu egin zuten arren. Eta horregatik erabaki dute titulua Bilborako erreskatatzea orain. Memoria keinu modura.

"Ikurrak eta objektuak. Guggenheim Bildumako Pop artea" erakusketa
'Ikurrak eta objektuak. Guggenheim Bildumako Pop artea' erakusketako irudi bat. A. LOIOLA/ FOKU

Harrera zalantzatia

Pop artearen harrerak izandako garapena azaltzeko ere baliatu dute 1963ko erakusketa komisarioek. Lauren Hinkson komisarioak eman du datua: «New Yorken erakusketa ireki zenean, jendeak artelanak lauak, hotzak eta emoziorik gabeak zirela kritikatu zuen, eta sei urteren buruan mundu guztia ari zen [Roy] Lichtenstein laudatzen artearen mundua irauli zuelako».

Espresionismo abstraktua zen orduan bogan zegoen mugimendua, eta kazetari eta kritikariak ere azkar lerratu ziren popari eskainitako erakusketarekin batera, sasoi berean, museoan ikusgai zegoen Vasili Kandinskiren erakusketaren alde. Baina autokritika ere egin du Joan Young komisarioak. «Argia izan zen museoa erakusketa hartzen, baina motel antza aritu zen pop artelanak erosten». Eta datu bat ere eman du inpresio hori berresteko. 1963an erakusketan parte hartutako sei artistetako bosten lanak ikus daitezke orain Bilbon: Robert Rauschenberg, Jim Dine, Roy Lichtenstein, James Rosenquist eta Andy Warhol. Guztiak, Jasper Johns izan ezik. Young: «Tamalez, ez dugu haren lanik funtsetan. Etorkizunean espero dezagun baietz».

«Argia izan zen New Yorkeko Guggenheim museoa pop arteari eskainitako 1963ko erakusketa antolatzen, baina motel antza aritu zen pop artelanak erosten».

JOAN YOUNG Komisarioa

Komisarioek onartu dute pop artea gizonezkoek eta zuriek gidatu zutela nagusiki, eta asko izan zuela pertsonalismotik ere. Eta, azaldu dutenez, ikuspegi hori zabaltzeko saiakera ere bada Bilboko erakusketa. Niki de Saint Phale artista frantziarraren 1979ko eskultura bat, Chryssa artista greziarraren 1969ko Horixe da dena, eta Miguel Angel Cardenas artista kolonbiarraren 1964ko Bikote berdea lana ere badira erakusketan.

Horrez gainera, artista garaikideagoen lanak ere txertatu dituzte ibilbidean. Jose Davila mexikarrak 2017an sortutako artelan ironikoa da horren adibide, zeina kartoizko kutxaz osatua baitago. Bai eta Lucia Hierro artistaren 2017ko Denetarik apur bat obra ere. Youngek azaldu du komisarioen asmoa: «Hutsune horiek betetzen saiatzen ari gara, artearen historia aberatsagoa erakusten saiatzeko».

Keinu bat Bilboko lehen erakusketari

Bada beste memoria keinu bat ere erakusketan. Komisarioek gogoratu dutenez, Bilboko Guggenheim museoak zabaldutako lehen erakusketaren parte izan baitzen orain ibilbidea ixteko hautatu duten Oldenburg eta Van Bruggen artisten badminton pilota erraldoia. Lehen aldi hartan hirugarren solairutik erdi erortzen instalatu zutela zehaztu dute Youngek eta Hinksonek. Oraingoan, ordea, lurrean zabaldu dute, areto osoa betetzen duela. Eta haren keinu ironikoa nabarmendu du Youngek. Haren lan monumentalak eraikina «txikiagotu» egiten duelako, haren hitzetan, eta, era berean, museo esparruak kulturaren egoitza ez ezik «entretenimendurako leku» ere izan behar duela aldarrikatzen duelako.

2014an, bi urtean behin Guggenheim museoen funtsekin erakusketa bat egiteko konpromisoa adostu zuten euskal erakundeek eta Solomon R. Guggenheim fundazioak. Eta lan ildo horren emaitza da ireki berri duten erakusketa.

Erakusketa ixten duen Claes Oldenburg eta Coosje Van Bruggen artisten lana. A. L. /FOKU
Erakusketa ixten duen lana, Claes Oldenburg eta Coosje Van Bruggen artistena. A. L. /FOKU

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.