Hilberria. Richard Hamilton

Pop art britainiarraren aita

2011ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Aldizkari batetik aterea dirudien neska gaztea, kulturista itxurako gizona, telebista bat, komiki baten azala, Ford auto enpresaren logotipoa, chupa-chups erraldoia eta masa kulturari erreferentzia egiten dioten beste hainbat elementu. Just what is it that makes today's home so different, so appealing? obraren zati dira guztiak. Richard Hamiltonek 1956an erakutsi zuen lehen aldiz collagea Londresko Whitecapel Art Galleyn; hainbat historialariren iritziz, pop art estiloa jaiotza obra honi zor zaio hein handi batean. Hamiltonek, ordea, koadro horretaz «nahiko aspertuta» zegoela esan zuen behin, baina «diru iturri ona» zela. Atzo hil zen, Londresen, 89 urterekin, eta azkenera arte lan egiteari utzi gabe. Atzera begirakoa prestatzen zebilen, 2013. eta 2014. urteen artean Los Angeles, Philadelphia, Londres eta Madrilen erakustekoa zena.

Hamilton 1922. urtean jaio zen, Londresen, eta publizitate munduan hasi zen oso gazterik, ikastetxea utzi eta gero. 1952an, beste hainbat lagunekin batera Independet Group artista taldea sortu zuen. II. Mundu Gerraren ondorengo urteak ziren, kontsumoaren hedapen urteak, eta artistak AEBetako masa komunikabideek igortzen zituzten elementu kulturalak hasi ziren txertatzen euren obretan. Testuinguruari lotutako artearen aldeko aldarria egiten zuten, kitscha eta ironiaerabiliz.

Hamiltonek berak erabili zuen lehen aldiz pop-art terminoa idazki batean. «Pop-art estiloa herrikoia (masarentzat egina), iragankorra (epe laburreko irtenbide bat), azkar ahazteko modukoa, gaztea, low-cost, sailean egina, sexya, glamour handikoa eta engainagarria da, finean, negozio handi bat», idatzi zuen bere ironiagatik ezaguna zen artistak.

Izenburu luzeko collage ezagunaz gain,White Album izenez ezagutzen den The Beatlesen bederatzigarren diskoaren azala egiteagatik ere hartu zuen sona handia Richard Hamiltonek. Azal minimalista da 1968koa, Liverpooleko talde ezagunaren izenak soilik urratzen duen zuritasunez betea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.