Musika

Pop doinuak eta emozioak

'Palacio' diskoa kaleratu berri du Elsa y Elmar musikariak. Emozioak nabarmentzen dira bilduman, eta hainbat generotako hamabi kanta daude.

Elsa y Elmar musikaria. BERRIA
Elsa y Elmar musikaria. BERRIA
urko iridoy alzelai
2024ko irailaren 22a
05:00
Entzun

Bere jaioterria, Kolonbia, atzean utzi, eta AEBetara zuzendu zen Elsa Carvajal musikaria, bere ibilbidea handitzeko asmoz. Kalifornian (AEB) ez zuen arrakastarik lortu, eta azkenean, Mexikora mugitu zen. Zortzi urte baino gehiago darama Carvajalek Mexiko hirian, eta orain, bere seigarren bilduma kaleratu du bertan, Elsa y Elmar izenpean: Palacio. Latinoamerikako poparen ikur handietako bat bilakatu da Carvajal azken hamarkadan, 2014. urtean John Lennon sarietan musika latinoaren sari handiena irabazi zuenetik. Pop espirituala interpretatzen du musikariak bere ustez, genero hori berak asmatu duela esateraino.

Hamabi kantaz osatutako lana da Palacio. Bizi esperientzian oinarritzen da diskoaren haria, hau da, bizitzan zehar bakoitzak bildutako bizipenetan, norberaren izaera eraiki duten kontzeptuetan. «Kanta bakoitzak bere generoa dauka. Eguzki sistema baten modukoa da bilduma, eta erdigunean nik neure burua ezagutzeko, esploratzeko eta hobetzeko dudan gogoa dago», azaldu du Carvajalek. Kanta guztiek badute zerbait komuna: musikariaren emozioak asko nabarmentzen dira. Hori bera argi geratzen da diskoaren lehen kantan (Drogada de emociones), non maitasuna den oinarri, maitasunak eragin dezakeen melankolia, ezegonkortzea eta antsietatea zehazki. 

Ahotsaren nagusitasuna nabarmena da, instrumentalarekin alderatuz, eta horrela letren eta mezuaren garrantzia goraipatzen du. «Nire disko esperimentalena da, ez soilik musika aldetik, baita sentitutakoagatik ere», adierazi du musikariak. Grammy Latinoetan saritutako Julian Bernal ekoizlearekin elkarlanean egin du bilduma, eta, haien lehen lana izanik, bere soinua hedatzeko eta aspektu berriak aurkitzeko balio izan dio Carvajali. Elkarlanaren harira, Alvaro de Luna abeslari espainiarrarekin batera kaleratu du Visto kanta. Soinuari dagokionez, zenbait genero entzun daitezke, hala nola Lento Violento kantan erabiltzen den house balearra, Querer así eta Policarpa abestietan nabaritzen den balada eta gitarraren bidez folk ukituak dituen Gigante.

Askatasuna helburu

Diskoa deskribatzerakoan, honako hau esan du Carvajalek: «Palacio bizitzan, sormenean eta artean dugun konfiantzan oinarritzen den bilduma bat da. Era berean, gaur egun musikaren industrian dauden estruktura eta betebeharren aurkako matxinada bat dela uste dut». Emozioak gailentzen diren letretan, hainbat gai jorratzen ditu musikariak, haien artean kohesioa eginez. Edertasuna eta okertasuna, seriotasuna eta jokoa, alaitasuna eta tristura, maitasuna eta desamodioa... baina musikariarentzat askatasuna da garrantzitsuena, norberaren askatasuna, eta bereziki emakumeen askatasuna. Feminismoa aldarrikatzeko lekua ere aurkitu du Carvajalek bere abestien artean.

Elsa y Elmarren disko berriko 'Palacio' kanta.

Musikarekin batera, Carvajalek irudi bakar bat transmititu nahi izan du, abestiak elkartzen dituen koherentzia bat. Horregatik, bideoklipetan lan karga handia hartu duela esan du musikariak, gaur egun abestiak ikus-entzunezkoetan oinarritzen baitira haren ustez. «Ez da bilduma pisutsu bat, eta horregatik uste dut entzuteko erraza dela. Bakoitza bere hausnarketa egitera bultzatu nahi dut nire musikaren bidez, eta konturatu gaitezen momentu txarretan ere bizipen onak sortzen ditugula», esan du Carvajalek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.