'Poor Things': hau ez da nobela bat

Yorgos Lanthimosek zuzendutako filmak Alasdair Gray idazle eta artista eskoziarraren lan irudimentsua ekarri du lehen lerrora.

Alasdair Grayren 1992ko nobelan oinarriturik sortu dute izen bereko filma aurten: 'Poor Things'. SEARCHLIGHT PICTURES
Alasdair Grayren 1992ko nobelan oinarriturik sortu dute izen bereko filma aurten: 'Poor Things'. SEARCHLIGHT PICTURES
2024ko apirilaren 7a
05:05
Entzun

Yorgos Lanthimos zinemagileak munduan zehar famatu bihurtu duen Poor Things nobela Alisdair Gray idazle eskoziarrak (Glasgow, 1934 - 2019) argitaratu zuen 1992an. Aldez aurretik, Grayk Lanark nobelari esker (1981) erdietsi zuen sona eskoziar letretan. Idazle izateaz gain, artista ere bazen Gray, Glasgow School of Art ospetsuan trebatua. Idazle eta artista gisa aritu zen bere ibilbidean, eta ez zuen bakarra lehenetsi; haren liburu guztietan bateratu zituen bi ofizioak. Izan ere, Grayren liburuak beti dira, objektu gisa, zeharo bitxiak: literatur eta arte artefaktuak aldi berean, tipografiarekin eta irudiekin jolas egitea ere maite baitzuen. Oso berea zuen estilo figuratiboa, liburuetan bistaratzen zuena tarteka. Glasgown egin zituen muralen bereizgarri ere bada joera hori.

Izatez, Glasgow pertsonaia garrantzitsua da haren kontakizunetan, eta Poor Things nobelan ere Victoria erreginaren garaiko hiriaren topografiak gidatzen du narrazioa. Grayren ustez, hiriak irudikatu egin behar dira literaturan, bai eta artean edota ikus-entzunezkoetan ere. Esate baterako, New Yorkera joan baino lehen badugu hiriaren irudi jakin bat, eta jasotako imajina horiek gabe ez dugu hiri baten edertasuna ikusten. Haren nobela eta margolanetan, Glasgowren identitatea eraikitzen du artean. Ikusgarritasuna eman nahi izan zion hainbeste maite zuen hiriari.

Askatasun erradikala

Frankenstein filma ikusiz gero Mary Shelleyren Frankenstein nobela irakurri gabe, eta ondoren irakurtzen bada eleberria, estreinako aldi horretan erabat txundigarria da esperientzia. Kontakizuna oso bestelakoa baita Shelleyrenean. Haren modura, Grayren nobela ere ez da nobela konbentzionala: askotariko osagaiz eta askatasun erradikalez eraikitako kontakizuna da. Horri loturik, zenbait nobela garaikideri buruz askotan entzuten da ez direla nobelak berez: «Hau ez da nobela bat!», dio kritikariak. Antza denez, esate baterako, gure testuinguru garaikidean Rachel Cusken hari narratibo paraleloek ez dute nobela bat osatzen. Ordea, zehaztu egin beharko litzateke, eta esan ez dutela nobela konbentzional bat eraikitzen. Ez dutela eraikitzen nobela bat errealista edota psikologikoa, edota gustu zehatz bati egokitzen zaion nobela bat. Dena dela, nobelaren –generoaren– hastapenetara joaten bagara, hots, Mary Shelleyren garaira, nabaria da nobelak orduan eskaintzen zuen askatasuna. Hain zuzen, antzeko irudimen ariketa dugu Poor Things eleberrian, non lege dokumentuak, testu historikoak, eskuizkribuak eta eskutitzak erabiltzen diren. Hastapen horietan, nobela ez da genero kentzailea, gehitzailea baizik. Shelleyren munstroa, Bella Baxter bezala, medikuntzak sortu du, baina bi lanen arteko antzekotasuna ez datza soilik esperimentuan; antza duten forman ere.

Grayren nobelak hiru protagonista ditu: Godwin Baxter, Bella Baxter eta Archibald McCandless. Hirukote umezurtza da: bakoitza etxerako bidea aurkitu nahian dabil, Hans Christian Andersenen pertsonaiak bezala. Godwin Baxterrek sortzen du Bella Baxter. God –jainkoa– da haren izenaren aurreneko zatia, baina, izatekotan, jainko herrena da, aitak munstro gisa sortu baitzuen. McCandless haren adiskide eta kolaboratzailea da. Bella Baxter esperimentu zientifiko gisa sortu zuen Godwinek hasiera batean, eta, garatu ahala, autonomia eskuratuko du. Mary Shelleyren nobela Prometeoren mitoan oinarritzen den bezala, Poor Things nobelan ere emakumezko batek sua lapurtuko du.

Nobelaren egitura aurkitutako eskuizkribuarena da, Edgar Allan Poeren Botila batean aurkitutako eskuizkribua (1833) bezalakoa. Alisdair Grayk bere burua testu horren editore gisa aurkezten du, eta nobelaren idazle gisa, berriz, Archibald McCandlessek. Bellaren eskutitz bat dugu eranskin, eskuizkribuan dauden akatsak eta estilo «literarioegia» kritikatuz. Azken hitza Bellarena da. Nobelak zalantzan jartzen du nobelaren egia, eta horrek ederki islatzen du medikuntzaren eta erlijioaren arteko gatazka. Kontuan hartu behar baita Eskoziaren garapenean medikuntzak izandako garrantzia.

Eider Rodriguezek esan zuenez, gizonezko idazleek beren gizontasun akastunetik idatzitako lanen falta sumatzen du euskal literaturan. Hain justu ere, horixe da Grayk nobela konplexu honetan egiten duena: gizontasun akastunetik ari da.

Gainerako pertsonaiak bigarren mailakoak dira: Duncan Wedderburn –ehiztari ehizatua–, General Sir Aubrey –senar ohia–, eta Europan barna Bellak ezagutzen dituen pertsonaiak. Gizonezkoen bidez patriarkatuen miseria guztiak astintzen dira; esate baterako, emakumezkoaren desira kontrolatu nahia, etxekoandre izatea jabego kontratu gisa, emakumezkoen infantilizazioa eta haien patologizazioa.

Hasiera batean, Bella Baxterren garuna haur baten modukoa da. Nobelak bikain erakusten du fase hori. Eta, egoerak muturrekoa badirudi ere, gure iruditerian arakatu besterik ez dugu ikusteko Norma Jeanek sortutako izar Marilyn Monroeren antzekoa dela. Hau da: emakume eder baten gorputz bat, garun xalo batekin bateratua. 1950eko hamarkadan hori izan zen emakumezko ideala. Halere, Bellaren garuna garatzen doan heinean, eredu desberdinak ezagutzen eta baztertzen ditu, eta berarentzat berdintasuna eta justizia soziala defendatzen duen eredua hautatzen du azkenean.

Eta filma ez da nobela

Gidoilari batek erabateko askatasuna du nobela bat egokitzeko garaian. Tripak ateratzen dizkio kontakizunari, eta soilik komeni zaiona lapurtzen du. Nobela berritzaileek ia beti galtzen dute egokitzapenetan. Lehenik eta behin, Glasgowtik Londresera aldatzen da. Eta Glasgow gabeko Alisdair Gray Dublin gabeko James Joyce irudikatzearen modukoa da. Bigarrenik, filmak ezabatu egiten du Grayren irudimen bisuala, eta, haren ordez, efektu digitalen ikus-entzunezkoa dugu. Hala ere, Grayzaleek alderdi positiboak ere azpimarratzen dituzte. Batik bat, hau: Grayren lana altxor baten gisa ikusten da Eskozian, baina Eskoziatik at ez da hain ezaguna, eta litekeena da filma ikusiko dutenen portzentaje batek nobela irakurtzea gero.

Azkenik, nabarmentzekoa da filmak nola harrotu dituen hautsak feminismoari loturikoengatik. Nobela, aldiz, argiki da aldarrikatzailea eta feminista. Eider Rodriguezek Bidebarrieta kulturgunean gizonezko idazleei buruz esandakoa oso egokia da Poor Things nobela irakurtzeko garaian. Rodriguezek esan zuenez, gizonezko idazleek beren gizontasun akastunetik idatzitako lanen falta sumatzen du euskal literaturan. Hain justu ere, horixe da Grayk nobela konplexu honetan egiten duena: gizontasun akastunetik ari da, ahoan bilorik gabe, eta kontatzen duenak atea irekitzen dio emakume libre bati.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.