Musika

Pomme: urtaro guztietarako folk baladak

Pomme artista frantsesak urtaroei buruzko lan kontzeptuala jaso du 'Saisons' albumean. Hilabete bakoitzeko kantu bat ondu du, baita ikus-entzunezko pieza bana ere. Doinu akustikoei eutsi die abestietan, baina musika klasikoari emandako tokia nabarmena da.

Claire Pommet 'Pomme' artista, 2024ko irudi batean. LAWRENCE FAFARD
Claire Pommet 'Pomme' artista, 2024ko irudi batean. LAWRENCE FAFARD
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko apirilaren 20a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Hilabete bakoitzari kantu bana eman dio Claire Pommet Pomme artistak (Lyon, Frantzia, 1996) bere laugarren album luzean. Saisons du izena —frantsesez, urtaroak esan nahi du—, eta, hain zuzen, udaberrirako, udarako, udazkenerako eta negurako soinu banda bana biltzen duen diskoa izan du azken emaitza, disko guztiz kontzeptual bat. Izan ere, eman ere lau bilgarri bereizitan eman ditu hamabi kantak Pommek, urtaro bakoitzak iradokitzen eta sentiarazten dionari erreparatuta horretarako. Hala, kantatu die loreei, bai eta Pertseidei ere. Doinua jarri dio hosto zimelduen «magiari», eta «Eguberri gutunak» idatzi ditu. Haiei guztiei buruzkoak propio jaso ditu abestietan artistak, hitzez hitz, baina, horrez gainera, lerro artean gogoeta bat helarazi die entzuleei: abiada apaltzearekin eta inguruari begiratzearekin du ikustekoa. Halako pausa baten aldeko aldarria baita Saisons. Kontenplazio ekintza baten fruitua.

Orain hamar urte argitaratu zuen lehenbiziko kantua Pommek, 2015eko ekainean, 18 urterekin: J'suis pas dupe. Eta, hurrengo urtean, En cavale izeneko EPan jaso zuen abesti hori, beste lau piezarekin batera. Sorta horrekin, kritikaren eta entzuleen babesa ziztuan jaso zuen artistak, baina 2017an kaleratutako À peu près album luzeak eman zion sona batez ere. Chanson française-aren ordezkari berri gisara ere aurkeztu zuten askok orduan. Batik bat, ordura arte kaleratutako abesti guztietan erakutsi zuen «magnetikotasuna» goraipatu zioten, baita doinu akustikoak bere kantaera sentsibilitatez betearekin uztartzeko abilezia ere.

Musikaren bideari lotu zitzaionetik, aire malenkoniatsuko folk doinuetan aritu da igerian Pomme —horren erakusgarri dira 2019ko les failles eta 2022ko consolation diskoak ere—. Hitz intimistak izan dira nagusi bere obran, metafora askokoak, eta sakon mintzatu da, besteak beste, maitasunaz, maitasunik ezaz, askotariko absentziez, memoriaz eta detaile txikien edertasunaz.

Ikusi gehiago

«Folk kantu tristeak dira», esan izan ditu Pommek berak bere urteotako abestiez. «Jokamolde antzekoa izaten nuen beti, oso atsegina zitzaidalako: landa aldera joan, bertan folk kantu tristeak idatzi, gero estudiora joan, guztia zuzenean eta musikariekin grabatu...», aitortu zuen, esaterako, 2024an Mexikora joatekoa zelarik emandako elkarrizketa batean. Eta, hain justu, argigarria da aldi horretan ahoskatutako aditzei erreparatzea, ez baitzituen ausaz jokatu iraganean. Urteetan ibilitako bideak «ezagunegiak» zituelakoan, hurrengo diskorako «diferente» aritzea erabaki zuen Pommek. «Horregatik da Saisons diferentea eta berezia niretzat».

Pausa eta orkestra

Gakoetako bat rolez aldatzea izan dela iradoki du Pomme. Esplikatu duenez, asmoa izan da disko honetan bera ez izatea «pertsonaia nagusia», baizik eta «ikusle» bihurtzea. Eta, zeren ikusle izan, horra beste giltzarrietako bat: inguruari eta batez ere naturari begiratzeko astia hartu du oraingoan.

Hain justu ere, «astia hartzeak» daukan garrantzia azpimarratu du artistak azkenaldian. Urteetan batetik bestera lasterka eta inon deusetarako pausatu gabe egon izanak irakatsi dio hori, dioenez. «Guztiz deskonektatua egon nintzen, guztiz antinatura den eta sinesten dudan guztiaren kontra egiten duen bizimolde batean sartua. Nire aspirazioa beti izan baita zoriontsu izatea inori demostratu beharrik gabe etengabe ari naizela gauzak egiten edo erakutsi beharrik gabe gauza asko produzitzen ditudalako existitzen naizela ni». Eta, hara non, aitortza kate horretan, disko berriaren zentzua biltzen duen esaldia ere ematen du Pommek: «Garai batean, urtaroak heltzen eta joaten zirela ere ez nintzen ohartzen».

«Guztiz deskonektatua egon nintzen, guztiz antinatura den eta sinesten dudan guztiaren kontra egiten duen bizimolde batean sartua. Nire aspirazioa beti izan baita zoriontsu izatea inori demostratu beharrik gabe etengabe ari naizela gauzak egiten»CLAIRE POMMET 'POMME' Musikaria

Urtaroei buruz aritzeko, doinu akustikoei eutsi bai, baina batez ere musika klasikoa izan du bidelagun kantariak: huts-hutsean instrumentalak eta orkestra batek interpretatuak diren tarte luzeak dira hainbat kantatan. «Haren lirikotasuna eta intentsitatea bereziki interesatzen zitzaizkidan lan honetarako», argudiatu du. Erronka handia izan dela ere onartu du, halere. Formakuntza klasikoa jasotakoa baita —biolontxeloa eta harpa ere jotzen ditu, besteak beste—, baina aitortua du kosta egiten zaiola genero horretako lanak konposatzea. Laguntzarekin jardutea erabaki du, horregatik. Kantuen arabera, musikari batzuekin edo besteekin.

Udaberriko eta udako hilabeteei eskainitako abestietarako —martxotik irailera artekoetarako—,  Malvina konpositorearekin aritu da. Udazkeneko kantuak Flavien Berger musikari eta ekoizlearekin egin ditu, eta negukoak Aaron Dessnerekin. Guztira hamabi kantu izanagatik ere, lau bloke balira bezala konposatu dituzte hasi eta buka. Eta, hain da horrela, ezen «urtaro bereko» kantuak elkarren segidan adituz gero kasik ezin den antzeman noiz bukatzen den bata eta noiz hasten hurrengoa.

Argitaratu ere, hirunaka argitaratu ditu abestiak. Eta, sorta bakoitza kaleratzearekin batera, «film» bana ere sareratu du —aktore ere bada Pomme—. Ikus-entzunezko horien bitartez, soilik kantuen hitzekin interpretatzen zailagoak diren hainbat gai mahai gaineratu ditu; hala nola presio estetikoak eragindako zama —_mar le temps des fleurs kantuan— eta haurtzarora begiratzeak eraginiko zirrara —_jun perseides izenekoan—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.