Politikan eragiteko

Ipar Euskal Herriko elkargo bakarra eginen balitz, hark euskal kultura eskumenen artean ukan dezan proposamena lantzen ari dira; panorama berrian ez da EKE aipatzen.

Jean-Claude Iriart sindikatuko presidentea eta Mikel Erramuzpe Euskal Kultur Erakundeko presidentea. IÑAKI ETXELEKU.
Nora Arbelbide Lete.
Uztaritze
2015eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Euskal kulturaren eskumena bere gain hartu beharko lukeela elkargo bakarrak. Eskaera hori ari da lantzen Euskal Kulturaren Aldeko Herrien Arteko Sindikatua.

Ipar Euskal Herriko elkargo bakarra eginen balitz, bera antola dadin beha egoteko ordez, sindikatuak nahi du aldez aurretik hasi lanean. Euskal Kultur Erakundearekin (EKE) batera astelehen gauean partekatu zuen gogoeta Uztaritzen, lan txosten bat oinarri gisa erabiliz. Kideen iritziak biltzea zen xedea, pare bat astera behin betiko dokumentu bat aurkezteko gisan.

Ideia hautetsiengan zuzenki eragitea baita. Haiek baitute elkargoaren alde ala aurka bozkatuko. Eta baita elkargoaren eskumenak adostuko. Jakinez sindikatuko kide direla hautetsi berak. Eta jakinez sindikatua desagertuko litzatekeela. Desagertu aitzin, hautetsiek azken hitza eman aitzin, kulturaren eskumena bere gain har dezan, eta baita euskal kulturarena ere, horretaz konbentzitu nahi ditu sindikatuak. Euskal kulturaren eskumena «araudietan agertzea ofizialki biziki inportantea da», sindikatuko presidente den Jean-Claude Iriarten ustez: «Gaur egun herri guziek dute juridikoki kulturaren eskumena. Baina errealitatean, ez dute ardura horren obratzeko aukerarik. Elkargo mailan eginen dela ez bada finkatzen, hor hutsune handi bat geldituko da». Aldiz, behin araudietan idatzia bada euskal kulturaren eskumenarena,—euskal horrekin—, «bere eginbideetan izango da politika baten finkatzea. Horrek dena aldatzen du. Izanen da instituzio bat zeinen eginbideetan behartua izanen baita zerbaiten egitera», beti Iriarten hitzetan. «Zerbait» hori zer izanen ote den ez dela argi aitortu arren: «Beharbada ez da gauza handirik izanen, beharbada anbizio handikoa izanen da. Hori hautetsien esku izanen da».

Zehazki nola antolatuko den ezin dute arras aitzinetik zehaztu. Zer eta nola eginen den. Izan daiteke zerbitzu orokor bat, edo kanpoko agentzia bat. Lan txostenean aipatzen dena dutena da, gaitasuna eta ingeniaritza indar bat, egungo herri arteko elkargo eta EKEren baliabideak mutualizatuko dituena. Aipatzen du finantzamendu dispositiboen sinplifikatzea ere, mutualizatuz. Euskal kulturaren ondoan, ikuskizun bizia eta arte zein kultur hezkuntzako politikaren zehaztea eta gauzatzea ere proposatzen ditu sindikatuak. Horrez gain, gaur egun EKEren barruan diren elkarteak Garapen Kontseilu berrantolatu batean ikusten ditu sindikatuak. Eta ororen buru, nahiz eta ez argiki idatzi, EKE desagertzen dela uler daiteke. Panorama berrian ez dute aipatzen. Horri buruz arrangurak agertu ziren bilkuran. Elkarteek eragina galtzeaz ere kezkak agertu zituzten batzuek. Beste batzuek, ordea, proposatu zuten agian elkarteek aholku batzorde bat osatzea. Juridikoki aztertuz, ea nola ukan lezakeen eragin zuzena elkargoarekiko.

EKE elkarte gisa antolatua denez, gaur egun «ez du gaitasunik politika publiko baten egiteko», gogoratu nahi izan zuen Iriartek: «Bere funtzioa mugatua du, berez. Orain garen bezala segitzen badugu, ez du sekula politika publiko baten eskumenik izanen». Aldiz, Frantziako Estatuak, Akitaniak eta Pirinio Atlantikoko departamenduak eta hamar herri elkargoek badute politika publiko baten eramateko posibilitatea. Baina euskal kultura behar delarik aipatu, batzuetan «diote ez dela beren eginbideetan sartua, EKE hor da horretarako. Eta ororen buru engainatuak gara», damutu zen Iriart. Elkargo bakarrak eskumen hori hartuz, «motor» bilaka daitekeela zeritzon Iriartek: «Euskal kulturaren aldeko urrats eta politika guztietan». Elkargo bakarra,«pario» baten gisa aurkeztu zuen Mikel Erramuzpe EKEko presidenteak ere: «Instituzionalki ez dugu pasatzera uzten ahal orain dugun aukera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.