Politeismo bastarta (Susa) zer den azaltzea izan du lehen erronka Leire Lopez Ziluaga editoreak. Haren ustez, zaila da liburua sailkatzea, baina, definitzekotan, «ezohiko» nobela gisa definitu du, «genero horrek daukalako malgutasunik handiena beste genero batzuen ezaugarriak barnebiltzeko». Ohar bat ere egin du horren harira: «Esentzialismo estrategikoa da liburu honi nobela deitzea? Agian bai, eta horrela keinu bat egiten diogu liburuan ere ageri den Gayatri Spivak literatur teorialariari».
Hain zuzen, hibridatze handia du Goikoetxearen nobelak. Badu, besteak beste, kronikatik, aurtengo Fira Literal azokan Bartzelonan Angela Davis ekintzaile feminista estatubatuarrarekin emandako lau egunen nondik norakoak kontatzen baititu.
«Esentzialismo estrategikoa da liburu honi nobela deitzea? Agian bai, eta horrela keinu bat egiten diogu liburuan ere ageri den Gayatri Spivak literatur teorialariari»
LEIRE LOPEZ ZILUAGASusako editorea
Eta badu saiakeratik ere, Goikoetxearen pentsamendu filosofikoa zabaltzen delako orririk orri, baita «kosmobisio oso baten kontrako kritika ere», egileak esan duenez. Horrez gain, Fira Literaleko elkarrizketa eta hitzaldi zatiak ere jaso ditu liburuan, bai eta azokatik hotelera bidean izandako solasak, otorduetako eta taberna-zuloetako berriketak edota Davisen ekitaldi ofizialik ere —besteak beste, Pompeu Fabra Unibertsitatean honoris causa titulua jaso zuenekoa eta Generalitateko hautetsiekin egindako bilera—.
Zehaztu egin du Lopez Ziluagak: «Ez da lau egun gogoangarri pertsona ospetsu batekin motako liburu bat, baizik eta lau egun Jule Goikoetxearen buruan, Angela Davisen bizkartzain lanetan dabilen bitartean». Izan ere, egun horiek politikaz eta feminismoaz pentsatzeko baliatzen ditu Goikoetxeak; patriarkatuak, kapitalismoak edo kolonialismoak egunerokoa nola baldintzatzen duten aztertzeko aitzakia ere badira. Hortaz, buru jakin bati otu zaizkion edo otu ahal izan zaizkion pentsamendu iragaziak dakartza liburuak, ez beti eta nahi eta nahi ez errealak. Horren gaineko abisuarekin egingo du topo irakurleak, lehen orrialdeetan: «Egitate erreal eta irrealetan oinarritua, merkatu askea eta kontratu soziala bezala».
«Ez da 'lau egun gogoangarri pertsona ospetsu batekin' motako liburu bat, baizik eta lau egun Jule Goikoetxearen buruan, Angela Davisen bizkartzain lanetan dabilen bitartean»LEIRE LOPEZ ZILUAGASusako editorea
Egunek atal bana
Egunez eguneko egitura du liburuak. Lehenean (2024ko maiatzaren 24a), Sara Ahmed filosofoaren hitzaldian oinarrituta, identitate politikak versus politika materialak dikotomiaren kritika jorratu du Goikoetxeak. Gainera, «borroka etengabea» dela erakutsi nahi izan du, Davisen 80 urteak kontuan hartuta. Bigarren egunean (2024ko maiatzaren 25a) kolonialismo ilustratuaren kontrako kritika egin du, Vandiana Shiva ekofeminismoaren ikono eta idazle indiarrak Firan emandako hitzaldian azken 500 urteak laburbildu zituela aprobetxatuz.
Hirugarren atalak (2024ko maiatzaren 26a) Pompeu Fabra Unibertsitatera darama irakurlea, Davisi honoris causa titulua eman zioten unera. Atal horrek luke nobela tradizionalaren antzik handiena. Eta laugarrenen atala (2024ko maiatzaren 27a) «ingelesei, europarrei eta estatu feministari buruzko txisteek» osatu dute, Goikoetxearen hitzetan. Azpimarratzekoa da umorearen erabilera liburu osoan barrena.
Pertsonaia mordoa
Angela Davis, Sarah Ahmed, Vandana Shiva, hoteleko langileak, politikariak, kazetariak, unibertsitateko ikasleak, castratiak... makina bat dira liburuan ageri diren pertsonaiak. Goikoetxea: «Euri tantak gara hasieran, eta amaieran, itsaso zabal bat, lurralde berri oso bat, bere olatu, zeru, zuhaitz eta organismo biziekin; kosmobisio berri bat da, iruditeria kolektibo eta autoantolatu bat, etorkizun berri bat sortzeko ahalmena duena». Ildo horretatik, jainkosaz bete du liburua: Davis Etorkizunaren jainkosa da, Shiva Bizitzarena, eta hoteleko langile Ana Maria eta Mariña, Errealitatearen jainkosak. «Era horretan, bizitzaren dimentsio zientifiko eta filosofikoak uztar ditzaket komunak eta ipurdiak musu truk garbitzearekin», azaldu du egileak.
«Kosmobisio berri bat da, iruditeria kolektibo eta autoantolatu bat, etorkizun berri bat sortzeko ahalmena duena»
JULE GOIKOETXEAIdazlea
Liburuaren estiloari begira, Lopez Ziluagak esan du «txorrotada handi bat balitz bezala» irakurtzen dela liburua, gauza desberdin asko lotzen dituelako etengabe, estilo biziz: «Paragrafo oso gutxi ditu, eta ideia ideiari batzen zaio, eta gero hurrengoa dator, eta gero zerbait gertatzen da, eta gertatzen den horri buruz zerbait pentsatzen du, edo barre egiten du bere baitarako, eta abar».
Beste bi ardatz ere nabarmendu ditu Susako editoreak. Batetik, bizinahia: «Hainbat aldiz aipatzen da liburuan, eta liburuaren tonua ere zeharkatzen du gogo horrek, bizitzeko eta politika egiteko modu bihurtzeraino». Diziplina litzateke bigarrena: «Itxaropena diziplina bat dela irakur daiteke liburuan. Eta esaldi hori liburuan bertan jartzen du praktikan».
Azalpenak azalpen, esaldi esanguratsu batek laburbil lezake liburuaren mamia. Hala dio narratzaileak amaieran, Angela Davis agurtzerakoan: «Zeren eta hemendik aurrera ni ere anizkoitza eta nahaspila bainaiz». Finean, aniztasun eta nahaspila izatearen erakusgarri delako liburua, editorearen hitzetan.