Idoia Uranga

«Polita iruditzen zait jendeak oraindik Beatriz deitzea»

ETB1eko 'Go!azen' telesaileko aktoreen zuzendari lanak egiten ari da azken urteetan Idoia Uranga, baita Segurako antzerki talde bat zuzentzen ere. 'Goenkale' telesailean egin zen ezagun, Beatrizen rolean.

jarraia232325.jpg
2023ko irailaren 1a
12:39
Entzun

ETB1eko Goenkale telesailean egin zen ezagun Idoia Uranga (Azkoitia, 1972). Telesail haren ibilbidea amaitu zenetik urteak igaro diren arren, gaur egun ere telebistaren munduari hertsiki lotua jarraitzen du Arraldeko Beatriz izan zenak. Hainbat produkziotan jardun ostean, azken urteetan ETB1eko Go!azen telesaileko aktoreen zuzendari lana egiten ari da Uranga.

Aktoreek eta antzerkiaren munduan ibiltzen direnek, oro har, saltseroak izateko fama dute. Nolakoa zinen zu umetan? Eta noiz igo zinen lehenengoz oholtzara?

Ez dakit non sortua den aktoreak saltsero samarrak garela dioen esan hori; niri platerean datozen saltsak bakarrik gustatzen zaizkit… Jakin-minez beteriko neska alaia eta irribarretsua nintzen, une oro «zergatik?» galdetzen zuena. Lehen aldiz taula gainera antzeztera igo nintzenean, berriz, 19 bat urte izango nituen. Administrazio ikasketak egin nituen aurrena, eta arte dramatikoko unibertsitate titulua atera nuen gero. Ikasketak amaitu bezain pronto hasi nintzen aktore lanetan, Goenkale telesailean.

Zein da Goenkale-tik gordetzen duzun oroitzapenik onena?

Goenkale bihotzean daramat, baita bertako kide bakoitza ere. Garai oso ona eta aberasgarria izan zen niretzat, zentzu denetan.

Garai haietan, Beatriz edo Hankame zinen askorentzat. Oraindik ere Goenkale-ko Beatriz izango zara hainbatentzat…

Bai, gaur egun batek baino gehiagok deitzen dit Beatriz izenez. Ez dit axola horrek; alderantziz, polita iruditzen zait jendeak oraindik Beatriz deitzea.

Pertsonaia haren antzik ba al du egungo Idoia Urangak?

Batere ez. Une batean antzekoak izan ziren, baina orain, ez. Taberna batean lan egiten zuen gazte bat zen Beatriz, bihotzak agindutakoarekin aurrera egiten zuena. Idoia, berriz, bi seme-alabaren ama da, eta ardura asko ditu. Beatriz ez zen hazi Goenkale-n, eta ni hazi egin naiz. Etapa eta bizipen asko izan ditut; aldatu egin naiz. Horregatik dut besoan tatuaje hau: «Jarraitu zure bihotza, bidean ez galdu burua». Beatrizek zuen oldarkortasuna nuen lehen, baina kontrolatzen ikasi dut orain.

Nola bizi izan zenuen jendearentzat ezaguna izate hori?

Goenkale boom bat izan zen. Audientzia handia zuen, edozein tokitan ezagutzen gintuzten… Oso ondo barneratu nuen hori guztia, denek begi onez agurtzen ninduten eta. Gauza onak esaten zizkiguten, eta hori gustuko izaten genuen; festetara joandakoan, astakeriak ere entzuten genituen, baina gauza onei bakarrik kasu egiten nien nik. Lagunak nazkatu ere egiten nituen festara joan eta jarraitzaileekin sinaduretarako eta argazkietarako gelditzen hasten nintzenean.

Anekdotaren bat edo beste ere izango duzu…

Jose Cruz Gurrutxaga aktore azkoitiarrak Carlosen rola antzezten zuen Goenkale-n, eta denboraldi batean Beatrizen bikotekidea izan zen. Oso lagun onak ginen handik kanpo ere; pentsa, arte dramatikoko eskoletara elkarrekin joaten ginen. Hori horrela, emakume azkoitiar batek behin nire amari esan zion beste mutil batekin ikusi ninduela telebistan, eta kontuz ibiltzeko; garai hartan ezkontzekotan-edo izango nintzen. Ama harrituta gelditu zen, emakume hark errealitatea eta fikzioa nola nahastu zituen ikusita. Beste behin, Orioko plazaren alboko malda batean sekuentzia bat grabatzen ari ginela, lurrera erori nintzen. Oinetakoari takoia hautsi zitzaion, eta gizon baten gainera erori nintzen; eskerrak hari, bestela muturra hautsiko nuen eta!

Goenkale-ren falta sumatu al duzu inoiz?

Bai, noski. Arte dramatikoko titulua lortu, lanean hasi, eta dirua lortzen hasi nintzen Goenkale-n. Etapa zoragarria izan zen; gustuko nuena egiten nuen, eta jende ederrarekin, gainera. Aktore izateari utzi eta urte batzuetara, gainera, Goenkale-ko aktoreen zuzendari gisa aritzeko aukera izan nuen. Esan behar dut, era berean, Goenkale-tik igarotako aktore gehientsuenok Whatsapp talde bat dugula.Urtean behin bada ere, elkartu egiten gara.

Gaur egun, aktoreen zuzendaria zara Go!azen telesailean. Hamargarren denboraldia du saioak. Nola ikusten duzu barrutik?

Oso gogorra da Go!azen telesail musikalean lan egitea, egunero 11-12 orduz aritzen baikara lanean. Hala eta guztiz ere, denbora gutxi da hori, atal asko grabatu behar izaten ditugu eta. Dena den, makina bat ordu elkarrekin lanean aritzeak bigarren familia bat osatzea dakar, elkarri laguntzea eta elkar babestea.

Zer esango lioke gaur egungo Idoia Urangak oholtzara aurrenekoz igo zen Idoia Uranga hari?

Oholtzara igo aurretik komunera joateko, ez izateko ikusleen beldurrik, eta gozatzeko.

ETB1en fikziozko ekoizpen bakarrenetakoa da egun Go!azen. Zer iradokitzen dizu horrek?

Ez naiz gai erantzuteko zergatik ez diren egiten ETB1en gaur egun fikziozko proiektu gehiago. ETB ikus-entzunezkoen hedabide publikoa da, eta haren ekintza ildoa da jasotako diru laguntzen bidez euskaraz informatzea, entretenitzea, eta eduki eta formatu berrien bidez talentu sozial-profesionalen garapena sustatzea.

Eta zer bide jorratu beharko lirateke euskarazko ikus-entzunezkoak indartzeko?

Telebistaz gain, bestelako plataforma batzuk ere badaude egun. Dena den, irakurri dut plataforma horiek ere galtzen hasi direla, harpidetza moduak aldatu dituztelako. Plataforma horien aldean telebista beti galtzen ateratzen dela diote batzuek, eta, gainera, euskararekin mundua txiki gelditzen dela. Baina ez dakit hori aitzakia ez ote den. Ikus-entzuleok aukera asko ditugu egun, baina gauza erakargarriak sortu behar dira, jendeak gero aukera egin dezan. Kulturalki ere gauza garaikide ederrak egin daitezke; tamalez, horrelako gutxi ikusten ditut.

Goenkale edo Go!azen, zein aukeratuko zenuke?

Oso nostalgikoa naiz, eta Goenkale esango dut; horrenbeste urte pasatuta, oso idealizatuta daukat. Baina Go!azen asko maite dut, eta bertako kideak ere bai.

Hasiko al zinateke berriro Goenkale-ren moduko telesail batean aktore lanetan?

Bai, bi aldiz pentsatu gabe, gainera! Denbora asko daramat aktoreen atzean. Lehen, banuen nire ihesbidea [Azpeitiko] Lakrikun antzerki taldean, han antzeztu egiten nuen eta. Orain, ordea, ez; pandemiatik etenda dago haren jarduna. Go!azen-en azken denboraldian sekuentzia batean parte hartu nuen, eta dibertigarria izan zen.

Beste leku batean bada ere, antzerkiari eusten diozu, ezta?

Segurako Xirikara antzerki taldeko zuzendaria naiz. Mirari Martiarenak idatzitako antzezlan bat prestatzen ari gara orain; toka eta noka erabiltzen ditugu, hitanoa eguneratzeko, ezagutarazteko eta zabaltzeko asmoz.

Aspertu al zara inoiz zure lanaz?

Horrenbeste maite dudan aktore-zuzendari lanaz ezin naiz aspertu sekula. Urte zailak izan dira, eta beste lan batzuetan ere aritu naiz. Hor dago, esaterako, Beatriz pertsonaiarekiko dudan lotura: zerbitzariak gara biok!

Udal politikan ere aritu zinen. Zer oroitzapen dituzu?

Edonoren bizitzan dauka eskua sartuta politikak. Gaztetatik defendatu eta aldarrikatu izan ditut nire pentsamendu politikoak, eta beti erabili izan dut eskubide hori, era pertsonalean betiere. 2015-2019ko agintaldian Azkoitiko zinegotzia izan nintzen EH Bildurekin. Zalantzak izan nituen, asko hausnartu behar den kontua baita; niretzat, gainera, prestatu egin behar da horretarako. Kultur zinegotzia izateko aukera eskaini zidaten, eta nire eremua zela ikusita onartu nuen, herriaren alde kulturalki zerbait egin nezakeelakoan. Asko ikasi eta irakurri behar izan nuen, bilerak eta ikastaroak egin… Udaletik kanpo ere lanean jarraitu nuen, eta, zintzoa izanda, handi gelditu zitzaidan udal jarduera; borondatea izan arren, denbora gutxi izan nuen. Esperientzia ona bezain gogorra izan zen, eta udalaren funtzionamenduko zenbait gauza ez zitzaizkidan gustatu; eskarmentatu nintzen horrekin.

Azkoitiarra izan arren, tarteka Azpeitiko euskalkian diharduzu.

Sarritan galdetu izan didate Azpeitiko euskalkia nondik ote datorkidan. Aita —goian bego—, Nicolas Uranga, azkoitiarra zen, eta ama, Marisa Salegi, azpeitiarra. Lagun on asko ere azpeitiarrak ditut… Euskalki guzti-guztiak maite eta babesten ditut, gure hizkuntzaren aberasgarri dira eta; are gehiago hitanoa.

Zer antzezlanetan parte hartu duzu gustu handienez?

Lakrikunen Greban gaude! antzezlana oso berezia izan zen, Lakrikunen aurrenekoa eta hiru emakumek sortua izan baitzen. Burutik eta bihotzetik ateratako komedia bat izan zen, geure buruaz barre egiteko. Asko gozatu nuen. Urte askoan antzeztu genuen, eta bidean haurdun ere gelditu nintzen. Dena den, antzezten jarraitu nuen. Jendearen gustukoa izan zen, eta funtzionatu egin zuen.

Etorkizunean ezer berririk probatzeko asmorik ba al duzu?

Arlo gehientsuenak ukitu ditut dagoeneko, baina zinemagintza gelditzen zait probatzeko. Asko joaten naiz zinemara, eta gustura egingo nuke proba arlo horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.