Talde berria da Lepora, nahiz eta eskarmentu handiko musikariez osatua egon. Gorka Lazkano (baxua), Ibon Salterain (bateria), Txus Billalabeitia (gitarra) eta Mikel Salcedo Txusta (ahotsa) aurrez aritu diren taldeak zerrendatze hutsak bertigo pixka bat ere ematen du: Kashbad, Trumbo, Bronze, Tutan Come On, Same Old, Eh!, IONT... Espezialistak dira instrumentuei zukua ateratzen, eta trebezia hori agerikoa da Bonberenea Ekintzak zigiluarekin argitaratu berri duten lehen diskoan. Rockaren bueltan aritu izan dira betidanik, eta horretan jarraitu dute proiektu honetan ere, nahiz eta, klixeez harago, generoaren aberastasuna baliatzen ahalegindu diren.
Nola gurutzatu dira zuon lauron bideak? Nola sortu da Lepora?
Lehenagotik lagunak ginen, eta, gainera, Gasteizen gauza bitxi bat gertatzen da: besteengandik pixka bat aparte gaudenez, endogamia handia dago musika taldeen artean. Askotan nahasten gara talde batekoak eta bestekoak. Besterik gabe, jotzeko gogoak eta laguntasunak elkartu gaitu. Elkarri aukera proposatu eta aurrera egin genuen.
Gasteizen, talde dezente zaudete rocka lantzen, eta mugimendua ere sumatzen da.
Horren isla ere bada hemen dugun areto kopurua. Ez dago oso-oso areto handirik, baina jo ahal izateko toki asko dago. Helldorado, Jimmy Jazz eta Kubiken gisako aretoak daude, eta badago programazio jarraitua duen tabernarik ere. Egia esan, bertako taldeontzat luxu bat da, eta ikusleek ere kanpotik datozen taldeak ikusteko aukera izaten dute. Nahiko rockzalea izan da beti Gasteiz. Punka, rocka... asko entzun dira hemen. Euskal Herrian orokorrean, nik uste; baina bai, Gasteiz ere potentea da. Egia da, dena dela, kontzertuetan horren gazteak ez garenok elkartzen garela askotan, baina nik uste dut fenomeno orokorra dela. Hala ere, talde gazteak ere badaude, e?
Rockaz arituta, Leporako kide guztiok ibilbide oparoa egin duzue estilo horren molde ezberdinak jorratzen. Erraza izan al da denon artean ikuspegi bateratu bat sortzea?
Bai; gainera, polita izaten da etxe ezberdinetako jendea elkartu eta nahasketa berri bat nola sortzen den ikustea. Gure kasuan ere horrela izan da: batzuk hardcoretik edo rocketik gatoz, metaletik edo stonerretik besteak... Ezer probokatu gabe eta besterik gabe jotzen hasterakoan hori guztia irabiatu eta zer sortzen den ikustea ederra da. Guri hau atera zaigu. Konposatzeko prozesua nahiko azkarra izan da: abestiek ere ez dute buelta berezirik; uste dut nahiko zuzenak direla. Nik uste dut nahasketa hori guztia nabari dela atera zaigunean.
Bakoitzaren eragin horiek uztartzeko metodo bat topatu duzue, beraz.
Bai, normalean lokalean bateria eta baxu oinarri bat sortzen dugu; gainetik gitarra hasten da dantzan, eta gero ahotsarena izaten da sartzen dugun azken geruza. Zortzi abesti hauetan behintzat, ahotsa izan da azkeneko atala. Gitarra riff batetik ere hasi gara sortzen noizbait; ideia txiki batetik abiatuta, denon artean osatzen ditugu kantuak, nahiko modu azkarrean.
Ahotsa aberatsa da: xuxurlatzeari utzi, eta oihukatzen hasten da da segundo gutxian.
Txustak sekulako erraztasuna dauka horretarako. Bera metal erregistroetan aritzetik dator, IONT taldean abesten baitu, eta berak ere esaten zuen musika mota honetan ez zuela kantaera heavya erabili nahi. Baina melodia bai erabili nahi zuen, eta uste dut oreka polita lortu duela. Nahiko erraz egin du; gainera, erraztasun handia dauka melodiak sortzeko.
Letrak ere berak egin ditu?
Bai, bat edo beste besteok moldatu dugu, baina, batez ere, berak egiten ditu. Letrek gai sozialak lantzen dituzte, orokorrean. Denetarik atera da: immigrazioa, faxismoaren gorakada, gaur egungo gizarteko bizimodua...
Karlos Osinagarekin grabatu zenuten diskoa, eta orain arteko zuzeneko bakarra ere Lisabörekin batera egin zenuten, Gasteizko gaztetxean antolaturiko Muinoko Hotsak zikloaren barruan.
Bakarra izan da, bai. Maiatzerako bagenuen pare bat kontzertu lotuta, baina, egoerak hala behartuta, bertan behera geratu dira. Otsaileko hura egin genuen gutxienez, eta badakigu zer den zuzenean taldea martxan jartzea behintzat.
Eta orain, zein da panorama?
Uztailean egingo dugu saiakera bat, Gasteizko Baratza aretoan. Arte eszenikoetarako erabiltzen da batik bat, eta edukiera txikia dauka. Guk badugu abantaila hori: talde txikia garenez,tokia mugatzeak ez digu horrenbeste eragiten. Doblete moduko bat egingo dugu: 40 minutuko bi emanaldi eskainiko ditugu bi egunetan. Aretoak 80 pertsonako edukiera duenez, eta erdira murriztuko dugunez, saio bakoitzean 40 pertsona sartzea da helburua. Ea nola ateratzen den; ikusteko dago. Eserita egin beharko da, musukoekin... Ez dakigu nola izango den. Orain gutxi agertu dira zuzeneko musikaren hainbat ordezkari protokoloak eskatzen. Egoerak ez digu horrenbeste eragiten, halere; kezka iturri handiagoa da areto handientzat, talde koskorrentzat... Txikia izateak oraingoan badu abantailarik.
Era berean, ahanzturara kondena zaitzakete halako geldialdi batek. Azkenerako, etenaldiak gehiago iraun izan balu, zuen diskoak nobedadea izateari uzteko arriskua izango luke, eta berriagoek izango lukete oihartzun gehiago. Beldur hori izan duzue?
Horren kontziente izan gara, baina ez dugu beldurrik izan. Galtzeko ezer gutxi daukagu, eta, diskoa erdi hilda geratuko balitz, abesti gehiago egin eta lauzpabost abestiko lan berri bat urte bukaerarako argitaratzea pentsatzen hasiak ginen. Ilusioa pixka bat piztuta mantentzeko. Talde handiagoentzat, kolpea handiagoa izango da agian. Guretzat hau zaletasun bat da, eta nahiko lasai gaude. Guk grabatu egin nahi dugu, kontzertutxo batzuk eman, eta ondo pasatu. Ez dugu pretentsio handirik.
Gorka Lazkano. Lepora taldeko kidea
«Polita da jendea elkartu eta nahasketa berri bat sortzen ikustea»
Urte luzez hardcore, stoner eta metal talde ezagunetan aritu diren lau musikarik osatu dute Lepora. Lehenengo diskoa kaleratu berri dute, estilo horiek guztiak bai, baina batez ere rock doinuak biltzen dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu