Polemikatik ihesi, errespetua

Eskultoreak eta arte adituak bat datoz: eskultura publikoen inguruan maizegi sortzen diren polemikak saihesteko, agente guztien arteko errespetua eta akordioak behar dira: erakundeak, artistak eta herritarrak.

Polemika iturri bihurtu den Andres Nagelen eskultura jatorrizko kokalekuan, Zornotzako biribilgune batean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
2013ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Aldiro-aldiro polemika iturri izan ohi dira eskultura publikoak, eta auzi eta epaiketetarako gaia ere ez gutxitan. Horrenbestez, eskultura publikoak sarriago bihurtzen dira beste arlo batzuetako gaien inguruko eztabaidetarako estakuru, arteari buruzko gogoetaren sustatzaile baino. Artisten aldetik aspaldikoa da beren lanaren inguruko errespetu faltaren inguruko arrangura. Kontzienteak dira, haatik, beraiek ere errespetuz jokatu behar dutela, ezin dutela eskultura publikoa egin galeria batean erakutsiko dutena egiten duten modu berean, ingurua eta herritarrak aintzat hartuta baizik.

Andres Nagel eta Zornotzako Udalaren arteko auzia izan da eskultura publikoa polemikarekin uztartu duen azken adibidea. Auzi korapilatsu baten ondoren, epaileak ebatzi zuen ezin ziola eragotzi Zornotzako Udalari Nagelen eskultura —Patata izenez ezagutzen dena— lekuz aldatzea, nahiz eta artistari eskultura leku berean mantentzeko «eskubide morala» aitortu. Zornotzako Udalari eskultura lekuz aldatzeko bidea zabaltzen dion arren, ebazpen hori onetsi egin du artistak, «historikoa» dela esanez, «aurrera emandako pausoa», «komunitate artistiko osoaren aldeko jurisprudentzia» ezartzen duelako.

Eskulturarekin zehazki egiten dena baino gehiago, eskulturarekin jokatzeko modua da, funtsean, artistei axola zaiena kasu hauetan, Koldobika Jauregi eskultorearen ustez. «Eskulturak leku baterako egiten dira, eta gero leku horiek aldatu egin daitezke, are gehiago leku hori hiri baten barruan dagoenean. Artistak ezin du inposatu bere pieza beti jatorrizko lekuan gelditzea, horrek leku horretarako pentsatuta eta erabakita dauden aldaketak geldiarazten baldin baditu. Askotan, ordea, arazoa izaten da artistak sentitzen duela bere lana ez dela errespetatu, halako mesprezu bat sumatzen duela bere lanaren inguruan. Eskultura publiko desagertuak dauzkat nik, puskatuak, zaborretara botatakoak… Igualtsu zaie. Ez dute kontzientziarik».

Horregatik Jauregik, Nagelek bezala, onuragarritzat du Zornotzako eskulturaren kasuko ebazpena. «Horrelako sententziek behartzen dituzte udalak eta erakunde publikoak espabilatzera, edo behintzat kontuan hartzera artistaren eskubideak. Askotan hondatu izan dituzte artelanak inolako kezkarik izan gabe edo azalpenik eman gabe, eta honelako sententziak lagungarriak dira horrelakorik berriro ez gertatzeko. Guk ere, langile garenez eta zergak ordaintzen ditugunez, eskubide batzuk ditugu, eta gure lana eta gu tratatu behar gaituzte gure eskubideekin, ez gehiago eta ez gutxiago».

Harremanak, hasieratik

Dora Salazar eskultorearen ustez ere, oso ulergarria da eskultura bat lekuz aldatzea, ingurua aldatzen delarik. «Aldaketa urbanistiko batzuk egitea erabaki bada, aldaketa horiek ezin dira alde batera utzi eskultura bat bere jatorrizko lekuan uzteagatik». Baina auziak beste errealitate bat utzi duela agerian ohartarazi du Salazarrek: «Askotan eskultoreak ez gaituzte aintzat hartzen azken unera arte, eta horren ondorioz sortzen dira arazoak. Askotan leku bat nahiko itsusi utzi dutenean deitzen digute guri, ea pixka bat apaintzen dugun. Erakundeen, arkitektoen eta eskultoreen arteko harremanak lehenagotik hasi beharko luketela uste dut, eta eskultura jarriko den lekuan bizi den jendearekin ere aurretik hitz egitea komeni da».

Nagelen Zornotzako eskulturarenak beste kasu bat ekarri dio gogora Natalia Fernandez EHUko irakasle eta gaiaren inguruko ikerlariari: «Imanol Marrodanek, lehiaketa bat irabazi eta gero, Gasteizko Euskaltzaindia plazarako iturri itxurako eskultura bat diseinatu zuen, eta gero egilearen baimenik gabe Portal de Foronda kalera aldatu zuten, eta jatorrizko lekuak zituen erreferentziak eta eskulturarekiko loturak zeharo galdu ziren ondorioz».

Gisa horretako egoeretan erabakiak hartzea ez dela erraza dio Fernandezek, baina zeri begiratu behar zaion zehaztu du, eta bereziki zeri ez zaion begiratu behar: «Eskultura bat bere ingurua aintzat hartuta sortzen denean, berrikuntza urbanistikoak hartu beharreko arriskuak dira. Baina horrelakoetan obraren kokapena, aitortza eta komunitatearentzat duen identitate balioa hartu behar dira aintzat, ez artisten edo politikarien interes partikularrak».

Artistak ere ezin du jokatu eskultura publikoa egitean galeria baterako lan egiten duenean bezala, baditu betebehar gehigarriak, Salazarren ustez. «Galeriako eskultura bertara joaten denak ikusiko du, ikustea erabaki duelako, baina eskultura publikoa nahi ez duenari ere aurrean jartzen diozu. Eskultura publikoa egiterakoan, errespetu handiz jokatu behar da, eta komeni da bizilagunen iritzia, nortasuna eta beharrak aintzat hartzea, normalean hori gutxitan egiten bada ere».

«Garrantzitsuena akordioetara iristea da, eta herritarrek sinestea, herritarrak horren partaide sentitzea», Jauregiren ustez. «Askotan eskultura jartzen da farola bat jartzen den moduan: jartzen da eta inork ez du inolako esplikaziorik ematen, ez da egiten erakusketa bat eskulturari buruz, edo eskulturaren gaiaren eta kulturaren inguruan… Jarrera horiek aldatu egin beharko liratekeela uste dut».

Hartuko duen komunitatearekin ez ezik, eskultura publikoak hartuko duen inguru fisikoarekin ere harremana izatea komeni dela uste du Fernandezek. «Eskultura publikoak kokatuko den ingurutik sortu behar du, eta horretarako ezagutu, esperimentatu eta bizi egin behar da inguru hori. Nik uste dut espazio publiko urbanoan egindako eskultura ezin dela besterik gabe tailerrean bakartuta landu, ez dela nahikoa horrela egindakoa gero dagokion plaza, biribilgune edo parkera egokitzeko eskala aldatzea. Inguruarekiko hurbilpen bat behar du, inguru horretako bizilagunentzako funtzio adierazleak ekartzeko».

«Kontestualizazio modu bat» proiektu artistikoak hartzaile izango dituen komunitatearekin elkarlanean garatzea izan daitekeela dio Fernandezek. «Horrek obraren eraikuntzako alderdi batzuk egokitzeko aukera emango luke, eta balioko luke, baita ere, modu paraleloan, hezkuntza lan bat gauzatzeko».

Azken urteetako aldaketak

Eskultura publikoaren arloan azken urteetan izan diren aldaketa nagusiei erreparatuta, garai batean nagusitu ohi ziren «super-monumentuak» alde batera utzi eta beste joera batzuk nagusitzen ari direla nabarmendu du Salazarrek: «Orain badira zorutik altxatzen ez diren proiektuak, ikusleari ezarritako zerbait izan beharrean ikusleak deskubritu behar duen zerbait diren eskulturak eta horrelakoak».

Salazar oso gustura dago Donostian ezarri berri dituen bi eskulturekin, batez ere memoriaren gaia jorratzeko aukera eman diotelako: Clara de Campoamorrena Benta Berri auzoan eta Donostiaren berreraikuntzan parte hartzen ari den emakumearena Parte Zaharrean. «Ni ez-figuraziotik nator, eta duela urte batzuk ez niokeen zentzurik ikusiko horrelako lanei, baina orain ikuspuntua aldatu dut. Dena den, ez dut adierazi nahi hori denik aukera bakarra. Aukerak asko eta askotarikoak dira. Beti, hori bai, lekua eta herritarrak errespetatuz».

Azken urteetako aldaketei ikuspegi kritiko batez erreparatuta, komisarioaren figurak gehiegizko protagonismoa hartu duela uste du Jauregik, eta horrek beherakada handia ekarri diola eskultura publikoari. «Uste dut izena ondo jarria dutela. Bulgarian ezagutu nituen nik lehen komisario kulturalak, aspaldi, duela 30 urte, eta haien portaera hemengoek duten berbera zen. Badirudi artistak boterea zikindu egiten duela eta boterean daudenei ez zaiela gustatzen artistekin asko tratatzea; horregatik sortu eta indartu da komisarioaren figura. Komisario kultural horiek kultur gela eta areto asko kontrolatzen dituzte, eta haiek esaten dute zer den ona eta zer den txarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.