Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia

Polemikaren osteko hondarrak

Borja Kobeagaren 'Fe de etarras' estreinatu dute, ETAren komando bati buruzko komedia

Miren Ibarguren, Gorka Otxoa, Diego San Jose, Julian Lopez, Borja Kobeaga eta Javier Camara, atzo, Donostiako Kursaalean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
Donostia
2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Ironiaz eta umorez. Hala mintzatu da Fe de etarras pelikulako lantaldea Donostiako Zinemaldian eskainitako prentsaurrekoan. Belodromoan estreinatu dute, eta horixe izan da filma pantaila handian ikusteko modu bakarra, urriaren 12an estreinatuko baitute Netflixen —hori da ekoizlea—.

Polemikaz betea hasi du bidea Borja Kobeagaren pelikulak, estreinatu ere egin gabe: Donostiako erdigunean jarritako kartel batengatik salaketa jarri baitzuen Netflixen aurka Guardia Zibilen elkarte batek, terrorismoa goratzen zuela iritzita —artxibatu egin dute kasua—. Gorka Otxoa da aktoreetako bat, eta garrantzia kendu dio gaiari: «Ez genuen halako kartel bat espero, baina publizitatea egiteko era bat besterik ez da: pelikula ikusi duen jendeak esaten du ez duela zerikusirik egin zaizkion kritikekin, eta agerian geratu da ez zutela arrazoirik».

2010eko udan dago girotua pelikula. ETAren komando bat Espainiako zehaztu gabeko lurralde batean dago, pisu batean babestuta, dei baten zain. Horrek behar du izan ekintzara pasatzeko seinalea, baina badirudi ez dela heltzen. Aldi berean, Hegoafrikako munduko kopa ari da jokatzen, eta Espainiako banderaz josita dago komandoa dagoen hiria. Egoera «deserosoan» jarri nahi zituzten lau pertsonaiak: «Badirudi espainiartasun sentimendua Espainiako selekzioarekin egiten dela agerikoen, eta azken mendean eman den espainiartasunaren erasorik gorena Hegoafrikako kopa izan zen».

Ez dutela «propio» egin esan dute Kobeagak eta Diego San Jose gidoilariak. Pelikula Kataluniako galdeketaren bezperan estreinatzea, alegia. «Kasualitatez», aktualitatearen antz handia du 2010eko egoera hark, San Joseren arabera: «Munduko kopak eta aktualitateak bat egiten dute 'A por ellos' eta 'Soy español' aldarrietan». Hain justu, futbolean erabili ohi diren lelo horiek protagonismoa hartu dute azken egunetan, guardia zibilak Kataluniara bidaltzearen eta Netflixek jarritako kartel polemikoaren harira, hurrenez hurren.

«Porrot baten» istorioa kontatzen da, haien esanetan. «Terrorista bat txiste batera murriztea gizartearen garaipen bat da», nabarmendu du Kobeagak. Haren esanetan, «nazionalismoez» hitz egiten du pelikulak, Euskal Herrikoaz eta Espainiakoaz, eta, era berean, «fanatismoa» kritikatzen du, «lubakietan babestea» dela iritzita. Komedia triste bat dela ere esan du San Josek, umorez: «Galtzaileen herrialdea gara, eta guk disfrutatu egiten dugu gizartean gainezka egiten duen kraka horrekin».

Umorearen ertzak

ETAri buruzko komedia bat egitea «urratzailea» izan arren, «transgresioa» ez zen helburua. Kobeagaren esanetan, zerikusi handiagoa du «Historia H maiuskularekin» idaztearekin. «Gertuko gaiez komediak egiteak inspiratzen gaitu, ikusi eta bizi dugunaz: gure historia kontatzea da, azken batean».

Autozentsurarik egin ote duten galdetu diete, eta erantzuna ezezkoa izan da. Zentsurarik ere ez dutela jasan baieztatu, eta ekoizlearen figurak hori asko baldintzatzen duela nabarmendu du Kobeagak: «Zu ekoiztetxe batera joaten bazara ETAri buruzko komedia batekin edo komedia erromantiko batekin, bigarrena aukeratuko dute». Ekoizlea Netflix izatearen abantailetako bat gidoian «injerentziarik ez pairatzea» izan da; baina horrek, aldi berean, agerian uzten du «ekoiztetxe konbentzionalek» zinema politikoa ez egiteko duten joera.

Pelikulak «erresumina sortu» behar duela uste dute, eta umorearen ertzak ere izan dituzte hizpide. Sare sozialetan ehunka meme egiten dira egunero, eta adibide bat jarri dute: duela ez asko Estatu Islamikoko espainiar bati buruzkoak izugarrizko zabalpena izan zuen. Fe de etarras-ekin jasotako kritikez hitz egin du Javier Camara aktoreak, Twitter eta halako sare sozialetan «etengabeko bonbardaketa bat» gertatzen dela. «Umoreari mugarik jartzen ez dieten umoristak behar ditugu: halako jendea jende oso inteligentea izan ohi da, oso brillantea».

Pelikularen harreraz broma egin du Julian Lopez aktoreak: «Hurrengo urteko jaietako pregoia botatzeko hautatu naute herrian: ikusiko dugu zer gertatzen den pelikula ikusten dutenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.