Poeta zenaren bertsogile sena

Juan Mari Lekuonaren eskuizkribu argitaragabe bitako idatziak bildu dituzte 'Bertsoak' liburuan, Jon eta Paulo Kortazarren ediziopean. Poeta eta euskaltzale izan zenaren bertsozaletasuna jaso dute

Ezker-eskuin, Iosune Cousillas Oiartzungo kultura zinegotzia, Oihana Lekuona Juan Mari Lekuonaren iloba eta Jon Kortazar, lanaren arduradunetako bat. J.U. / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Heldu den abenduan hamalau urte beteko dira Juan Mari Lekuona Berasategi zendu zenetik (Oiartzun, Gipuzkoa, 1927-Donostia, 2005). Olerkaria, ahozko literaturan erreferentea, irakaslea, euskaltzalea eta euskaltzaina izan zen Lekuona, eta batik bat poeta modura nabarmendu zen, egile gisa. Baina, poemekin batera, bestelako testuak ere idatzi eta bildu zituen, eta ikerlarien eskuetan dauden eta gaur arte argitara atera gabe zeuden azkenak plazaratu ditu orain Pamielak, Bertsoak liburuan. EHUko irakasle eta euskaltzain Jon Kortazarrek eta haren seme Paulok —EHUko irakasle da hori ere— atondu dute edizioa, eta bietan lehenak azaldu du beharbada Lekuonaren lanik «apalena» dela hau, «baina ez horregatik arduragabea». Oiartzungo Udalak eta Kutxa Kultur Fundazioak babestu dute argitalpena, eta atzo Donostian egindako aurkezpenean izan ziren, Kortazarrekin batera, Iosune Cousillas Oiartzungo kultura zinegotzia, Oihana Lekuona Juan Mariren iloba eta Jose Angel Irigarai Pamielako editorea.

Lekuonaren bi eskuizkribu argitaragabetan bildutako testuak jaso dituzte liburuan. Izenak aurreratzen duenez, bertsoak dira gehienak, baina badira kantak eta olerkiak ere. Nere olerki eta kantak izenpetutako koadernoa izan da, hain justu, bi iturrietan lehena, 1965-1966 urteetan Erroman eta 1975-1976an Donostian idatzitakoak bitzen dituena. Bigarren eskuizkribua dietario bat izan da, Egutegia 1999 deitu zuena Lekuonak. Eta horretan bai, denak dira bertsoak. «Lekuonak ez zuen inoiz bere burua bertsolari modura definitzen; bera bertsogile bat zela esaten zuen».

Bertsolari ala bertsogile, bien arteko aldea, besteak beste, bertsoen lanketan antzematen da, Kortazarren arabera, bertso bakoitzeko bospasei bertsio desberdin egiten zituelako, bertsoa ontzat eman baino lehen. «Ez zen inprobisatzaile bat. Zentzu horretan zen bertsogile bat. Testuak landu eta landu eta landu egiten zituen. Ahapaldi biko bertso txiki bat egiteko ere bost edo sei modutara idazten zituen. Garbi ikusten da zer-nolako arduraz egiten zuen lan».

Jendez betetako orriak

Liburuaren kontrazalak aurreratzen du argitalpenak Lekuonaren «alderik pertsonalena» erakusten duela. Izan ere, jendez beteta datoz orriak, gertukoenen aipamenez josita bertsoak eta olerkiak. Ezaugarri horri egin dio azpimarra Kortazarrek: «Gaur egun, normalean, poetak bere burua eta bere nitasuna agertzen du; horren inguruan egiten dira poema asko eta asko. Hemen ez. Hemen Lekuonaren ezagunak agertzen dira, familiakoak, abadeak, [Jazinto] Argaia, [Jose Maria] Setien, amona Joakina...». Eliz giroa, lagunarteko giroa eta ospakizuna, hiru ardatz horiek ditu Lekuonaren bertsogintzak. Hiletetan, ezkontza ospakizunetan eta gisako egun seinalatuetan kantatzeko egindako bertsoak dira harenak. Liburuan jasotzen denez, «publikoan adierazten den sentimendu pribatu baten adierazpena» zen harentzat bertsoa. «Beharbada, bertso zirkunstantzialak, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoak. Etxekoei, adiskideei, lankideei eskainitako bertso sorta handi bat da; handia, bai behintzat kalitatez».

Ez denak, baina bertso gehienak orain atera dira estreinakoz argitara. Horiek transkribatzen eta ahal zen neurrian bere horretan mantentzen saiatu dira liburuan. «Ez da edizio gaurkotu bat. Edizio kritikoago bat da, nolabait; eskuizkribuei lotutako edizio bat». Liburuaren bukaeran sartu dituzte biak, eta aurretik jatorrizko testuen gainean egindako azterketa lanaren berri eman dute. Baita Lekuonaren biografiaren gaineko zertzelada batzuk ere; Oiartzungo Etxetxiki etxean jaioa, Gasteizko Seminarioan eta gero Erroman egindako apaiz bidea eta Deustuko Unibertsitatean euskal literatura irakasten emandako urteak, horien artean.

Atal horretan azaldu dituzte, halaber, liburuan bildutako eskuizkribuen deskribapen zehatza eta Lekuonak bertsolaritzarekin izan zuen lotura zabala; Euskaltzaindiak antolatutako Bertsolarien txapelketetan epaile aritu zenekoa, bertso doinuekiko zuen zaletasuna eta zenbait bertsolariren gainean egindako ikerketa lana, besteak beste.

Lehen eskuizkributik bigarrenera bada ia hogei urteko aldea, eta tarte horretako idatzirik ez dator liburuan. Poemak idatzi zituen aldi horretan, eta Kortazarrek azaldu du lehen eskuizkribuko lanak gertuago daudela horietatik. Aldiz, 1999tik aurrerakoak, garbi-garbian, bertsoak direla, «kontu handiz neurtuak eta errimatuak». Lekuonaren material ezezaguna argitaratzeko «azken lana» izan da Bertsoak, Kortazarren arabera. Hura hil ondorenean, bukatu gabe utzi zuen Ibaiak basamortuan poema liburua (2008) plazaratu zuten aurrena, eta Enblemak (2000) argitaratu zuten ondotik, Clara Janesen lanaren itzulpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.