Ni naiz zauria eta aiztoa!/ Ni naiz masailekoa eta masaila!/ Ni naiz zatia eta gurpila/ eta biktima eta borreroa!». Les Fleurs du mal (Gaizkiaren loreak, 1857) liburuko Heautontimoroumenos poemako pasarte bat da. Liburu horregatik auzipetu zuten Charles Baudelaire (Paris, 1821-1867). «Erlijioa eta morala babesten dituzten legeei jotako erronka» gisa sailkatu zuen Ernest Pinard prokuradore nagusiak, eta 300 liberako isuna eta zortzi urtez landutako liburuko hainbat poema argitaratzeko debekua ezarri zizkioten azkenean. Gustave Flauberten aurka jo berria zen Pinard, bere Madamme Bovarynobelako protagonista nagusiarekin ideologikoki bat egitea leporatuta. Baudelaireren aurkako auzia amaitu berritan, Eugene Sueren aurka jo zuen prokuradore jaunak, Les Mystères du peuple(Herriaren misterioak) lan monumentalagatik. Lan horretan, langile familia baten urteetako gorabeherak kontatu zituen Suek, eta epaia ezagutu baino lehenago hil zen. Haren editorea eta inpresorea zigortu zituzten azkenean.
Horixe zen giroa Louis-Napoleon Bonaparteren aginte urte haietan. 1848ko iraultzaren ondorioz heldua zen boterera Bonaparte; iraultza horretan parte hartua zen Baudelaire. Hori baino askoz gehiago ere bazen idazle hura, baina. Poeta sinbolista, madarikatu, izate modernoaren aita, dandy, profeta, eragile sozial, arte kritikari... Hamaika titulu jaso zuen bere bizitza ez oso luzean. 6 urte betetzeko zituela aita hil izanak markatu zuen bizitza hori. Urtebeteren buruan, Caroline Dufayis ama ezkondu egin zitzaion, Jacques Aupick militarrarekin. Baudelaire gazteak sekula ez zuen onartu aitaordea. Haren karrera militarraren ondorioz aldatu behar izan zuen Lyonera. 1836an itzuli zen Parisera, eta lizeoko ikasle bihurtu —diziplina ezagatik, bota egin zuten handik—. Zuzenbide ikasketak hasi zituen 1840an, Parisko Unibertsitatean, eta auzo latinoko giro bohemioan murgildu zen. Gerard de Nerval, Louis Menard eta Honore de Balzac ezagutu zituen, besteak beste. Baita droga, hamaika prostituta eta kaleko biztanle anonimo ere. Gurasoen asaldagarri. Garai haietan kutsatu zen gerora herioza eragingo zion sifilisaz. Karrera diplomatikoari uko egin zionean, semea bidaia luze batera bidali zuen Aupick komandanteak, 1841ean, baina berehala bueltatu zen Baudelaire gaztea, eta lehengo bizimoduari lotu zitzaion. Bidaia hartan idatzi zuen L'Albatros poema ezaguna.
Etxera bueltan, moralaren zaindari guztiak aztoratu zituen Baudelairek, mulata batekin zituen harremanengatik. Jeanne Duval izena zuen emakume hark, eta idazlearen poema ederren eta kritikatuenetako batzuk inspiratu zituen. 21 urte betetzearekin bat, aita zuenaren herentzia eskatu zuen Baudelairek, eta berehalakoan xahutu jasotako ondarearen erdia. 1844ko irailean, notario bat eta hileroko soldata bat ezarri zizkioten gurasoek.
Abangoardiaren bila
1845ean eman zuen argitara ezagutzen zaion lehen liburua: Le Salon de 1845. Arte saiakera bat zen. Parisko Arte Ederren Akademiak urtero antolatu ohi zuen Salon erakusketan ardatz hartuta, garai hartan oso eztabaidatuak ziren Delacroixen eta Maneten proposamenen alde egin zuen han. Urte hartan, bere buruaz beste egiten saiatu zen, sifilisaren lehen zantzuek eta harreman hautsi berri baten nahigabeak jota.
Bere onera etorri zenean, arte kritikagintzan segitu zuen. Musika arlokoa ere landu zuen, eta hor Richard Wagnerren alde egin zuen. Arte berri baten sintesitzat jo zuen haren obra. Literaturan, berriz, E.T.A. Hoffmanen eta Edgar Allan Poen —azken horren lan ugari itzuli zituen frantsesera— lanetan ikusi zuen Baudelairek sintesi hori. Horrexen bila idatzi zituen bere nobela bakarra—La Fanfarlo (1847)— eta hainbat antzezlanen zirriborroak. Estetika modernoa bultzatu zuen, azken batean, horren inguruko pentsamendua eta bizimodua eraikiz; abangoardia bihurtuz. Eragin ukaezina izan zuen ondorengo egileengan, bai literaturan, bai bestelako arteetan. Baita euskal sortzaileengan ere.
Euskaraz, Iokin Zaitegik itzuli zuen lehenik Baudelaireren lana, 1927an. Les Fleurs du Mal-eko ale bat zen: Zaharra eta itsasoa poema. Liburu berekoak dira itzuli zaizkion gainerako poemak. Estepan Urkiaga Lauaxeta-k, Euzkadi egunkarian, Izaya, Odol-iturrija eta Gorespena eman zituen, 1929, 1930 eta 1931n, hurrenez hurren. Gabriel Arestik, berriz, Gauontzak eman zuen 1954an, Euzko-Gogoa aldizkarian; eta Bedeinkazioa eta Tristurazko madrigala 1955ean, Egan-en. 1985ean, Joakin Balentziak Erraldoiemea eta Etsaia euskaratu zituen Korrok aldizkarian; Luis Arostegik, 1994ko Karmel-en, Izan zaitez tristea, oi Oinazea. Joseba Sarrionandiak, azkenik, Iluntzea poema eman zuen Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (Pamiela, 1985) liburuan.
Juan kruz Igerabidek La Fanfarlo (Erein, 1991) itzulia du; Oier Alonsok Haxixaren poema (Infomart, 1998) eta Wagner Parisen (Infomart, 1999); eta Jean Baptiste Orpustanek Poema xipiak laxoan (Atlantica, 2007).
Baudelaireren lanen laginak dira euskaratutakoak. Bere lan guzti-guztiak bilduma batean ematea izan zuen amets idazleak berak. Belgikaraino joan zenametsa gauzatzera, 1864an, baina ez zuen horretarako editorerik aurkitu. 1865ean, perlesia eragin zion sifilisak. 1866an, afasiak eta hemiplegiak gogor jo zuten. Hitzik egin ezinda geratu zen. Gaur 150 urte arte. Poesia modernoaren zauri eta aizto bilakatu zen olerkaria.
Poeta zauri eta aizto
Gaur beteko dira 150 urte Charles Baudelaire hil zela. Izate modernoaren aitatzat hartu ohi dute. 'Les fleurs du Mal' lanagatik, auzipetu egin zuten, moralaren aurkakotzat jo baitzuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu