«Honetatik inor onik irtengo baldin bada, hori Federico da», esan zion, 36ko gerra hasi berria zelarik, Jorge Guillen poetak Federico Garcia Lorcaren aitari. Akaso balio izango zuen esaldiak aita estutua lasaitzeko, baina Guillenen iragapenak bete-betean egin zuen huts, gerra hasi eta hilabete eskasera fusilatu baitzuten falangistek Garcia Lorca, abuztuaren 18an edo 19an, Granadako (Espainia) herri bateko lurretan; oraindik gorpua agertu ez denez, argitu gabe dago herri hori Viznar edo Alfacar den. Hala ere, Federico vive (Federico bizi da) goiburua darabil Granadako Diputazioak Garcia Lorca omentzeko urtero antolatzen dituen ekitaldiak iragarri eta aurkezteko. Aurtengoek oihartzun handiagoa dute, haren heriotzaren 75. urteurrena baitakarte gogora. Ekitaldi horien barruan, Garcia Lorcaren hainbat antzerki lan ezagunetako pertsonaiak gorpuztu zituzten atzo hainbat aktorek Garcia Lorca eta beste hiru lagun fusilatu zituztela uste izan den Viznar eta Alfacar arteko parajean.
Polemika garratzekin lotuta dago aspaldian paraje hori. Lehenik eta behin, Garcia Lorcaren eta harekin batera fusilatutakoen gorpuzkinak bilatzeko indusketa lanak agindu zirenean, Garcia Lorcaren oinordekoek indusketarik ez egitea nahiago zutela adierazi zutelako, «fusilatu batzuen eta besteen arteko ezberdintasunik ez egiteko» eta ahal zen neurrian «morboa» saihesteko, idazlearen iloba Laura Garcia Lorcak adierazi zuenez.
Indusketak egin zirenean, ez zen gorpuzkinik aurkitu, eta orain Miguel Caballero historialariak eta Javier Navarro arkeologoak txosten bat aurkeztu diote Andaluziako Gobernuari, adieraziz Garcia Lorcaren eta beste hiru fusilatuen gorpuzkinak Alfacar herriko El Caracolar orubeko gune jakin batean daudela ziurta dezaketela, aurreko indusketak egin ziren gunetik 400 metro eskasera.
Haren gorpuzkinak ez bezala, Garcia Lorcaren obra agerian eta irakurlearen eskura dago. Beste genero batzuk landu zituen arren —prosazko testu laburrez osatua da, adibidez, Pez, astro y gafas liburua, Menoscuarto argitaletxeak duela hiru urte argitaratua—, poesian eta antzerkigintzan nabarmendu zen batez ere. Antzerkiaren arloan, XX. mendeko Espainiako antzerki egilerik onenen artean aipatzen dute adituek, eta klasikotzat dituzte Garcia Lorcaren obra batzuk —Bodas de sangre, Yerma eta La casa de Bernarda Alba batez ere—, baina obra horiek ez dira haren poesia bezain ezagunak eta laudatuak Espainiatik kanpo. Mundu osoan eragin handienetakoa izan duten XX. mendeko poetetako bat baita.
Haustura barrutik kanpora
Poeta en Nueva York poema liburua da Garcia Lorcaren libururik ezagun eta zabalduena, enblematikoena. New Yorkeko Columbia Unibertsitatean egonaldia egin zuen 1929. eta 1930. urteetan, eta egonaldi hartan harritu eta larritu egin zuten AEBetako industrializazioak eta industrializazio harekin batera sortzen eta indartzen ari ziren giza harreman modu berriek. Zirrara haren berri ahalik eta modurik zintzo eta zuzenean emateko, hizkera poetikoa ere egokitu zuen, barruan sentitzen zuen haustura islatuko zuen haustura formala bilatuz. Inoiz ez zuen bere burua surrealistatzat izan, nahiz eta surrealismoak jorratutako ildoetatik ez oso urruti ibili adierazpide formaletan. Ibilbide eta burubide pertsonal baten ondoriotzat zuen hori; ez talde edo mugimendu bateko kide izatearen zeinutzat.
Baina, hausturak haustura eta ezberdintasunak ezberdintasun, Poeta en Nueva York Garcia Lorcaren aurreko ibilbide poetikoarekin lotuta dago; ez da New Yorken ikusitakoak eragindako zirrararen ondorio huts: lehendik —Romancero gitano poema liburutik batez ere— erakutsia zuen zaina erakusten du poetak liburu horretan, Francisco Umbral idazleak Lorca, poeta maldito liburuan (1967) ohartarazi zuenez: «Lorca gure zibilizazioaren hiru arraza baztertuen poeta da: ijitoak, beltzak eta homosexualak. Lorca, Granadan, ijitoekin dago Guardia Zibilaren aurrean, ezarritako ordenaren aurrean. Lorca, New Yorken, beltzekin dago, Harlemekin dago Wall Streeten aurrean. Lorcak, Oda a Walt Whitman-en eta Sonetos del amor oscuro-n, izena adierazten ausartzen ez den pasioari kantatzen dio. Lorca errotik aurka egiten duen gizona da».
@Garcia Lorcaren testu euskaratuei buruzko informazioa jasotzeko, eta horietako batzuk irakurtzeko: http://ekarriak.armiarma.com/?i=186
Poeta munduan
Duela 75 urte fusilatu zuten Federico Garcia Lorca, mundu osoan eragin handienetakoa izan duten XX. mendeko poetetako batHaustura formalaren bidez adierazi zuen AEBetako bizimoduak eragin zion zirrara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu