Idazlea eta bere biografia noraino ote dauden loturik, edo noraino ote den beharrezkoa idazlearen bizitzaren berri izatea haren obran barneratzeko. Joan Frederic Calabuig katalan itzultzailearen esanetan, poeta baten bizitza, pertsonaren beraren «inpresioez, sentipenez eta bulkadez osatutako multzo hori», obra poetikoaren lehengai ez ezik, poeta inguratzen duen humanitatearen parte bat ere bada, «gizateria osoaren penez, nekaldiez, handitasunez eta umiliazioez osatua». Calabuigek Giorgos Seferisi buruzko hitzaurre batera dakartza hitzok, eta, nahiz eta asko duten sententzia orokorretik, aitzakia ezinago aproposa dira poeta greziarrarengana hurbiltzeko.
Seferis XX. mendearekin batera jaio zen, Asia txikian, Esmirna hiritik gertu, non greziarren komunitatea oso ugaria eta bizia baitzen. Familia Atenasa lekualdatu zitzaion gero, eta ondoren Grezia kontinentalean eta Parisen egin zituen ikasketak. 1922an, Parisen ikasten ari zela, Greziaren eta Turkiaren arteko gatazka amaigabeen kapitulu garrantzitsu bat gertatu zen, Esmirnako sute handia, zeinaren ondoretan hiria Turkiaren mende geratu baitzen, eta hango greziar biztanleak, berriz, iheslari bilakaturik. Horrek deserriratuaren kontzientzia ekarri zion Seferisi, ez baitzuen jaioterrira itzultzerik izan 1950 arte, eta orduan ere bisitan bakarrik. Ikasketak amaitutakoan, diplomazialari karrerari ekin zion, eta langintza horrek mundu osoan barrena eraman zuen: Erresuma Batuan, Albanian, Kretan, Egipton, Hego Afrikan, Italian, Turkian eta Ekialde Hurbilean izan zen, besteak beste.
Seferisen poesian hainbat literatur korronteren eta joeraren eragina bereizi du Calabuigek; badago «antzinako Greziako tradizio osoaren zama saihetsezina, Frantziako sinbolismoaren postulatu estetikoak —han hezi baitzen poeta gisa—, eta 1931tik aurrera modernitate anglosaxoiarekin izandako harremana»; hain justu ere, 1936an T.S. Ellioten Lur eremua klasikoa itzuli zuen. Seferisen iturri poetikoak ugariak dira oso, eta askotarikoak, bizitzaren parterik handienean erbesteratu alderraia izatearen ondorio. Deserriratuaren kontzientzia horixe dago Seferisen poesiaren bihotz-mamian, eta ezagun du, iturrien ugaritasunean ez ezik, baita obra osoa erdiz erdi zeharkatzen dioten gaietan ere: bidaia amaigabea, etxera itzuli ezina, deserrotzea, inon ez egotea... Erbesteak bizi du Seferis, eta orobat haren literatura osoa ere.
Poeta greziar moderno ugariri aitortzen zaie, ia ohituraz, Antzinako Greziako literatur tradizioaren eragina, baina aitortza hori topiko hutsa baino askoz ere gehiago da; horren da oparoa tradizio horren emaria, non idazle onek aise ekartzen baitute nork bere mundu poetikora. Giannis Ritsosek, esate baterako, askotariko erreferente mitologikoetara jo zuen XX. mendeko Grezia mortuaren deskripzioak antzinako iruditeriaz beztitzeko. Seferisen poesian, ostera, Odiseoren itzuli nahi eta ezina nagusitzen da, bidaiari alderraiaren sinbolo, eta deserrotzea eta bidaia noragabeak aurkitzen dira nonahi, poetaren bizitzaren ispilu. Bestelako erreferenteak ere badira Seferisen poesian: «Ez da egia, ez da egia, sekula ez dut zapaldu Troia ausarta», aitortzen du Seferisen Helenak, Homeroren tradizioak Troiako gerraren abiarazletzat jotakoak. Izan ere, Seferisen Helena poemak ez dio Troiako gerraren bertsiorik ezagunenari heltzen, baizik eta Euripidesen antzezlanekoari, zeinaren arabera Helenak, Troiara gabe, Egiptora egin baitzuen: «Ni ez naiz Troiara joan; fantasma bat zen hura», dio pertsonaiak Euripidesen tragedian, eta Seferisek haren oihartzunetan ontzen du poema.
Idazmolde soila du Seferisek. Prosatik eta ahozkoaren soiltasunetik gertu idazten du eskuarki; poemen kanpo zein barne egituraketa, kontrara, koska bat harago landua izaten da. Barkuko egunerokoak poema sortan badago asmo adierazpen moduko bat: «Lañoki mintzatu besterik ez dut nahi, eman diezadatela grazia hori./ Zeren hainbeste musikaz kargatu dugu kantua, hondoratu egiten baita,/ eta gure artea hainbeste apaindu dugu, girgileriak aurpegia urratu baitio,/ eta badugu garaia gure hitz eskasak esateko, zeren bihar itsasoratuko da gure anima».
Hiru poetak
Giorgos Seferis beste bi poeta greziarrekin batera aipatu ohi da, Odisseas Elytis eta Giannis Ritsosekin, hain zuzen, eta Greziako literatura modernoaren funtsezko hirukote poetikoa osatzen dute. Hirurak ere XX. mende hasieran jaioak dira, eta XXI.era ailegatu gabeak; gainera, Mikis Theodorakis konpositore ospetsuak hiruren olerkiak musikatu zituen. Ordea, haien funtsezko ezaugarria da hirurak oso fuerte lotuak daudela, nor bere manerara, Greziak XX. mende osoan barrena ezagutu zituen gorabehera eta gatazketara.
Bigarren Mundu Gerran, esate baterako, Seferis Greziako Gobernu Askearekin batera ibili zen deserrian, Kretan, Egipton, Hegoafrikan eta Italian. Elytis beste biak baino hamar bat urte gazteagoa zen, eta, soldaduska egin berria zenez, armadan teniente jardun zen Ardatzaren okupazioaren kontrako borrokan. Ritsosek Nazio Askapenerako Frontearekin bat egin zuen, eta Greziako Erresistentziaren alde aritu zen. Gerora, Elytisek ere Seferisen deserria ezagutu zuen, eta Ritsosek kartzelaldi luzeak egin zituen bere aktibismo politikoa zela eta. Historiaren igaro halabeharrezkoa, beren larruan ez ezik, poesian ere markatua geratu zitzaien hirurei, eta halaxe ailegatu dira haien olerkiak gaur egungo irakurleengana.
Poeta, herriaz beste
Giorgos Seferis, Literaturako Nobel saria irabazi zuen lehen greziarra, aurten duela berrogeita hamar urte zendu zen. Poeta oparoa izan zen, eta estimatua; deserria izan zuen olerkietarako gai nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu