Iragan abuztuan zendu zen Karmele Igartua (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1959), gaixoaldi luze baten ondotik. Eta heriotzarekin borrokan zela izan zen Literaturian iaz, errezitaldi batean. Aurten ere izango da Itsaso kontra bat poemarioaren bidez. «Bizitzaren alde indar eginez» Igartuak berak idatzitako lanen bilduma da. Tere Irastortza idazle eta Igartuaren lagun minak atondu du edizioa. Eta Garazi Oianguren Igartuaren alabarekin batera aurkeztu zuen atzo, Jose Angel Irigarai Pamielako editoreak lagundurik.
Igartuaren beste bi poema bildumekiko berritasunik handiena «forman» dakar Itsaso kontra bat-ek, Irastortzak dioenez. Espazioaren eta elementuen antolaketan. «Liburu honek ere irudiak eta ahozkotasuna ditu oinarrian. Eta koloreek esanahi bereziak hartzen dituzte». Eri zela idatzi zuenez gero, heriotz mina eta beldurra ageri dira liburuan, oroz gain bizitzeko gogoa nagusi den arren. Itsaso kontra bat ez da handik eta hemendik hartutako aleekin osatutako poema bilduma. «Liburu hau bizirik zela egin zuen Karmelek, eta ia bukatutzat eman zuen», esan du Irigaraik. Dudarik ez dauka: «Poeta handi baten taupada, adorea eta gogoa jasotzen ditu».
'ITSASO KONTRA BAT'
Egilea: Karmele Igartua.
Generoa: poesia.
Argitaletxea: Pamiela.
Literaturia. Liburu aurkezpenak
«Poeta handi baten taupada» jaso dute 'Itsaso kontra bat' liburuan
Karmele Igartuak hil aurretik «bizitzaren alde apustu» eginez idatzitako poemak argitaratu ditu Pamielak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu