SOSLAIA. Gabriel Korta

Poeta bere biluzian eta gordinean

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Gabriel Korta Donostian jaio zen, 1951ko otsailaren 23an. Harena etenez eta poesiaz beteriko ibilbidea da; horren ispilu dira argitaratu zituen sei liburuak. 1980an irten zen Isiletik (Ustela); 1985ean amaitu eta argitara gabe utzi zituen Kukuaren kukantzak eta Maitasunaren indarra; 1986an eskaini zizkien irakurleei Okaranak (Susa); eta, hamabost urteko etenaren ostean, Harri hautsiak (2002) eskuetan itzuli zen, JosAnton Artze, Iñaki Bastarrika, Jose Luis Padronek, Concceta Probanza, Andoni Salamero eta beste ondoan zituela. Etenari buruz, honakoa adierazi zion Juan Luis Zabalari Euskaldunon Egunkaria-n: «Gaixo egon nintzelako izan da hori. Eskizofrenia agerraldi bat izan eta ingresatu egin ninduten».

Kortak berak editatu zuen liburu hura, baita ondorengo guztiak ere: Laugarrenak lau (2010) antologia —aurreko hiru liburuak berridatzita eta Testigantzak izeneko sorta erantsita osatu zuen—, Elurra galtza motzetan (2012), Diot (2013) eta Maitasunaren indarra (2016). Guztietan, poesia zer den jakireko nahia, bakardadea, pertsonaren barrunbeak eta munduaren egoerarekiko kezka zituen hizpide. Askotan, gordintasunez eta biluztasunez. Honela idatzi zuen Elurra galtza motzetan poemarioaren hitzaurrean: «Norbera da bere bizitzaren moldekatzailea. Aske naiz, eta ni naiz, nire bizitzaren arduradun bakarra; eta jakin, edo badakizue askatasunaren prezioa, bakardadea dela. Hori estigmarena kontuan hartu gabe. Zeren bakardadea ez dut nik beti bilatzen. Ze gaiztoak zareten batzuk psikiatrizatuekin...!».

Herenegun hil zen poeta, bizitoki zuen Errenterian (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.