Zenbaki borobilak ospakizunerako aitzakia gisa baliatzen dira maiz. Dela urtebetetze, dela bizitza etapa baten amaiera edo dela plazaratutako disko, antzerki edo liburuen zenbatekoa. Kopuru biribil batetik abiatuta, olerki sortak ikuskizun bihurtu ditu Susa argitaletxeak. Mundu osoko poeta esanguratsuen lanak jaso etaeuskarara itzultzen hasi zen argitaletxea orain bost urte. 30 aldiz egin dute ariketa hori dagoeneko.Hortik jaio da, hain zuzen, Munduko Poesia Kaia ikuskizuna. Emanaldia sortzeko aitzakia numerikoaz mintzatu da Oier Guillan idazle eta ikuskizunaren arduraduna: «30. efemeride hau eta bilduma bera ospatzeko sortu dugu ikuskizun hau». Horregatik doaz estuki lotuta bilduma eta taularaturiko lana. «Argi genuen emanaldiaren funtsean bilduma izan behar zela abiapuntua eta arima». Bihar aurkeztuko dute emaitza, Bilboko itsas museoan, Loraldia festibalaren barruan.
Paperekoa oholtzara garraiatzeko prozesu sortzailean murgildu dira Guillan eta gainerako artistak. Oinarri bat izan dute horretarako: «Beñati, bildumaren arduradunari, eskatu genion egile, itzultzaile eta liburu horien antologien alea egin zezan; hau da, antologien antologia». Beñat Sarasolak, Munduko Poesia Kaierak bildumaren arduradunak, eman du prozesu sortzailearen lehen pausoa: banaka-banaka hautatu ditu orain arte argitaraturiko ehunka poemen artean 30 —liburuki bakoitzetik olerki bat—. Horiek batu, eta «poema bisualez» osaturiko emanaldia sortu du argitaletxeak. Bada, Guillanek dio poesia errezitalek eduki ohi dituzten elementuak «beste era batera interpretatzea» izan dela asmoa. Noemi Viana dantzaria, Iraia Elias aktorea eta Jose Luis Otamendi idazle eta poeta arituko dira oholtzan lanaren emaitza erakusten.
Bi kontzeptu erabili ditu Guillanek emanaldiaren ideia biltzeko: ausardia eta itzulpena. Gakoak dira idazlearentzat, bilduma beraren arima osatzen baitute: «Ausardiaren eta itzulpenaren ideien bitartez saiatu gara errezitalari forma dramaturgiko berezi bat ematen». Itzulpenaren beste pauso bat proposatzen du Munduko Poesia Kaia-k: «Poemak gorputzera eta oholtzako lengoaia batera itzuli ditugu».
Munduko Poesia Kaiera bildumaren oinarria han-hemengo poeta esanguratsuen olerki sortak euskaratzea da. Eta, bide horretan, denera 30 liburuxka osatu dituzte atzo aurkeztu zituzten bi liburuekin: 29. liburuan, Ion Olano Carlosek Cesare Paveseren olerkiak itzuli ditu, eta 30. liburua osatzen dute, berriz, Garazi Arrula Ruizek euskaratu dituen Ideia Vilariñoren 58 olerkiek.
Urtemugako kaierak
«Nola heldu naiz ni honaino», esan du Ion Olano Carlosek. Berea ez den esaldi bat baliatu du idazleak atzera begira jartzeko. Anari abeslariak Naufrago kantuan erabili zituen berbak lehendabizi, eta Katalin Minerrek liburu bat izenpetzeko ondoren. Orain, Olanok ditu ahotan. «Nola heldu naiz Cesare Paveseren antologia hau aurkeztera?». Aitortu du Joseba Sarrionandia izan zuela Pavese ezagutzeko lehen zubi. «Sarrionandiak egindako itzulpenen bitartez ezagutu nuen nik Pavese.Ez nekien nor zen, eta ziurrenikez zitzaidan gehiegi ardura. Sarrionandiaren hizkuntza poetikoarekin nengoen liluratuta ni».
Gerora, Italiako idazleekin adiskidetzen hasi zen Olano, eta haien obra bertatik bertara ezagutzeko aukera eduki zuen. «Duela hamabost urte, Erasmus bekari esker, ikasturte bat eman nuen Italia hegoaldean. Aukera izan nuen zuzeneko lanak ezagutzeko bai musikan, bai zinean eta baita literaturan ere». Orduan erosi zuen Paveseren Lavorare Stanca. Lanak akitzen du hitzak erabili ditu Olanok izenburua itzultzeko; bere buruaren isla ikusten du esaldi horretan. «Nire azalean bizi izan dut. Oso nekagarria egin zait lan hau, medium lanak egiten ibili naizelako: nondik ari zen Pavese? Nondik proiektatzen zuen? Eta hortik nola ekarri euskarara?».
Olanoren kaiera ez da, ordea, Pavese euskaraz irakurtzeko aukera bakarra. Dozena bat inguru euskal sortzailek itzuli dituzte italiarraren testuak: Joseba Sarrionandiak, Itxaro Bordak, Xabier Letek eta Txema Larreak, besteak beste. Halere, aipaturikoek olerki solteak euskaratu zituzten, eta Olanorena da aurreneko poema liburua. Gehien euskaraturiko olerkia irakurri du ozen itzultzaileak: «Helduko dun heriotza hire begiz,/ damu zahar edo bizi zentzugabearen antzera,/ argitzetik iluntzera, logabe, gor,/ laguntzen gaituen herio hauxe». Euskarazko sei bertsio ditu dagoeneko.
Lehenaren ondoren, bigarrena. Idea Vilariñok Italiatik Uruguairaino eramango du irakurlea. Garazi Arrulak azaldu du nor izan zen Vilariño: «Nor zinen zu? Hartaz zioten beti zebilela askatasun baten bila, ez adinak ez esperientziak baimentzen ez zioten askatasun bat, muga horiek apurtu nahian». Horrela hasi du kontakizuna, errezitala balitz bezala. Eta jarraitu du: «Hartaz diote koherentea zela, sortzetik eta hil arte. Koherentzia poetikoa bezain politikoa». Itzulpen lanean izandako zailtasunak ere aipatu ditu: «Sonetoei erritmoa euskaraz ematea zaila egin zait. Berak errepikapena konjuntzioekin lortzen du, eta hizkuntza poetiko soila darabil». Eta Olanoren antzera, ozen, Vilariñoren hitzak irakurri ditu: «Ez da itxaropen apurrik/ guztia konponduko delako/ mina arinduko/ eta mundua antolatuko». Esker hitzekin bukatu du Arrulak: «Ideari eskerrak; bere poesiarekin lehenik, eta emakumearekin gero maitemintzen uzteagatik».
Poesiaren itzulpen dantzatua
'Munduko Poesia Kaia' ikuskizuna sortu du Susa argitaletxeak, Munduko Poesia Kaierak bildumaren 30. liburua ospatzeko. Cesare Pavese eta Idea Vilariñoren lanak itzuli dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu