Jon Benito. Idazlea

«Poesiaren ikuspegi hertsia badugu, kondenaturik dago bakartuta egotera»

'Aingurak erreketan' lehen poema liburua argitaratu eta bere burua isilarazi zuela aitortu du, idazle modura eroso sentitzen ez zelako; barrenak eskatu dio berriro poesia idaztea, eta 'Bulkada'-rekin berragertu da plazara.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Usurbil
2011ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Begiak pizten zaizkio hizketagaia ia zernahi delarik ere. Egipton gertatzen ari den herri matxinada, tabernan entzuten den musika, lagunarteko ohiturak, laneko gorabeherak edota saskibaloi kontuak. Baina poesiak dauka zauriturik Jon Benito (Zarautz, 1981). Bederatzi urte igaro dira bere estreinakoa kaleratu zuenetik. Iaz atera zuen Bulkada (Susa), bigarren poema liburua. Tartean idatzi izan du, gidoiak eta kazetaritza artikuluak, besteak beste, baina poesiara itzultzeko bidea ez da izan oztoporik gabea.

Elkarrizketa hau ere bezala-rik erabili gabe erantzuten saiatuko zara?

Bai, hitz egiterakoan neure buruari mugak ez jartzera ohituagoa nago, eta, beraz, zailagoa izango da, baina saiatuko naiz...

Hitza gehiegi apaintzen al da egungo literaturan, adjektibo eta metafora gehiegi erabiltzen al da?

Ez dakit zenbat apaintzen den hitza, baina nik baneukan konpromisoa baliabide erretorikoak ahalik eta gutxien erabiltzekoa, gai korapilatsuez ahalik eta modu sinpleenean hitz egitekoa. Hitzei beldurrik izan gabe idatzi behar nuen. Gustatzen zait beste idazle batzuengan ikustea nola idazten duten gauza oso konplexuez bitarteko oso sinpleekin, eta ñabardurarik galdu gabe. Horretan saiatu naiz.

Beste bolada batzuetan hitzari beldurra izan diozu?

Izan dut joera gauzak gehiago janztekoa, eta janzte horretan konturatzen nintzen hitzek beren zentzua galtzen zutela, hitzak dominatuko ez banitu bezala, eta hitzek ni dominatuko banindute bezala. Hitzei beldurra galtzea, hitzen gaineko kontrola berreskuratzea, hitzek beren biluztasunean zer esan nahi duten jakitea, eta horiek erabiltzea. Hori da liburu honetan egin dudan ariketa.

Hitzari beldurra galtzean galtzen zaio beldurra bizitzaren beste hainbat gauzari ere?

Ez dakit bizitzari beldurra galtzen zaion, baina hitzak sinpletzeak edo baliabide erretorikoak kentzeak begirada askoz ere sinpleagoa dakar. Azkenean kontatzeko kodigo bat asmatzen duzunean begiratzeko modua ere aldatu egiten da, gauzak ikusteko daukazun modua aldatu egiten da. Baliabide erretoriko batzuk kendu, baina beste baliabide batzuk berreskura ditzaket, pertsonaiaren kontraesanak agertzeko baliagarri izango zitzaizkidanak, ñabardurak ez galtzeko bidean.

Hastapena lehen poemako lehen lerroan diozu: «Historia nirekin hasten da». Azken lerroan, aldiz, ñabardura txiki bat egiten duzu: «Historia hau nirekin hasten da». Lehen esaldia arranditsuegia gerta zitekeen zehaztapenik gabe?

Banekien faltsua zela. Esaldi horrek erantzuten dio istorio hau leku batean markatu beharrari, subjektu bat denboran kokatzeari. Esaldi horrek hori lortzen du, baina azkenean subjektu baten historia kontatzen du. Xabier Montoiak Anfetamiña liburuan idatzi zuenari ere erantzuten dio. Hark zioen David Bowiek ilea moztu zuenean hasten zela historia. Niretzat ni jaio naizenean hasten da historia, nahiz badakidan aurretik gauza asko gertatu direla eta gauza asko egin direla. Horregatik dago ñabardura hori poemaren amaieran, eta baita liburuko azken poeman ere. Halere, indartsu hasi nahi nuen poema...

Liburua argitaratu aurretik, jada, Interneten zabaldu zen halako murmurio lausenguzko bat Bulkada-ren inguruan. Ez da ohikoa hori gertatzea, eta gutxiago poesiaz ari bagara.

Garai hartan askoz ere kezkatuago nengoen liburuaren xehetasun guztiak ondo loturik ote zeuden. Orduan ari ginen azalaren azken xehetasunak egiten, aurkezpena noiz egingo genuen zehazten, zer esango nuen pentsatzen... Ez nengoen zain zer esango ote zen. Lausengu oro ona da, batetik, baina arriskutsu ere bada, nahastu zaitzakeelako egin duzun horretan.

Bederatzi urteko isilunea. Izan duzu tentaziorik sekula gehiago ez idatzi eta Vila-Matasen Bartleby y compañía liburuko idazle horietako beste bat bihurtzeko?

Liburu gehiago ez argitaratzeko tentazioa oso sendoa zela uste dut, eta arrazoitua neukala gainera. Egia esan, ez nintzen deseroso sentitzen ez idatzita. Deserosoago sentitzen nintzen garai batean Aingurak erreketan liburuaren egilea nintzela pentsatuta. Eta, egia esanda, ideia egina nuen ez idaztekoa. Horregatik aipatu izan dut hil egin zela lehenbiziko idazle hura, eta Jon Benito irakurlea edo kazetaria nintzela... Edo zernahi nintzela gehiago literatur idazle baino, idazle hura akabatu egin zela erabaki nuelako.

«Poesia ez nuen nik hil, hark zauritu ninduen larriki», diozu Aingurak denboretan poeman. Bi galdera. Bata: behin poesiak zaurituta zer irtenbide geratzen da?

Poesiarekin dudan harremana... ez dakit beste zerbait idatziko ote dudan eta idazten badut beste genero bat erabiliko ote dudan, kontatu nahi dudanaren neurrira egokituko dena... Nik garbi ikusten nuen hau poesia izango zela. Ez dut esan nahi poesiarekin betiko ezkondu naizenik, ezta literaturarekin betiko ezkondu naizenik ere... Bulkada ateratzeko bulkada nuen. Eta hori egin dut.

Bestea: poesia ez zenuen zuk hil, baina hilik al dago?

Nik uste, baldin eta poesia moldatzen bada kontatu nahi den neurrietara biziko dela. Nik poesia oso gauza zabal bezala ikusten dut, badago poesia liburuetan, baina badago beste arte espresio batzuetan ere, dela musikan, dela publizitatean... Nik toki askotan ikusten dut. Poesiarekiko oso ikuspegi hertsia baldin badugu, kondenatua dago bakartuta egotera, eta gizartetik aparte klixe batzuen baitan bizitzera. Hortik askatzen badugu eta ikusten badugu beste arte espresio batzuetan txertatuta dagoela, nik uste oso bizirik dagoela.

Zuk nola bizi duzu poesia eta beste arte sorkuntza batzuen arteko harremana?

Liburua bukatzen ari nintzela, Agustin Fernandez Malloren poesia irakurtzen ari nintzen. Poesia horretan esaten zuen beste arteek errazago bereganatu dituztela poesia edota beste arteak, eta poesia klasikoa deitzen duguna geroz eta bakartuago dagoela, bere errekurtso propioetan itota, fagozitatuta. Nik zentzu horretan nahi nuke librea izan. Librea, une batean espresionista izateko, pintore batek margotuko lukeen bezala idazteko, jakina, ni hitzekin ari naiz, eta moldaketa ez da hain erraza. Egia da ez dudala obra apurtzaile bat egin, baina inplizituki badaude beste arte batzuen eraginak.

Aingurak erreketan idatzi ostean aldatu zitzaizun literatura bizitzeko modua. Zergatik?

Uste dut gehiago izan zela gauza pertsonal bat. Ez nekien liburu bat egitea zer zen, zer sortzen zuen liburu bat egiteak. Liburua amaitu zenean zalantzak piztu zitzaizkidan, ondo egin ote nuen, liburua egokia ote zen... eta bestetik, konturatzen nintzen Aingurak erreketan beti joango zela nirekin. Eta Bulkada bada hari egiten diodan erantzun bat, hari kontra egite bat, liburu haren zama gainetik kentzeko, eta horregatik dago beste estilo batean idatzia, askoz pentsatuago, arrazionalago, estrukturatuago...

Bulkada idazteko inozentzia berreskuratu behar zenuela esan duzu. Nola berreskura liteke idazteko inozentzia hori?

Liburu honen sekretuetako bat da zerbait kontatzeko aukera eskaini didala, emozioetan indarra egiteko aukera eman didala, subjektu berri bat sortzekoa, gertatu zena eta gertatzea nahi nuena maila berean jartzeko aukera eman dit. Horrek guztiak eman dit askatasuna gauzak egiteko. Kontatu beharretik abiatzeak eman dit abangoardia guztietatik, edo ondo idatzi beharretik, edo ez dakit nor bezala idatzi beharretik aske egotea... kontatu nahi nuena zelako garrantzitsuago. Buru-belarri jarri naiz emozioa sortzeko arduran, eta ez beste gauza batzuetan.

Kontraste bat badago, inozentzia horren eta poemon tonu helduaren artean.

Ez nuke liburuko gatazka horretara sinpletuko. Liburuko ahalegina da inkontzientea kontziente egitekoa. Bada pertsonalki azken urteetan egin dudan ariketa bat. Liburua bukatzear zegoela autoan nindoan gau batez Anariren kantu bateko Nola heldu naiz ni honaino? galderari erreparatu nion, eta konturatu nintzen banuela galdera horri erantzuteko nahi bat.Hor da gakoa, batzutan kontzienteki egiten ditugun gauza batzuk, ulertzen zailak direnak, ez justifikatzea, baina bai narratibitate batean jartzea... galderak egitea eta kontraesanak azaleratzea. Hor dago nik uste zuk heldutasun deitzen duzun hori.

Ekaitza eta bulkada poeman: «Nire burua gehiegi estutu dut lan on bat egin nahi nuelako. Zer da hori ordea? Hunkigarria izatea ala sarigarria? Niretzat ala besterentzat?». Erantzungo al zenuke zuk zeuk?

Azken urteetan beti izan dut galdera hori buruan, zer da liburu on bat? Zer esan nahi da? Ondo idatzia dago? Galdu ezin den zerbait kontatzen du? Hunkigarria da?... Zer da onaren eta txarren parametroa literaturaz edo beste arte adierazpide batzuetaz ari garela?

Eta?

Konturatu naiz niretzat garrantzitsua zela jende batek bere burua islatuta ikustea liburu honetan. Jon Benitoren kronika izan beharrean, izatea belaunaldi baten, edo erreferentzia sozial kultural batzuk partekatu dituen jende baten ispilua. Iruditzen zaidalako kontatzen diren gauza asko nahiko unibertsalak direla.

Emozioak aipatu dituzu. Anjel Lertxundik ere idatzi zuen bazela sentimenduen loratze bat literaturan. Zer sentituko zenuke posmoderniaren garaiotan sentimenduen poeta deituko balizute?

Kategoria eta etiketa guztiak dira injustuak. Baina ez naiz lotsatzen, edo ez dut ukatzen sentimenduei buruz idatzi dudanik, nik ere sentimenduak bilatzen ditudalako. Ez dudalako ulertzen bizitza gertakarien zerrendatze bat bezala, baizik eta iruditzen zaidalako sentimenduek ere badutela parte bat gure nortasuna sortzerako orduan. Emozioa bilatu nahi banuen sentimenduez hitz egin behar nuen. Hitz egiten banuen zientziaz oso zaila izango zen emozioak sortzea.

Emozioak sortzeko ahalegin horretan gehiegi biluzteko beldurrik izan al duzu?

Literatur obra bat da. Eta literatur obra horrek lizentzia eman dit gertatu zirenak eta gertatu ez zirenak maila berean jartzeko. Erabat biluztuko banintz, askoz ere lotsatuago egongo nintzateke. Kontatzen denak egiantzekotasun du baina ez da biografia bat. Gu ez gara egin duguna bakarrik, baizik eta izan nahi genukeena. Gure frustrazioek asko esaten dute gutaz, eta horrek guztiak aukera handia eman dit jolasteko. Biografia bat izango balitz bakarrik, askoz ere tristeagoa izango litzateke. Gauza monotonoagoa izango litzateke. Aukera eder bat izan da neure burua ikusteko, neure burua irakurtzeko, eta sekulako abenturetan barneratzeko.

Ni bat ageri da oso sendo subjektu bezala, baina etengabe gurutzatzen da gu bat edo gizarte bat. Zeinek eragiten dio gehiago zeini?

Uste dut ni-ak eragin nahiko liokeela gizarteari eta gizarteak berak ni-ari eragiten diola. Kontua da gizartea gu askotan zatitua dagoela, eta batzutan ni hori parte sentitzen da gu horiena, beste batzutan ez. Baina gu horietan txertatzea beti da konfliktiboa, ezartzen zaigun rola onartzen ez dugulako, edo deseroso sentitzen garelako, guztiz bat egiten ez dugulako... Baina guztiaren atzean giza faktorea dago, eta poemetan asko hitz egiten da giza faktore horien garrantziaz.

Liburu hau idatzi eta gero zure baitako idazle horietako bat hiltzeko arriskurik ikusten duzu?

Oraindik oso gertu dago liburua. Orain sentitzen dut idazle hau bizirik dagoela eta gustura dagoela egin duen lanarekin. Hemendik hiru urtera beste elkarrizketa bat egingo bazenit, agian beste irakurketa bat egingo nuke, eta esango dut ez nagoela gustura egindakoarekin... iruditzen zait orain irakurlearen txanda dela eta nahiko nukeela irakurleak bere burua ikustea paperezko ispilu honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak