Landan du jatorria Olga Novo poetak (Vilarmao, Lugo, Galizia, 1975), eta eremu hori dute protagonista haren olerkiek. A teta sobre o sol (Titia eguzki gainean) eman zuen argitara 1996an, eta kritika onak eta entzutea bilduz joan da geroztik. Azken liburuarekin, Feliz Idade (Zorion aroa) obrarekin, 2020ko Espainiako Sari Nazionala irabazi zuen. Alabaren jaiotza eta aitaren gaixotasuna eta heriotza kontatzen ditu liburuan, baina heriotza ez du bizitzaren antitesi bezala agertzen, haren ifrentzu gisa baizik.
Isildutakoei ematen die ahotsa zure poetikak, galegoz. Hainbat periferiatatik idazten duzu?
Periferiaren ideia ustezko zentro baten oinarrian eraikitzen da. Beraz, ez dut uste periferiatik idazten dudanik, ez memoria periferiko batetik ere, ezta leku eta hizkuntza periferiko batzuetatik ere. Ama hizkuntzan idazten dut, nire sorterriaren inguruan eta nire jendearen memoriaren inguruan. Hortaz, nik nire zentrotik idazten dut, noski.
Zure poesia inspiraziotik jaiotzen da.
Poesia errebelazio gisa ulertzen duen tradizio ameslarian kokatzen dut neure burua. Poesia hitza bera grezierazko poiesis-etik dator: sorkuntza da, hau da, ezerezetik sortzen den zerbait. Edo gure baitatik sortzen dena, guri zeozer erakusteko. Nire ustez, poesia erritmo musikalarekin datorren errebelazioa da: ez dago poesiarik ez badago errebelaziorik eta musikarik. Eta, hortaz, ez dut inoiz proiektu literariorik egin, gauza berri bat sortu baizik.
Musika da olerki baten abiapuntua?
Emozioa: erritmo konkretu batekin eta bere musika propioarekin heltzen dena. Baina, noski, emozio edo zirrara hori beti dator esperientziatik. Nire azken liburuak [Feliz Idade], adibidez, edozeinentzat indartsuak diren bizipen batzuk ditu oinarri: haurdunaldia eta alaba baten etorrera, eta aitaren heriotza. Bi esperientzia horiekin batera datozen emozioak transmititzeko modua da sorkuntza.
Bizipenak berak nola baldintzatzen du musika hori?
Musika misterio bat da. Amaren bidez izan nuen lehen harremana poesiarekin, bere amarengandik ahoz jasotako erromantze tradizionalak errezitatzen baitzizkidan umea nintzela. Ni liluratzen ninduten amaren errezitatuaren kadentziak eta erritmoak. Uste dut horrek iraun egin duela nigan, eta, moduren batean, hitzaren zentzu musikala ezartzen duela. Gainera, jatorrian, poesia mousike zeritzonaren parte zen, musikarekin eta dantzarekin batera. Hau da, kantatua izateko hitz gisa jaio zen poesia, hitz-ereserki gisa.
Zure poetikan eskutik doaz tokikoa, pertsonala eta unibertsala. Nola uztartzen dituzu?
Uste dut bizipen pertsonalak hedatu daitezkeela esparru kolektibora, eta, egiaz, hori da poesiak duen ederrena: batzuetan, pertsona jakin baten esperientzian islatzen dela beste hainbatena, zeintzuek aterpea aurki baitezaketen hitz horietan. Horrek justifikatzen du idazketa: norbait hurbiltzen zaizunean esatera zure hitzekin negar egin zuela, edo haietan topatu zuela bere burua bizitzako momentu txar batean.
Poesia hitzekin sortzen dena baino gehiago izan daiteke, Feliz Idade-tik ondorioztatu daitekeenez. Adibidez, alaba bat ere poesia da.
Poesia maitasun ekintza da niretzat; ekintza horiek hitzekin adierazten dira batzuetan, baina, beste hainbatetan, ez. Munduan egoteko modu bat da poesia, errespetu, sentsibilitate eta maitasunez. Batzuek nahi gabe egiten dutepoesia beren egunerokoan, eta beste batzuek ariketa literario ona egin dezakete idazterakoan, baina ez literatura.
Beraz, maitasuna gakoa da zerbait poesiatzat jotzeko?
Noski, nik baietz uste dut. Maitasuna da poesiaren esentzia, ikusi besterik ez dago.
Nola ikus daiteke?
Sentsibilitatearen bidez, eta hurkoa gizakitik gizakira eta emoziotik emoziora kontenplatzeko joerarekin.
Badago Feliz Idade-n olerki bat, Falar en paxariño (Txoritxoeraz hitz egitea), non hitzezko komunikazioa jada ez den eraginkorra, eta, beraz, laztanen bidez gauzatzen da komunikazioa. Zure poetikaren zati da hitzezko komunikazioaren mugez hausnartzea?
Uste dut poeta guztiok dugula joera hitzaren muga bilatzeko, baita komunikazio transzendentearen aukerak eta lengoaiaz harago dagoena ere. Olerki horri dagokionez, egoera pertsonal jakin batek narama horra: nire aitak mintzamena galdu izanak. Aita ahozko narratzaile oso ona izandakoa zen; beraz, are mingarriagoa da, ahalmen paregabe baten galera baita. Bizipen horrek narama poesiaren hitzetatik haragoko esanahia ikertzera.
Ukimenaren komunikazioa berarekin bizi izan genuen familiakook: bagenekien ezin zuela hitz egin, baina ikusten genuen nola heltzen zion eskutik bilobari ikusten zuen bakoitzean; beste era batera saiatzen zen maitasuna adierazten. Hitzekin lan egiten duen norbaitentzat, saihestezina da horrek gogoeta eragitea. Feliz Idade-ren ondotik idatzi ditudan testuetan, ideia horretara itzuli naiz, baina are muturrerago eramanda: hau da, nola komunikatu gaitezkeen bizitzatik harago, aita jada ez dagoenean materian baina memorian dirauenean; alegia, nola ahalbidetu dezakeen poesiak, memoriaren bitartez, maite dugunekin hitz egiten jarraitzea.
Hitzek boterea ere badute. Izan ere, Feliz Idade-n 30 belaunaldi islatu dituzu zazpi urte eskasean jazotako bizipenetan.
Une batzuetan, elkarrizketa ia espektral bat dago memorian, baina presente ez dagoen komunitate batekin. Izan ere, liburuan nire herriko pertsonak ere badaude: dagoeneko ez daude hemen, baina haiekin bizi izan nintzen. Maitatu nituen, oraindik ere maitatzen ditut, eta bizirik diraute olerkietan. Beraz, elkarrizketa materiala eta immateriala dago, memoriaren bidez ikusezina ikusgarri bilakatzeko behar bat, eta jada ez dagoena presente egitekoa, kontzeptuaren zentzu tradizionalean.
Alde erlijioso bat ere badago?
Ez erlijiosoa zentzu katolikoan, baina badago alde espiritual edo, behintzat, transzendente bat. Hau da, materiaz harago doan hitz bat, ezagutza mota intuitibora heltzen dena: hori da poesiak eskaintzen diguna.
Feliz Idade-n aipatzen duzu edertasuna dela garrantzitsuena. Baina edertasun paradoxikoa da, biltzen baititu orobat alabaren jaiotza eta aitaren heriotza. Zuretzat, zer da edertasuna?
Edertasuna bizitzaren osotasuna da. Ezin dezakegu edertasuna ulertu bizitzaren presentziarekin soilik: bizitzaren zikloa existitzen delako, baina baita heriotzarena ere. Bi ziklo horiek batuta onartzeak ematen dio zentzua munduan egindako bideari, eta galerak jasaten laguntzen digu. Alabari eskaintzen diodan hitzaurre-gutunean, saiatzen naiz hari azaltzen gizaki baten heriotzarekin materia indibiduala soilik desagertzen dela, baina pertsona hori betikotua geratzen dela bere ondorengoen eta memoriaren bitartez. Eta baduela, halaber, jarraikortasuna naturan. Horregatik dago poema bat Mentres a herba medre (Belarra hazten den bitartean) izenekoa. Nire aitaren heriotzaren ondorengo lehen udaberria heldu zenean, eta ikusten nuenean belarra hazten, are modu neurrigabean, eta loreak jaiotzen, eta, orokorrean, bizitza biziberritzen, sakonki ulertu nuen kosmosak nola funtzionatzen duen, eta bizitza ez dela inoiz eteten. Aita laboraria zen, eta berak ulertzen zuen naturaren zentzu sakon hori; legatu hori nigana heldu denez, onartu ahal izateak galeraren mina arintzen dit.
Ziklo hori zure olerkien forman ere agertzen da, ezta?
Ez dut nahita egin, baina estruktura zirkularra modu naturalean atera zen Feliz Idade liburuko olerkietako askotan. Zirkularra da liburua, nahiz eta narrazio pertsonal edo familiar gisa irakurri daitekeen kasik.
Olga Novo. Poeta
«Poesiaren esentzia maitasuna da»
Inspirazioa, musika eta, oroz gain, maitasuna. Osagaiok ditu abiapuntu Novoren poesiak. 'Feliz Idade'-n, argitaratutako azken lanean, alabaren jaiotza zein aitaren heriotza kontatzeko balio izan diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu