Testua: Wajdi Mouawad.'CIELOS'
Itzulpena eta zuzendaritza: Sergio-Peris Mencheta
Aktoreak: Marta Belmonte, Patxi Freitez, Alvaro Monje, Pedro Rubio, Javier Tolosa
Tokia: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia
Eguna: Ekainaren 22a
Zer dute komun matematikak eta poesiak? Zer, edertasunak eta bortizkeriak? Aurkakoak diruditen poloak elkartzen ditu Wajdi Mouawad idazle libanoar-kanadarrak; mundu osoan ezagun egin duen Le sang des promesses tetratrilogia indartsuari esker: Forêts,Littoral, Incendies, eta Ciels obrek osatzen dute tetralogia hori.
Azken horretan oinarrituta dago Sergio-Peris Mencheta itzultzaile eta zuzendari madrildarrak taula gainera eraman duen obra. Aurreko galderari erantzunez: aitak semea hiltzen duen moduan, semeak aita hiltzen duen bezala… halaxe besarkatzen du poesiak matematika, halaxe egiten dira konplize edertasunik argitsuena eta bortizkeriarik krudelena. Horixe baita Mouawadek maisuki helarazten duen gaia: humanitatearen tragedia. Edozein tragediaren moduan, mitologiatik eta gai existentzialetatik edaten duen arren, tentsioz betetako thriller honek egilearen nortasuna nabarmentzen du: XX. mendeko gazte-belaunaldi sumindu bat, haurrak zireneko gerren mendekua bilatzen duena… nola, eta mendebaldearen bihotzean eraso terroristarik bortitzena eraginez… poesia eta artea bidelagun dituztela.
Istorio hau fikziozkoa den arren, gaurkotasun mingarri baten oihartzuna sumatzen da: biolentziaren ziklo amaigabearen zentzugabekeria, trauma transgenerazionala. Mouawadek, akaso, libanoar haurren omenez hasi bazen ere, palestinarren patua utzi zuen idatzita.