Poesian zein bizitzan botereari aurre egindako hiru poeta

Ingeborg Bachmann, Eugenio Montale eta Jorge de Senaren antologiak kaleratu ditu Susak Munduko Poesia Kaierak bilduman

Hiru liburuen itzultzaileak: Anjel Lertxundi, Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Nagore Tolosa. ANDONI CANELLADA / ARP.
Juan Luis Zabala
Donostia
2015eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Munduko Poesia Kaierak bildumako 10, 11 eta 12. liburuak plazaratu berri ditu Susa argitaletxeak: Ingeborg Bachmannen poesia antologia, Nagore Tolosak atondu eta euskaratua; Eugenio Montalerena, Anjel Lertxundik atondu eta euskaratua; eta Jorge de Senarena, Rikardo Arregi Diaz de Herediak atondu eta euskaratua. XX. mendearen lehen erdialdean nabarmendutako poetak dira hirurak, Bachmann, Montale zein De Sena, hirurak aldez edo moldez ezarritako boterearen aurka borroka egindakoak, dela beren poemen bidez, dela ekintza politikoaren bidez.

«Bachmannentzat, poetaren eginkizuna gizon-emakumeak ametsetik esnarazi eta hausnartzera bultzatzea zen , errealitateaz jabe zitezen», Nagore Tolosak azaldu duenez. Baina asmo horrekin bat ez zetorren harrera izan zuen Bachmannen poesiak, oso arrakastatsua baina egilearen asmoekin bat egiten ez zuena: «Bigarren Mundu Gerraren ondorengo stablishment kontserbadorearen aurka jo nahi zuen bere lanekin, hori zen haren jarrera; baina, paradoxikoki, botere horren eskuetan erori zen haren lana, eta botere horren biktima izan zen. Harrera modu dominanteen eta egilearen intentzioaren arteko ezberdintasunaren adibide klasiko batda Bachmannena».

Eugenio Montale, berriz, poeta «konplexua» da, «alde askotatik begiratuta», Lertxundiren ustez. Haren poesia itzultzen hasi zenean aukera hori egin izana damutu zitzaion, gero damu hori «bozkarioa» bihurtu bazaio ere.

Hondakinen poesia

«Faxismoaren erdian idazten hasi zen Montale, baina Gabriele d'Annunzioren poesia aberkoi eta entusiastaren antipodetan zegoen», Lertxundik azaldu duenez. «Guztiz antifaxista zen, baina ez zen nabarmentzen politikoki edo sozialki, aktibitate guztia bere poesian kokatzen zuelako».

Montaleren poesia «hondakinen poesia» da, Lertxundik dioenez. «Montaleren poemetan, askotan dago hondakinetako elementuren bat, elementu baztertu bat, signifikazio poetikorik izan gabekoa, poeman deklaratzen duena iluminatzen». Arte povera edo arte pobrea izeneko mugimendu artistikoaren sortzaileek Montaleren eragina aitortu zuten hasieratik, eta mugimenduaren izena ere Montaleren Arte povera poematik hartua da (liburuaren 38. orrialdean).

Hasierako hermetismotik pixkanaka-pixkanaka poesia argiago batera igaro zen Montale urteek aurrera egin ahala, «leihoak zabalduko balitu bezala». Irakurleari, horrenbestez, «eramangarriagoa» egiten zaio Montaleren azkenaldiko poesia hasierakoa baino, eta «interbentzio sozialean eraginkorragoa» ere bada Montaleren azkenaldiko poesia hori.

Kontrarioen uztarketa

Sofia de Mello eta Eugenio de Andraderekin batera, Fernando Pessoaren ondorengo portugesezko poesiaren gailurretako bat da Jorge de Sena, Rikardo Arregi Diaz de Herediak azaldu duenez. 1960ko hamarkadan —Portugaldik lehenik eta Brasildik gero ihes egin ondoren, erbesteraturik bizi zela—, lan handi eta eraginkorra egin zuen Pessoaren obra AEBetan ezagutarazteko.

«Adituek diotenez, hiru hitzetan laburbil daiteke De Senaren poesia», azaldu du Arregi Diaz de Herediak: «metamorfosia, lekukotasuna eta peregrinazioa». Portugalen bi joera nagusi zeuden aurrez aurre 1940ko hamarkadan: neorrealismoa eta surrealismoa. «De Senak hori gainditu egin zuen, eta kontrarioen konplementazioa egin zuen bere poesian. Errealismoa eta surrealismoa uztartu zituen, lirismoa eta dramatismoa, sentipena eta pentsatzea. De Senarentzat, poesia komunikazio bide modu bat da, poetaren, munduaren eta hizkuntzaren arteko harremanak ulertzeko, eta baita objektibismoaren eta subjektibismoaren arteko lotura egiteko ere».

Oso idazle oparoa izan zen De Sena. Poesia ugari ez ezik, nobelak, ipuinak eta antzerkia ere idatzi zituen, eta baita saiakera literarioak ere, Camoes eta Pessoari buruzkoak batik bat. Horrez gain, 20 poeta baino gehiagoren lanak itzuli zituen portugesera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.