Poesia zoldaz biluzteko saioa

'Ez naiz Fujin izan' haikuz osatutako liburua argitaratu du Josetxo Azkona idazleak

Inigo Astiz
Iruñea
2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
«Errealitatea poetikoki ulertzeko modu bat». Hori da haikua, funtsean, Josetxo Azkona idazlearen hitzetan (Iruñea, 1953). Aurrez ere landua zuen generoa; Goilara bete hitz eta Arbola naiz, eta zuhaitza poesia liburuetan bazen japoniar poesia molde honetako alerik, baina oraingoan, liburu osoa eskaini die: Ez naiz Fujin izan. Jorratu beharreko bidetzat aipatu du haikuena Jose Angel Irigarai poeta eta Pamiela argitaletxeko kideak. Erronka gisa. «Nola erantzi zoldaz eta nola biluztu poesia. Mugarri bat da poetarentzat haikua, oso gimnasia berezia, eta benetako saioa egin du Azkonak».

Detaile txiki bat aipatu du Azkonak haikuekiko zaletasunaren sorburutzat. Objektu xume bat: orriak markatzeko bat. Iruñeko Auzolan liburu dendan ikusitakoa, atzo bere liburua aurkezteko hautaturiko leku berean, hain zuzen ere. «Leteren bi poema zati zituen orriak markatzeko hark alde batean, eta Ryokan-en haiku bat gazteleraz bestean. 'Lapurrak ilargia ahaztu zuen leihoan'. Lapurtzeko ezer gutxi izango zuen, baina lapurra sartu zitzaion etxean Ryokani, eta horretaz ohartu, eta leihoan ilargia ikustean sortu zitzaion haikua. Hamazazpi silabatan narrazio oso bat egiten du, eta zeinen ederra! Hala hasi zitzaidan haikuekiko zaletasuna pizten». Eta hasierako miresmen hartatik abiatuta sortu da liburua ere. «Era naturalean».

Tradiziozko generoa da haikugintzarena Japonian, Azkonak bere liburuko aitzinsolasean azpimarratzen duenez, mendez mende landu eta ondutakoa. Hortaz, baditu bere legeak, eta horiek ere hartu ditu kontuan Azkonak bere poemak idazterakoan. Ez beti, ordea. «Haikugile klasikoek ez zuten atsegin barruko sentimenduak azaltzea, baina nik idatzi ditut haiku intimo batzuk».

Badira ildo klasikoagoko haikuak ere. Haikuak irudiaren bidez sortzen duen funtsezko harridura hori bilatzen duten poemak: «Ohi bezala,/betiko bide beretik./Dena hain berri!». Ez du Azkonak arauen menpe ibili nahi izan, ordea; «aske» baizik, «malgutasunez». Hitzaurrean Basho poeta klasikoaren haiku bat aipatuz justifikatzen du, gainera, bere jarrera. «Ez ibili asaben gibelean. Ibil zaitez, bai ordea, haiek berek bilatu zutenaren bila».

318 poema ditu liburuak; ez gaika antolatuta, ordea, Azkonak zehaztu duenez, «errealitatea ere gaika antolatuta ez dagoelako». «Oroz gain, 'orain eta hemen' gertatzen denaren berri eman behar du haikuak. Ezin da errealitatea nola gureganatzen dugun programatu edo planifikatu. Oharkabean suertatzen zaigu, eta era anarkikoan datorkigu. Ondorioz, hari buruzko pertzepzioak ere anarkiko samarrak dira».

Ez itsusi, ez ederrik

Errealitateaz egun dagoenaz bestelako pertzepzio bat ageri dute haikuek, Azkonaren hitzetan. «Haikugileentzat ez dago gauza eder eta itsusirik, denak du mami bera. Ryokan, Basho eta bestek poema asko dituzte pixa, kaka eta puzkerrei buruz». Eta jarrera bera hartu du Azkonak ere, zenbaitetan: «Komun bustia./ Ez dauka aitonak/ punteria ona».

Motzak izan arren, ohikoaz bestelako irakurketa bat eskatzen dute haikuek, Azkonaren ustez. «Beste erritmo bat behar dute. Ez dira egunkariak, saiakerak edo nobelak bezala irakurri behar. Beste patxada bat behar dute. Irudia da poemaren oinarria, eta irakurleari dagokio haikuan aipatzen dena irudikatzea». Horregatik dio Azkonak poema erdia baino ez dagoela liburuko haikuetan: «Beste erdia irakurleak jarri behar du». Liburuari izenburu ematen dion poema aipatu du adibidetzat: «Ez naiz Fujin izan./ Moncayon, bai ordea./ Izana naiz Fujin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.