'Poesia mailu bat da’ literatura jaialdia egingo dute bihar Gasteizko gaztetxean

Joseba Sarrionandiak, Uxue Apaolazak eta Martin Bidaurrek parte hartuko dute. Azpimarra irakurle taldeak antolatu du, literaturaren «funtzio soziala» aldarrikatzeko.

Uxue Apaolaza idazleak parte hartuko du jardunaldietan.
Uxue Apaolaza idazleak parte hartuko du jaialdian. RAUL BOGAJO /FOKU
edurne begiristain
2024ko ekainaren 5a
11:00
Entzun

Poesia mailu bat da literatura jaialdia egingo dute bihar Gasteizko gaztetxean, Azpimarra irakurle taldeak antolatuta. Literatura «mundua ulertzeko eta aldatzeko» tresna gisa aldarrikatzeko, egun osoko egitaraua ondu dute: besteak beste, itzulpen tailerra, mahai ingurua, poesia errezitala, kantaldia, erakusketa eta liburu bilketa egingo dituzte, goizetik iluntzera arte. Poesiak eta literaturak, beste arte adierazpenek bezala, «funtzio soziala» izan behar dutela uste dute antolatzaileek, eta gaian sakontzeko parada ireki nahi dute jaialdian.

«Ez dugu nahi poesia plastikozko lore bat izaterik. Ez dadila erakusleihoan begiratzeko produktu polit bat izan, ezta erabili eta botatzeko klinexa ere. Ez dugu edertasunaren edo artearen gorazarrerik nahi. Ez dugu nahi hodeietako printzeen istorioekin burua berotzerik. Ez dugu bestsellerrik, sari potolorik edo dibertimendu hutsalik nahi». Adierazpen hori irakur daiteke Azpimarra taldeak jaialdiari buruz prestatutako oharrean, eta horixe bera da Larraitz Fagundez taldeko kideak azpimarratu duen ideia: «Konpromiso soziala, askatasuna eta berdintasunaren aldeko borroka nahi ditugu mahai gainera ekarri; eta literatura ere bai, borroka horretarako tresna delako».

Poesia mailu bat dela idatzi zuen Gabriel Arestik, eta ideia horretan oinarrituta antolatu dute jaialdia, baina, Fagundezek azaldu duenez, berdin-berdin balio die Bertolt Brechten «Artea ez da errealitatea islatzeko ispilu bat, forma emateko mailu bat baizik» esaldiak ere. «Artea eta poesia ulertzeko modu jakin bat defendatzen dugu; ez zaigu interesatzen entretenimendu hutsa edo ebasiorako den literatura; errealitatea eraldatzeko tresna bat gehiago izan behar duela aldarrikatzen dugu».

Galderen bueltan gogoetak

Itzulpengintza tailer batekin abiatuko dute eguna. Izan ere, itzultzailearen lanari bere lekua eman nahi izan diote jaialdian, eta galdera batzuen jiran arituko dira:  «Zer eta nola egin behar du itzultzaileak? Zein erronka ditu euskarazko itzulpengintzak? Nola idatzi hizkera formala?». Unibertsitate talde batek eskainiko du saio teorikoa, eta, gero, teknika ezberdinak lantzeko saio praktikoak egingo dituzte. Tailerrean parte hartzeko, sare sozialen bidez eman behar da izena.

Arratsaldean, berriz, ipuin kontalariekin bi saio egingo dituzte, eta gero artearen eta politikaren arteko harremanez jardungo dute Joseba Sarrionandia, Uxue Apaolaza eta Martin Bidaur idazleek mahai baten bueltan. Fagunedezek azaldu duenez, idazlea eta gizartea parez pare jartzea da asmoa, hainbat galderaren inguruan: «Literatura izan al daiteke gizartetik at dagoen esparru autonomoa? Nondik eta norentzat idazten du idazleak? Nork du idazteko denbora eta nork ez? Euskarazko literaturaren munduak edo merkatuak zer ezaugarri ditu? Kezkatzen gaituzten auziak izango ditugu hizpide», kontatu du.

Poesia errezitala, mikro irekia eta Zaballako espetxeko presoei bidaltzeko liburu bilketa ere egingo dituzte jaialdian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.