Poesia ilunetik pintura alaira

Mikel Lasaren 200 margolan biltzen ditu 'Bidaia kaierak' erakusketak KM kulturuneko ganberan

Saint-Remy-de-Provenceko erietxea, Lasaren 2007ko margolan batean. Erietxe horretan zela, margolan ugari sortu zuen Vincent van Goghek. Z / BERRIA.
Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Duela 25 urte, 1989an, Kontxako hondartzaren ondoan paseatzen ari zela, 70 urteko irlandar bidaiari argal bati erreparatu zion mirespenez Mikel Lasak (Donostia, 1938). Gizon harengan «ibiltari eredu bat» atzeman zuen, eta atzetik jarraitu zion pixka batean, harenganako interesak eta jakin-minak hartaratuta. Hura ikusi ondoren, berak ere eredu hari heltzeko asmoa erne zitzaion. 15 urte geroago, 2004an, erretiroa hartutakoan, asmo hura gauzatzen hasi zen. Harrezkero dozenaka bidaia egin ditu azkeneko hamar urteotan, Europan barrena gehientsuenak, trenez edo hegazkinez aurretik hautatutako leku batera joan eta gero han batetik bestera bizikletan ibiliz, eta tarteka begien aurrean agertzen zaiona margolanetan islatuz. Margolan horietako batzuk ikus daitezke egunotan, apirilaren 26ra bitarte, Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko ganberako Bidaia kaierak erakusketan. 200dik gora lan dira orotara; akuarelak, pastelak eta marrazkiak, tamaina txikikoak denak. Artistak apunte gisa idatzitako prosazko testu batzuen eskuizkribuak irakurtzeko aukera ere eskaintzen du erakusketak.

Kasurik gehienetan, idazle edo artista bat izan da bidaia nora egin erabakitzeko arrazoi nagusia. Recanatin izan da, adibidez, Giacomo Leopardi italiarraren jaioterrian; William Butler Yeats poeta irlandarraren jaioterria eta hilobia bisitatu ditu, Georgevillen (Dublin) eta Drumcliffen hurrenez hurren; Vincent van Goghen margolari herbeheretarra izandako hainbat gune ezagutu ditu… Italia da gehien erakarri duen herrialdea, baina Frantziako eskualde asko ere bisitatu ditu,eta Espainia, Portugal eta Greziakoak ere ez gutxi.

«Van Goghen bila» zebilen batean, Saintes-Maries-de-la-Mer herrixkan (Frantzia) izan ondoren Arleserantz abiatu zen, eta bazter batean ikusitako paisaiak erakarrita bizikletatik jaitsi eta pintatzen hastea erabaki zuen. Hartan ari zela, gizon bat hurreratu zitzaion, esanez duela gutxi arte leku hartan egon zen kartel batek adierazten zuela Van Goghek margolan bat pintatu zuela hantxe. «Van Goghekin izandako ustekabeko topaketa bat» izan zen hura Lasarentzat. Saint-Remy-de-Provenceko erietxean ere Van Goghen arrasto ugari aurkitu zituen, han seinalatuak baitaude artista margotzen aritutako hainbat leku. «Ni ez nintzen Van Goghen atzetik ibili hura imitatzeko edo bere estiloa imitatzeko», argitu du Lasak, «berarekiko dudan maitasuna adierazteko baizik».

Lasak duen pintatzeko moldearen ezaugarri nagusia «bat-batekotasuna» da, hark azaldu duenez. «Hasten naiz pintatzen estimulu bat hartzen dudan edozein tokitan, zuzenki ekiten diot pintatzeari, inolako zuzenketarik gabe, eta ateratzen zaidana ematen dut, bere akats eta makur guztiekin. Akatsen bat ikusten baldin bada, eta nabarmen gainera, ez zait batere axola. Literaturan esan ohi da idazleak bi multzo handitan bereizten direla: batzuk dira artisau idazleak, Gustave Flauberten eredukoak; oso kontu handiz eta zuzenketa askorekin idazten dute, gauza asko ezabatu eta berridatziz; beste batzuek, aldiz, Stendhalen eredukoak, bat-batean idazten dute, akatsengatik arduratu gabe. Lehenengoek nahiago dute beren obra egilea bera baino altuago gera dadin; bigarren multzokoek egilea jartzen dute obraren gainetik. Ni, Flaubertekin eta Stendhalekin ditudan distantziak distantzia, bigarren multzo horretakoa naiz.

Poesia idazteari utzia

XX. mendeko euskal poesiaren historian arrasto sakon eta estimatua utzitako idazlea den arren, poesia idazteari erabat utzi dio Lasak, eta ez du zeregin horretara itzultzeko asmorik. «Idaztea oso zaila egiten zait», azaldu du. «Nik bolada bat izan nuen poesia idazteko, oso motza eta, gainera, emaitzetan urria. Zazpi bat urte edo iraun zuen bolada hark. Nire baitan halako musika bat sentitzen nuen, hitzen musika bat, eta hori sentitzen nuen hain zuzen ere nire gaztaroko urte askotan euskaraz hitz egitea oso zaila zelako eta nire bizitzaren inguruan gertatzen zen gauza bat zelako. Orduan asko irakurtzen nuen, eta hizkuntza nolabait baitaratu egin nuen, barneratu, eta hizkuntza niretzat zen hizkuntza mental eta barneko bat. Eta gero, beharbada euskararen soziologizazioarekin batera, berriro bueltatu nintzenean Euskal Herrira, barneko musika hori galdurik nuen, eta galdurik nuenean idazteari utzi nion».

Gaur egun Mikel Lasak margolanak egiteko duen modua bat dator garai batean poesia idazteko zuenarekin. Lehen poesia bezala sortzen baitu orain pintura: bat-batean. «Ez dut gogoratzen inoiz mahai baten aurrean eseri naizenik poemak idaztera. Barnetik sortzen zitzaidan eta gero bat-batean izkribuz eman eta bere horretan uzten nuen, inolako ukitu eta zuzenketarik gabe».

Baina «diferentzia bat» ere bada» bere poemen eta bere margolanen artean, egileak ohartarazi duenez: «Niretzat, idaztea sufrimendu bat da, eta beharbada nire alde ilunenak ekartzen ditu berarekin batera. Eta pinturak ez. Pintura gauza alai bat da, eta oso bitala. Alderdi horretatik, gaua eta eguna bezalakoak dira, niretzat, idaztea eta pintatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.