Hostoak erortzen hastearekin batera, liburuak labeetatik ateratzen hasten dira udazkenean. Idazle berriak plazaratzen eta zaharren lanak berrargitaratzen dira sasoi honetan.Urria eta azaroa liburu aurkezpenen hilabeteak izaten dira, abenduan Durangoko Azokan, jaso beharreko uzta ezagutzeko.Azken errepasoak egin, orraztu, azal eta kontrazalez jantzi eta liburu asko kalera irteteko prest daude, baina argitaletxe batzuk larri-larri dabiltza oraindik liburu batzuekin iritsiko direnentz. Hona hemen egilearen eta gaiaren arabera liburuak ezagutu aurretik nabarmentzen diren ale batzuk:
-poesiaz blai: Euskal literaturak udazkenean emango duen berrienetakoa poesiaren alorrean izango da, batik bat. Poesia liburuak eleberriak adina izango dira ia-ia. Eta idazkuntzan murgildu diren idazle berri zenbait ere poesiaren magalean abiatuko dira, Jon Aiastui Biolinaren jatorria (Elkar), Xabi Borda Birika zatiak (Susa) eta Gotzon Barandiaran Arrakalak (Susa), esaterako. Azken urteotan zendu diren bi idazleren poemarioak ere ezagutaraziko dira: Andolin Eguzkitzaren Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki (Susa) etaBitoriano Gandiagaren Adio (Elkar). Horiez gain, Galeuscaren euskal, kataluniar eta galiziar idazleen topagunearen ondorio, hiru hizkuntzatako poemen lagin bat argitaratu du Pamielak.
-iaz eta aurten: Durango bezperetan liburuak aurkezten aritu ziren hainbat idazlek errepikatuko dute aurten: tartean Edorta Jimenezek, Joan Mari Irigoienek, Felipe Juaristik eta Jon Arretxek. Irigoienek askotan aipatu duen liburua idatzi du, futbolaren inguruko Odolean neraman (Elkar).
-loturarik lotura, eleberria:Narrazioak elkarrekin lotuz nobela bana idatzi dute Itxaro Bordak Zeruetako erresuma (Susa) eta Pablo Sastrek Elurretan hotsak (Susa). Sastrek eta Urtzi Urrutikoetxeak ere teknikoki antzekoak diren nobelak egin dituzte: Dublindarrak-en antzera, pertsonaia ugari nahasten diren liburuak, batak Andoain ardatz harturik, eta, besteak, Bilbo.
-hainbat idazle, liburu bat: Xabier eta Martin Etxeberriak road-movie tankerako eleberria idatzi dute elkarrekin. Norberak idaztearen jolasarekin ez aski, anaiak idatzitako ildoari jarraitu diote, Itxoidazu Café de Passy-n liburuan. Egile bat baino gehiago elkartzen dituen beste libururik ere izango da udazken honetan, joan den hamarkadan kaleraturiko ipuinen antologia Ipuin izugarriak (Elkar), esaterako. Lehenengo aldia ardatz harturik ipuin erotikoen bilduma egin du Juan Martin Elexpuruk, Lehenengo aldia (Txalaparta) eta argitaletxe horrek berak Aitor Aranak koordinaturik 11 gay euskaldunen elkarrizketa liburua plazaratuko du.
-hausnarketa eta eztabaidarako saioak: Udazken honetan hausnarketarako eta eztabaidarako gai ugari eskainiko dituzte euskal idazleek: Euskararen inguruan Txillardegiren artikuluen bilduma eta komunikazio esparrua trinkotzeko ahaleginei buruz AitorZuberogoitiak egin duena argitaratu ditu Elkarrek. Gizarteaz orokorrago hausnartu dute Bixente Serrano Izkok Bakezale gerlari horiek (Pamiela) eta Asier Blasek Atzoko eta gaurko harresiak (Txalaparta). Beren gogoetak plazaratuko dituzte, halaber, Filipe Bidart euskal presoak Bakartasunaz bi hitz (Txalaparta) eta Pako Aristik Gauza txikien liburua (Erein) lanetan.
-handiak txikientzat: Euskal literaturako idazle handien izenak agertzen dira haur eta gaztentzako liburuen artean. Hala nola, Mariasun Landa, Juan Kruz Igerabide edo Felipe Juaristi.
UDAZKENEKO LIBURU ETA DISKOAK
Poesia hostoak
Poesia liburuz betea dator nobedadeen zerrenda, eta hausnarketarako ere izango da gairik kaleratuko diren lanetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu