Ida Vitale. Idazlea

«Poesia ez da kutsatu behar»

Bilbora egin duen bisitan, poeta uruguaitarrak ezeren menpe jarri gabeko poesiaren alde egin du, eta oraindik ere, 98 urterekin, idazten jarraitzen duela dio. Bizia eta buruargia da haren jarduna.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Poesiaren lurraldean, poesiaren gobernua baino ez du errekonozitzen Ida Vitale idazleak (Montevideo, 1923). «Kausa justifikatuta egonik ere, ez zait gustatzen poesia beste ezeren menpe jartzearen ideia; oraindik badu pixka bat aske izateko eskubidea». 1945eko belaunaldiko kide izan zen Vitale, Mario Benedetti, Juan Carlos Onetti, Idea Vilariño eta beste hainbatekin batera, Mexikon izan zen erbestean 1973tik 1985era artean, diktadura zibiko-militarretik ihesi, eta AEBetan ere izan zen gero denboraldi batez, baina Montevideon bizi da egun, eta Uruguaiko literaturaren izen handietako bat da berea. Saiakerak eta itzulpenak ere baditu argitaratuta, baina poesiagatik da ezagun, batez ere. Alor horretan jaso ditu Octavio Paz saria, Federico Garcia Lorca saria eta Miguel de Cervantes saria, beste hainbaten artean; 1949an eman zuen argitara bere lehen poema liburua, La luz de esta memoria (Memoria honen argia), eta iaz 24.a, azkena, oraingoz behintzat: Tiempo sin claves (Klaberik gabeko denbora). Azaroaren 2an beteko ditu 99 urte, eta Bilbon izan da egunotan, Bilbao Poesia jaialdiak gonbidatuta, bertan aritu da BERRIArekin eta beste hainbat hedabidetako hiru kazetarirekin, eta, ezinbestean, bizitza prosaikoaren tiraniaren pean joan da solasaldiaren parte handi bat.

«Nire teoriaren arabera, ez da gauzei buruz gehiegi idatzi behar; agian denbora eman behar zaio gogoetari. Hau ez delako pilota joko bat, erantzun azkarrak eskatzen dituena. Sekula ez didate eskatu kolpean erantzuteko. Edo agian bai? Ez dakit». Poesia gehienetan labur, argi eta gardena da Vitalerena, maiz, inguratzen duen historiaren eta biografiaren gainetik hegan doana. Abstrakzio izan gabe, gertakari eta gauza zehatzei gehiegi lotu gabea. Eta horregatik gauzei gehiegi ez lotzeari buruzko azalpena. Nekez topatuko du irakurleak egilearen biografiaren arrasto zuzenik edo une historikoei egindako aipamen zehatzik ere ehunka orri hartzen dituen bere ekoizpen poetikoan. Hain justu, ezaugarri horiengatik izendatu ohi dute poesia esentzialistaren egile gailenen artean.

Argitaratu duen azken liburuko Konpentsazioak poema izan daiteke horren adibide. «Ez nuen jakin, Lambek bezala, enararen hegaldia/ eskuekin geldiarazten./ Apenas heldu zen txantxangorri bat/ nire eskuetan jatera./ Gauza asko gertatzen dira hitzen bazterrean,/ nola geldiarazi jakin gabe doazenak./ Ez daitezela galdu itzaletan/ akaso inork espero dituenak».

Bizitasuna eta umorea

Aurrez aurrekoan, bizia eta umoretsua da idazlearen jarduna, eta, Bilbon, neke arrastorik gabe egin die aurre antolatzaileek lotutako ekitaldi guztiei: bi topaketa goizez, prentsarekin, eta irakurketa saioa arratsaldez. Baina hobeki entzuteko eraman ohi duen entzungailua irentsi dio Ibaizabalek, justu, elkarrizketa egin aurreko egunean ontziz egindako txangoan, eta, beraz, ondoan zuen alabak lagunduta, errepikatuta eta sinplifikatuta bakarrik ulertu ahal izan ditu kazetarien galderak. Ondoren, harrigarriki garden eta trabarik gabe heldu dira erantzunak, iturri emaritsu batetik bezala.

«Askatasunean baino ez dut idatzi», azaldu du. «Poesiak arau batzuk bete behar dituela uste dut, baina, bestalde, ez dut sekula sentitu arau horiek zamatsuak zirenik. Aukeratu egin nituen. Poesia politikoa dago horren atzean, eta arriskutsua da. Beti pentsatu dut [Pablo] Neruda, sakonki miresten dudana, apalagoa dela bere posizio politikoek behartuta idazten duenean».

Sekula ez du nobelarik idatzi, eta pena agertu du horregatik Vitalek. «Oxala nobela handi bat idazteko gai izan banintz, baina sekula ez nintzen saiatu. Stendhal ez da egunero jaiotzen». Umetatik lerratu zen poesiarantz, ordea. «Gure literatura irakaslea nire lagun baten aita ere bazen, eta garai hartako poeta nagusietako bat ere bai. Ez dut uste orain asko entzuten denik: Carlos Sabater. Bere liburutegi guztia utzi zidan. Zetorren guztia irakurtzen nuen, eta gehiago interesatzen zitzaidan nobela, poesia baino, baina sekula ez nintzen animatu; porrot hutsa izango litzateke. Ez nintzen ohartu poesia nobela bezain zaila izan zitekeenik, bestelako arrisku eta zailtasunekin. Eskurago nuela pentsatu nuen».

Vitalek ontzat ditu legeak eta arauak poemak idazterakoan, eta, dioenez, maite du sonetoaren exijentzia, baina, haren ustez, norbere baitatik sortu behar dira norberak jarraitu beharreko arau horiek. Eta, kasu honetan, azalpena emateko, Neruda eta Cesar Vallejo jarri ditu parez pare. «Momentu batez, gutxienez Amerika erdiak idazten zuen Nerudak bezala, eta nik beti izan diot izugarrizko miresmena, baina baita Nerudak duen arriskuaren kontzientzia ere. Eta gauza bera gertatzen da Cesar Vallejorekin. Soilik Vallejo imitaezinagoa dela, Nerudak badituelako bereak diren forma batzuk, maileguan hartzeko errazagoak direnak, eta Vallejok, aldiz, ez. Eta, hortaz, ondorioztatu dut Vallejo hobea dela Neruda baino. Hor badagoelako formara errenditu ezin den esperientzia bat, horren itxura eman dezakeen arren».

Poesiaren musikaltasunaz galdetu, eta tarte batera heldu da erantzuna. «Oxala musikaria izan banintz, eta ez poeta. Iruditzen zaidalako guztiaren gainetik dagoela musika. Badago joera bat, ez zaidana gaizki iruditzen, musika pixka bat alboratzekoa. Joera izaten delako, poesian, joaten uztekoa. Badira poesia hutsa diren forma batzuk, erromantzea, kasu batera, baina sasoi bakoitzak diskrezioa eskatu ohi du poesiaren musikaltasunari dagokionez. Arazo bat izaten da musikarena. Batez ere, bertso lerroren batean musika bat itsasten zaizunean, nonbaitetik sartu da, eta nekeza da gero behar ez den poesia ezabatzea». Eta berriz poesiaren arauen alde: «Poesiaren beharrak dira lehena, eta batzuetan ez dute musikarekin zerikusirik».

Eten bat, ondoren, eta esaldi borobil bat, azkenik, musikaren beharrei makurtzearen arriskuez abisu emateko. «Ez dago poema handi bat den ereserkirik».

Betebehar sozialaz

Jarraitzen ote duen idazten, eta baietz. «Gogoa dudanean idaztea da nire errutina, ez neure burua behartzea».

Eta baietz berriz, inoiz idazteari uztea pentsatu ote duen galdetuta. Baina ezetz.

«Arraroa da inspirazioaz hitz egitea... Burutazioa etortzen zaio bati tarteka. Ez dut sekula sentitu txartela betetzeko beharrik, uste dut ez dela ezer behartu behar. Inoiz ez didate errebolberrik jarri bularrean, zorionez. Batzuetan, pentsa dezakezu idazteko betebehar soziala duzula, batez ere, herrialde baten historiaren une batzuetan. Baina justu halakoetan pentsatzen dut poesia bazterrean egon behar dela, egon daitezkeela bestelako ordezko batzuk. Poesiak ez du kutsatuta egon behar. Inork horretarako beharra sentituz gero, ba ongi, baina ezin da helburu bat izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.