Poesia errezital kolektiboak

Itu banda eta Antxiñe Mendizabal Poesia Orduetan ariko dira astelehenean eta asteartean

Martin Bidaur bere poemak errezitatzen, Eako Poesia Egunetan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Andoni Imaz
2018ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Iraileko lehen astelehenean eta asteartean, Donostiako Viktoria Eugeniako Club aretoa poesiaz beteko da. Itu bandak Itzulerak izeneko errezitala emango du astelehenean, eta astearteko poesia emanaldia Antxiñe Mendizabalen Emakume burugabea liburuan oinarrituta dago. 19:30ean izango dira biak, eta gonbidapena beharko da sartzeko. Gonbidapenak leihatilan bertan banatuko dira doan, emanaldien egunean, 17:00etatik aurrera.

EIE Euskal Idazleen Elkarteak eta Donostia Kulturak urtero antolatzen dute egitasmoa, Donostiako Euskal Jaietan. Hala, jai girotik poesiara salto egiteko gonbita egiten dute programatutako ekitaldi parearekin.

Martin Bidaurren Itzulera (Susa, 2017) poesia liburutik abiatuko da Itu bandaren errezitala. Liburuaren gaia oinarri hartuta, horren gainean eraiki dute saioa, denen artean. Izan ere, lau kide ariko dira errezitatzen: Alazne Arruti, Paul Beitia, Jon Gurrutxaga eta Martin Bidaur. Izenburua «iradokitzailea» da, Gurrutxagaren ustean, eta, hari tiraka, testu sorta bat osatu dute. Lehendik idatzitako testu batzuk emanaldirako propio egindakoekin tartekatuko dituzte, «koherentzia eta kohesioa emanez».

Esperientzia eta gogoeta pertsonaletatik abiatzen da emanaldia, Bidaurren hitzetan. «Joatearen eta etxera itzultzearen inguruan» ariko dira itukideak, baita «hemen egoteari, norbere tokia bilatzeari buruz» ere. Formatu «soila» aukeratu dute errezitalerako; ahotsa eta hitza izango dira protagonista, baina zuzeneko musikaz lagundutako pasarteren bat ere egongo da.

Taldeak badu eskarmentua ikuskizunetan. Izan ere, Ituskizuna-rekin agertu ziren jendaurrean, Eako Poesia Egunetan, eta gerora etorri ziren, besteak beste, Isabel Iturberen bizitza eta heriotza, Zarauzko Literaturian eta Bilboko Loraldian, eta Sei aita gure, Bilboko Kafe Antzokian. Orain, taldea Lekore aldizkariaren azken zenbakia prestatzen ari da. Zenbaki berezia, aldizkariaren paperezko ibilbideari amaiera emango baitiote horrela.

Antxiñe Mendizabal idazleak eta Iraia Okina ilustratzaileak argitaratutako Emakume burugabea (Elkar, 2018) dago astearteko emanaldiaren oinarrian. Andre bat eta haren gorputza dira poesia forman egindako narrazioaren protagonistak; bere gorputza «okupatzen» duen andre bat, hain zuzen. Emakume onak etxea argitzen du esaera zaharrari heldu, eta hitz bakoitzarekin jolasean hasi zen Mendizabal, ipuineko protagonista, emakume burugabea, bere burua kentzera eramateraino.

Astearteko emanaldian, taldean ariko da hura ere. «Hitza, mugimendua eta musika uztartuz pentsatutako saio bat» prestatu dute, eta bertan ariko dira Antxiñe Mendizabal bera, Nerea Gartzia eta Pello Ramirez. Akordeoi, biolontxelo eta piano jotzailea da Ramirez, eta hark jarriko dio soinu-banda ikuskizunari. Taldeak poesia ipuineko marrazkiak alde batera utzi eta erdigunera ekarriko ditu hitzak. Oier Guillan idazleak pentsatu eta zuzendu du emanaldia; Metrokoadroka Sormen Laborategiko kidea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.