Orain arte, Arte Egunak egitasmoaren barruan antolatu izan dute Poesia Eguna Oiartzunen (Gipuzkoa), baina aurten, proiektua itxuraldatu, eta hiru egun iraungo duten Poesia Egunak izango dira, irailaren 13tik 15era. Bertan, errezitalak, performance «parte hartzaileak», hitzaldiak eta herri bazkaria izango dira, besteak beste.
Oraindik egitaraua osatzen ari dira antolatzaileak —1545 argitaletxea, Metrokoadroka kolektiboa, Hitzen Lihoa, Oiartzungo Udala eta Oiartzungo kulturazaleak—, baina aurreratu dituzte egun horietan izango diren ekitaldietako batzuk.
Hala, 13an, ostiralez, Loaldi Poetiko Herrikoia egingo dute. Oier Guillanek Loaren defentsan poema sorta errezitatuko du, eta ondoren publikoari elkarrekin lo egitea proposatuko diote. Errezitalaren ostean, ordu erdian behin, herriko aktore batek, loaren poema sortako ale bat hartuta, pieza labur bat eskainiko du. Tarte horrek goizaldeko ordu biak arte iraungo du, eta, ondoren, loaldia hasiko da. Jendeak lo egiten duen bitartean, argazkilari batek jendearen loa erretratatuko du, eta etorkizunean material horrekin pieza artistiko bat sortuko dute.
14an, berriz, hiru errezital sorta izango dira Oiartzungo bidegorrian. Lehendabizi, herritarrek errezitatuko dituzte poemak; segidan, herriko idazleek berariaz aurtengo gaiaren inguruan idatzitako testuak irakurriko dituzte —arrastoa da gaia—, eta, azkenik, aurten poesia liburuak plazaratu dituzten Euskal Herriko zenbait idazlek beren liburuetako aleak errezitatuko dituzte. Momentuz, idazle eta artista hauek parte hartuko dutela aurreratu dute antolatzaileek: Irati Jimenez, Oier Guillan, Titika Rekalt, Luix Mitxelena, Angel Erro, Mikel Etxaburu, Oihane Jaka, Maddi Sarasua, Aintzane Galardi, Gotzon Barandiaran, Rafa Rueda, Izar Azpiroz, Malen Elizasu, Ekhi Arizmendi eta Miren Azkarate.