Poesia ale bat, 1990eko hamarkadaren kontakizunerako

'Suak pizten direnean' poemarioa argitaratu du Mikel Soto Nolaskok, Elkar etxearekin. Editore ohiaren lehen liburua da, eta euskal gatazkaz ari da bertan, maitasuna motore bihurtuta

Mikel Soto, atzo, Donostian, bere poema liburuaren ale bat eskuan duela. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun

Editore gisa hamaika liburu aurkezpenetan parte hartua izanik ere, atzokoa berezia zen Mikel Soto Nolaskorentzat (Iruñea, 1978): berak idatzitako lehen liburua zen aurkeztu beharrekoa. Joanak zaizkio Txalaparta argitaletxearen editore urteak, izan ere, eta poeta gisa itzuli da orain, Elkar etxearen eskutik, Suak pizten direnean poema liburuarekin. Donostian aurkeztu zuen, Koldo Mitxelena Kulturunean, Elkar etxeko editore Xabier Mendiguren eskuinean eta Harkaitz Cano idazlea ezkerrean zituela.

«Lehendabiziko liburuak beti dira bereziak, baina zure editore izandakoaren liburu bat ez da egunero aurkezten», adierazi zuen Canok, aurkezpena hasi orduko. Eta anekdotaren gorazarrea egin zuen segidan: «Ongi aukeratutako anekdota sorta batek eusten digu batzuetan».

Mikel Sotorentzat anekdotikoa ez den kontu batetik sortu zen poema liburua, hala ere: konfiantzatik. «Asier Serranok galdetu zidan, duela urte eta erdi-edo, ea egingo nituen Mikel Gorosabel Norton-en kanta batentzako letrak». Baldintza bakarra jarri zion: beldurra izatea gaia.

Beldurra urratuz

Sekula kantu hitzik egin gabea zen. Beldurrari buruz bazekien zerbait, baina, «nerabezarotik, hainbat urtean, beldur konstante eta latz bat» bizi izan zuelako. «Horregatik sikiera, saiatzea merezi zuela iruditu zitzaidan». Ohean infernura begira kantaren hitzak hala sortu zitzaizkion. Gehiago ere bai, ordea. «Zerbait mugitu zidan barruan beldurrari buruz idatzi beharrak». Eta idazten segitu zuen. Bere gaztaroaren hamarkadara jauzi eginez, 1990ekora. «Oso hamarkada latza izan zen hura guztiontzat. Niri dagokidanez, orduko Iruñean, 16-17 urteko adingabeak Chinchilla komisariako laugarren solairuko leihoetatik zintzilikatzen zituzten». Eta Alde Zaharretik etxerako bidean ere, izugarriak gerta zitezkeen: «Nire inguruan hiru begi galdu ziren; neure aurrean bat, orain bizi naizen etxetik 25 metrora». Hamarkada hartan, Poliziaren pilotakadek eta ke poteek koman utzi zituzten Mikel Iribarren eta Txuma Olaberri; eta Alejandro Gorraiz edadetua, 1994an, Iruñeko Mercaderes kaleko bere etxean hil zen, ke pastilla bat leihotik sartuta. «Eta tiro egiten zizuten. Ni tirokatua izan naiz, Iruñeko ehunka gazte bezala. Beraz, eskafandra hartu eta garai latz haietara hasi nuen bidaia». Eta hara joan ahala, liburua gorpuzten hasi zen. Editorea idazle bilakatzeko bidean, idazketaren plazerarekin topo eginez.

Sotok ale bat erantsi nahi zion bere belaunaldiaren bizipenen kontaketari. «Nire belaunaldi politikoa dei dezakeguna nahiko agrafoa izan da». Jon Benitoren Bulkada eta Xabier Silveiraren A las ocho en el Bule-z gain, ezer gutxi. «Nik halako gehiagoren falta sentitu izan dut. Eta pentsatu nuen merezi zuela hutsune hori betetzen saiatzea». Egoera politiko berriak zintzotasun berri batez hitz egitea ahalbidetzen zuela ere pentsatu zuen.

Minaren metrika

«Ezagutzen ditugun eskalek ez dute balio mina, tortura, kartzela, insomnioa, herri baten akatsak eta norberarenak neurtzeko», Harkaitz Canoren hitzetan, eta horiek guztiak «ukigarri, ikusgarri eta sentigarri egiteko metrika bat» asmatu du Sotok bere testuetan. Liburuko lehen poematik argi utziz nondik abiatzen den: «Niretzat, historia hau,/ Txibi Euskal Jaiko sukalde zaharrean/ altxatu zen arratsaldean hasten da». Eta hortxe sua, Canoren aburuz: «Poemetako asko sutan daude, eta suaren erregaia poema bera da. Horrek ez du esan nahi autoimmolazio baten aurrean gaudenik, baizik eta erretzen diren gauzei egindako gorazarre bat dela hau, nolabait, eta erretzen diren gauzen artean, nagusi, gu geroni gaudela, eta gure oxidazio etengabea».

Euskal gatazkari buruzkoa da, bai, Suak pizten direnean. «Baten batek esango luke, eskubide osoz, terrorismoari buruz dela; eta besteren batek esango luke Euskal Herriaren askapen prozesuari buruzkoa dela, eskubide osoz hori ere». Eufemismorik gabe, baina eskuizkribua abokatuari erakutsita, editoreari bezala: «Lehen, hitzak geneuzkan, eta, orain, tabuak dauzkagu».

Poemak ditu orain Sotok. Eta poemok zeharkatuz, hainbat ardatz. Lehendabizikoa, abiapuntua izan zuelako, beldurra; eta beldurraren eskutik, adorea ere bai. «Gatazkari buruz asko hitz egin da gurean, baina oso gutxi hitz egin da beldurrari buruz. Uste dut absentzia hori gizonezkook daukagun sozializazioan bilatu behar dela, eta gizarte honen matxismoan dauzkala erroak».

Liburuko beste gai nagusietako bat: maitasuna. Lehen esalditik azkenera arte zeharkatzen du liburua. «Nire lagunekiko, hurbilekiko eta garai bateko burkideekiko maitasunak eta ternura sentimendu batek bultzatu nau idaztera».

Liburua jendaurrean irakurtzera ekingo dio orain, lagun artean. Hiru errezital egingo ditu, Pettiren musika lagun, Jon Alonso, Harkaitz Cano, Oier Guillan, Edorta Jimenez, Irati Jimenez, Galder Perez eta Ane Zabalarekin batera: hilaren 29an, Donostiako Ernest Lluch aretoan; urriaren 7an, Bilboko Itsas Museoan; eta urriaren 14an, Iruñean, Katakraken.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.