Antzerkia

Poemaz betetako bunker bat

Formol Laborategiak 'Heriotzak Eduardo du izena' estreinatuko du bihar, Usurbilen. Munduko Poesia Kaieren hamargarren urteurrenaren harira sortu dute obra.

Formol Laborategiko Intza Alkain, Edurne Azkarate eta Mikel Ibarguren lan berria entseatzen, Usurbilen. GORKA RUBIO / FOKU
Formol Laborategiko Intza Alkain, Edurne Azkarate eta Mikel Ibarguren lan berria entseatzen, Usurbilen. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Lasarte-Oria
2025eko otsailaren 20a
04:55
Entzun

Poesia liburu bat izan dute oinarri. Poemak lanabes nagusi. Eta horiek eszenaratzeko Susa argitaletxearen proposamena jasota, «poesia ez-errezital bat» sortu dute Formol Laborategiko Edurne Azkaratek, Intza Alkainek eta Mikel Ibargurenek. Hala definitzen dute, «oraingoz», Heriotzak Eduardo du izena obra. Poemek esaten zietenari jarraika, bunker batean sartu dira hiru kideak, eta ikusleak haiekin bunkerrean sartu nahi dituzte orain. Bihar egingo dute obraren estreinaldia, Usurbilgo Sutegi aretoan (Gipuzkoa), 20:00etan. 

Susak argitaratzen duen Munduko Poesia Kaierak bildumak iaz hamar urte bete zituela-eta jaso zuten argitaletxearen enkargua Formoleko kideek. Hamar urteotan 50 kaier plazaratu ditu bildumak, hildako poeten antologiak denak ere. Urteurrenean, baina, liburuki berezi bat ere prestatu zuten: Biziei ere omen izenburupean, urteotan bilduman parte hartu duten 39 itzultzaileetako bakoitzak bizirik den egile baten poema bat hautatu du, eta euskarara ekarri. Eta liburu hori eszenaratzeko erronka beren gain hartu dute Formoleko kideek. «Oso kaier eklektikoa da, ez du gaitegi komunik, adin eta herrialde desberdinetako poetak biltzen ditu... Eta gure lehen erronka izan zen ikustea zertan bat egin zezakeen horrek guztiak eszenaratze bilakatzeko», azaldu du Azkaratek.

«Oso kaier eklektikoa da, eta gure lehen erronka izan zen ikustea zertan bat egin zezakeen horrek guztiak eszenaratze bilakatzeko»EDURNE AZKARATEAntzezlea

Hitzen artean bat egite horien bila ari zirela, bide bat antzeman zuten. Alkain: «Gauza da arreta eman ziguten poema askok heriotza ukitzen zutela; izan zuzenean heriotzari buruz hitz egiten zutelako, izan testuinguru beliko bat zutelako, ilunak zirelako, despedida asko ere bazeudelako... Eta bat-batean ikusi genuen poemek tonu horretara eraman gintuztela, leku ilun batera». «Bunker moduko batera», zehaztu du Azkaratek. Eta gaineratu du obran, halere, badela dikotomia bat: «Hain justu, poeta bizi horiek zenbat eta gehiago hitz egin heriotzari buruz, orduan eta gehiago azaleratzen da bizitza bera».

Edonola ere, iluntasuna topatuko du ikusleak oholtzan, Alkainen hitzetan: «Iluntasun horretan egin dugu lan, hori izan da gure bunkerra, hor topatu dugu geure burua, eta hori bihurtu dugu gure etxe. Eta saiatu gara ikuslea ere bunker horretan gurekin sartzen». Azkarateren esanetan, «leku oso intimo bat» ere bada, poetaren jardunarekin lotzen zuten eta.

«Iluntasun horretan egin dugu lan, hori izan da gure bunkerra, hor topatu dugu geure burua, eta hori bihurtu dugu gure etxe. Eta saiatu gara ikuslea ere bunker horretan gurekin sartzen»

INTZA ALKAINAntzezlea

Oinarria poemak izan arren, hasieratik izan zuten argi ez zutela ohiko errezital baten formatua baliatu nahi. «Erronketako bat izan zen hori ere: asmatzea nola ez eman errezital itxura nahiz eta poemaz bilduta egon. Guretzat, horregatik, ez da antzezlan bat, poesia ez-errezital bat baizik; horrela definitzen dugu, oraingoz behintzat. Baina agerikoa da liburutik datozela ildo nagusiak», azaldu du Ibargurenek. Horrek beste erronka bat ere ekarri ziela uste du Azkaratek, «poema askori lekua espresuki ez ematea, jada badaudelako nolabait atmosferan, edo iruditerian, edo eszena bat abiatzeko aitzakia eman dutelako». Hala,  pieza batzuk aipu txiki bilakatu dira, eta  beste batzuek «bere osotasunean» hartu dute «eszena baten pisua».

«Esaldi kutun» bihurtu zaizkienak ere atera dituzte poemetatik, eta horietako bat eraman dute izenburura. Horri lotuta, Ibargurenek aurreratu du hiru antzezleek nolabait «laugarren pertsonaia» izango dutela une oro lagun obran, zeina «beste ate batzuk esploratzeko giltza bat» izan den haientzat. 

Molde zahar eta berriak

Azkaratek, Alkainek eta Ibargurenek 2019an sortu zuten Formol Laborategia, eta 2021ean taularatu zuten lehen lana: Album. Esperimentazioa izan dute beti ardatz, eta oinarri horretatik abiatuta eraiki dute lan berria ere. Hala, egiteko molde batzuei eutsi diete. Oholtzan beren burua jartzeari, esaterako. Azkarate: «Gure pertsonak pertsonaia bilakatzen ditugu eszenan. Halako elebazio bat da, edo geure burua atmosfera ez-arrunt batean jartzea, gure egunerokoa ez den egoera batean, eta horrek pertsonaia ukitu bat ematen dio, baina oinarrian beti gu gara». Ibargurenek gehitu du inprobisazioetan beti abiatzen direla norberarenetik, eta «eroso» aritzen direla horrela. 

Edonola ere, berriak zitzaizkien bide batzuk ere ibili dituzte oraingoan. Lanaren abiapuntua liburu baten gaineko enkargu bat izanik, prozesua ere ezberdina izan da, hiruren ustez, eta esperimentazioak ustekabeko lekuetara ere eraman ditu: azaldu dutenez, soinu instalazioa, performancea eta antzerkia izan zituzten abiapuntu edo helduleku, baina sortu ahala beste forma bat hartuz joan zen obra, «ulergarriagoa, sinplifikatuagoa eta zehatzagoa». Hirurak oholtzan egoteak kanpo begirada baten beharra ere ekarri die, eta Oier Guillan eta Jabi Barandiaran lagun izan dituzte horretan.

«Erronketako bat izan zen asmatzea nola ez eman errezital itxura nahiz eta poemaz bilduta egon. Horregatik, guretzat ez da antzezlan bat, poesia ez-errezital bat baizik»MIKEL IBARGURENAntzezlea

Azkaratek dio Formolek beti izan dituela oinarrien artean sorkuntza erronka gisa hartzea eta inoiz egin gabeko gauzak egiten ikastea, eta, aldeak alde, oraingoan ere horri eutsi diotela. «Neurri batean, gauza bera da, ze beti egin nahi dugu egin ez dugun zerbait, baina egin ez dugun zerbait egite horretan, dena da berria».

Iazko uda aurretik ekin zioten proiektua lantzeari, eta hilabeteotan Lasarte-Orian, Oiartzunen eta Usurbilen aritu dira sorkuntza lanean. Biharko estreinaldiaren ondotik, beste hainbat lekutara eramango dute lana.

HURRENGO EMANALDIAK

  • Bihar. Usurbilgo Sutegi aretoan (Gipuzkoa), 20:00etan. 
  • Otsailak 26. Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean, 19:30ean.

     

  • Martxoak 18. Donostiako Ernest Lluch kultur etxean, 19:00etan, Poesialdiaren barruan.

  • Maiatzean Zarautzen ere emango dute obra (Gipuzkoa), Literaturia jaialdian; ekainean, berriz, Errenterian (Gipuzkoa), Eztena jaialdian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.