Thriller kutsua du istorioak. Institutu publiko bateko atezaina da protagonista. Egun batean, lanean dela, jakingo du ikasle bat hilik agertu dela, ubeldurak dituela, eta sexu harremanak eduki izanaren zantzuak. Poliziak ikerketa bat abiatuko du, eta gauza bera egingo du atezainak ere. Hori da Miren Agur Meabe idazlearen Amorante frantsesa nobelaren sinopsia, baina badu gertakarien laburpenaz harago doan berezitasun bat ere: poema bidez idatzitako nobela bat da. Alegia, poemaz poema egiten du aurrera tramak. Aurrez, Kristalezko begi bat eleberria eman zuen argitara, 2013an, eta hau du helduei zuzendutako bigarren nobela. Susa argitaletxeak eman du argitara, eta gaur aurkeztu dute, Donostian.
Honela dio irakurleari testuinguruaren berri eman diezaiokeen Bi itsas izar mutilatu poemak: «7:40 puntuan./ Oraindik ez da inor lanera etorri./ Neu izaten naiz beti aurrena./ Egunkaria, izen-abizenen inizialak/ –I.B–/ bi itsas izar mutilatu egin zaizkit./ Artxandaren magalean topatu omen du/ onddotan zebilen batek/ ubeldurak aurpegian, /sexu-harremanen ebidentziak/ kaskezurra pitzatuta,/ arropan txakur-ileak./ Irati Beraza gure ikaslea zen./ Kafe hutsa atera dut makinan/ : / mingotsari mingotsa.»
«Ez dago pistolarik edo giro dekadenterik. Eta trama ez da oso konplexua. Hala ere, erne dabilen irakurleak amaierari buruzko abisu modukoak antzemango ditu tarteka-marteka»
MIREN AGUR MEABEIdazlea
Argumentuari dagokionez, Meabek ez du askorik aurreratu nahi izan aurkezpenean: «Bestela sorpresak zapuztuko genituzke». Baina argibide batzuk eman ditu: «Thriller ukitua du liburuak, baina, hala ere, ez da istorio beltza. Ez erabat behintzat. Ez dago detektiberik, edo dagoena amateurra da. Ez dago pistolarik edo giro dekadenterik. Eta trama ez da oso konplexua. Hala ere, erne dabilen irakurleak amaierari buruzko abisu modukoak antzemango ditu tarteka-marteka».
Argumentuari buruzkorik ez, baina protagonistaren inguruan hamaika xehetasun eman ditu autoreak aurkezpenean. «Agurtzane jubilazioaren atarian dago, eta atezaina da Bilboko DBHko ikastetxe batean. Familiaren lursail batean bizi da, ia isolatuta. Eta institutuko ikasle bat hilda agertzean, gertaerak ikertzen hasiko da, asmorik gabe». Pertsonaia horren bidez, kezka iturri zaizkionez aritu da idazlea. «Gutako askorentzat kezkagarriak diren zenbait gairi buruzko ikuspegi kritikoa emango digu Agurtzanek. Adibidez, Euskal Herriko herri eta hirien merkantilizazioaz eta turistifikazioaz, zaintzaz, adinaren ajeez... baina, batez ere, bakardadeari buruzko ikuspegia ematen digu; 60 urterekin zergatik ematen dion balioa bizi den moduan bizitzeari, eta bizi den tokian bizitzeari».
Askotariko olerkiak
Liburuak 147 poema ditu, eta zazpi ataletan antolatu dituzte, ondoren, epilogo bat ere gehituta. «Mota askotako poemak daude», azaldu du Meabek. «Gehienak narratibo-deskriptiboak dira; beste batzuk, liriko eta intimistagoak. Batzuk komediaren ertzean daude, eta beste batzuk, berriz, dramarenean. Batzuk autonomoagoak dira besteak baino, denak kontakizunaren katebegiak diren arren».
Idazketari dagokionez, «modu natural bizi eta zuzena» lortzea izan da Meaberen helburua, eta, horretarako, «erritmoari eta hoskidetasunari» eman die garrantzia. Hari horri jarraika, neurri librean idatzi ditu olerki guztiak. Alegia, ez diote metrika jakin bati jarraitzen.
Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak nabarmendu du «poema batetik bestera» egiten duela aurrera kontakizunak. «Pilula txikiz pilula txiki goazenez, batetik besterako saltoek garrantzia dute, eta irakurleek beteko dituzte hutsune horiek».
«Helburu izan ditut euskaraz gutxi landutako eremu literario bat esploratzea, irakurketa errutinak hausteko proposamen bat eskaintzea, eta misterioa, gogoeta eta sentsorialtasuna uztartzen dituen istorio bat osatzea»
MIREN AGUR MEABEIdazlea
Autoreak azaldu duenez, «erronka handia» izan da ariketa. «Sarri egin dut zalantza, baina zalantzek laguntzen digute aurrera egiten. Dibertimendu seriotzat hartu dut lana». Horri lotuta, nobela idazten ari zela hiru asmo izan dituela nabarmendu nahi izan du: «Euskaraz landu gabeko edo gutxi landutako eremu literario bat esploratzea, irakurketa errutinak hausteko proposamen bat eskaintzea, eta misterioa, gogoeta eta sentsorialtasuna uztartzen dituen istorio bat osatzea». Eta, behin lanak amaituta, «aurrejuzgurik egin gabe irakurtzeko» liburua dela adierazi du.
«Literatur itzalak»
Aurkezpenean bi autoreren izenak ekarri nahi izan ditu mahai gainera Meabek, liburuan ageri baitira esplizituki edo inplizituki: Dorothy Porter eta Diane Wakoski. Aurkeztu berri duen liburuaren «literatur itzalak» izan dira biak ala biak. Lehenengo autorearen The Monkey's Mask liburuak eman omen zion Meaberi berea idazteko «oinarria». Bigarrena, berriz, presente dago Meaberen obran; atal bakoitzak eta epilogoa ere haren aipu batekin zabaltzen baitira. Meabe: «Wakoski zehar-lerro estetiko eta emozional sotila bihurtuko da, baina guztiz funtsezkoa kontaeran».