Poemak urik gabeko itsasoei

Hainbat poetak Ilargiari idatzitako olerkiak biltzen ditu 'Mare' liburuak, ilustrazioz jantzita. Beste hainbat testu luzeagok eta abesti batek osatzen dute proiektua

Aintzane Galardiren Bakardadearen aintzira poemarentzat Udane Ansak sortutako irudia. UDANE ANSA.
Ainhoa Sarasola.
2023ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Urik ez da Ilargian. Baina itsasoak badira, hala ere. Eta aintzirak, eta padurak, baita ozeano zabal bat ere. Ilargiaren azaleko lautada basaltiko handiak dira, berez, antzinako astronomoek itsasoak zirela irudikatu zuten horiek. Baita banan-banan izendatu ere: Loaren Padura (Palus Somni), Ekaitzen Ozeanoa (Oceanus Procellarum), Soseguaren Itsasoa (Mare Serenitatis), Ostadarraren Badia (Sinus Iridum), Desioaren Itsasoa (Mare Desiderii), Denboraren Aintzira (Lacus Temporis)... 29 idazlek poema bat sortu diete haietako bakoitzari, eta1545 argitaletxeak Mare. Ilargiari poemak liburuan plazaratu ditu denak.

Gazteentzako poesia bilduma bat sortzeko gogoa lehendik ere bazutela azaldu du Xabi Salaberriak —1545 argitaletxearen arduraduna da, Eneko anaiarekin batera—. Baina asmoa iaz gauzatu zuten azkenean. «Ikusten genuen txikiagoentzat poesia dezente idazten dela euskaraz, baina gazteentzat ez hainbeste, eta haiei bereziki eskainitako zerbait egin nahi genuen». Poesia bilduma soil bat osatzetik harago, ordea, proiektuak «beste osotasun bat» izatea nahi zuten, eta, hala, poemez gain beste hainbat osagai ere baditu. Hiru hitzaurrek, euskal poesiaren ibilbidea laburbiltzen duen beste testu batek, parte hartu duten 29 poeten biografia laburrek eta kantu batek osatzen dute lana, baita testu bakoitza laguntzen duten ilustrazioek ere.

Salaberriak aitortu du hastapenetanez zutela argi bildumaren ardatzean egongo zen ideia. Ilargiari eta bere 59 itsasoei buruzko artikulu bat irakurtzean piztu zitzaien ideia. «Iruditu zitzaigun horien izenak oso iradokitzaileak izan zitezkeela poetikoki, eta izan zitezkeela poemetarako gaiak». Euskal poeten zerrenda bat osatu zuten, eta ehundik gora izen atera zitzaizkien segituan. «29 aukeratu genituen, eta bakoitzari proposatu genion itsaso horietako bat aukeratu eta izena gaitzat hartuta poema bat sortzeko».

Hautaketa egiteko orduan «aniztasuna» lortu nahi zutela azaldu du Salaberriak, eta sexua, lurraldetasuna, adina, idazketa estiloa eta beste izan zituztela kontuan. «Saiatu gara gazteek jasotzen duten lagin horrek aniztasuna izan zezan». Baiezkoa eman eta libururako poema bana idatzi dute Aintzane Galardi, Amaia Lasa, Asier Serrano, Beatriz Txibite, Castillo Suarez, Edu Zelaieta, Elena Olabe, Eric Ditxarri, Garazi Ugalde, Gotzon Barandiaran, Harkaitz Cano, Hedoi Etxarte, Itxaro Borda, Itziar Ugarte, Jean-Louis Davant, Jon Gerediaga, Jose Anjel Irigarai, Jose Luis Otamendi, Karlos Linazasoro, Kirmen Uribe, Leire Bilbao, Leire Vargas, Luis Garde, Luigi Anselmi, Maialen Berasategi, Mari Luz Esteban, Miren Agur Meabe, Rikardo Arregi eta Tere Irastorzak.

Itsasoak gehiago badira ere, 29 zenbakiarekin Ilargiaren zikloari keinu egin diotela ere kontatu du Salaberriak. «Ilargiaren zikloak 29 egun eta erdi irauten duenez, 29 poema eta kantu bat jasotzea pentsatu genuen». Hain zuzen, Jon Martinek idatzi eta Idoia eta Bea Asurmendi ahizpek kantatutako pieza ere bada obraren parte. «Kantuaren ideia hasieratik zegoen proiektuan, beste dimentsio bat eman nahi geniolako; iruditu zitzaigun hezkuntzarako baliabide bat izan zitekeela, eta gazteentzat erakargarria den beste formatu bat, liburuan murgiltzeko».

Udane Ansaren ilustrazioek ere leku nabarmena dute argitalpenean. Hasieran, hitzaurre bakoitzari irudi bat egiteko proposatu zioten, eta «detailetxo bat» sortzeko poema bakoitzari, testuaren elementu bat hartuta, baina ilustratzailea «asko inplikatu eta motibatu» zela esan du Salaberriak; azkenerako, 32 irudi sortu zituen, akuarelaz. «Poema guztiak nolazpait lotu nahi zituen, eta iruditu zitzaion elementu bakar batekin hari bati jarraitu gabe geratuko zirela». Ilargiari keinu eginez, forma borobil bat dute abiapuntu eta lotune irudi guztiek.

Gazteentzako gonbidapena

Poetei beren piezak eskatu aurretik, liburuko hitzaurreen egileekin jarri ziren harremanetan argitaletxeko kideak. Hiru arlotan jarri zuten arreta: «Uste dut gazteek, eta denok, badugula barruan zientzialaritxo bat, baita filosofo bat eta artista bat ere. Zientziak ekarpen bat egin dezake mundua ulertzeko, baina ez osoa; berdin filosofiak eta arteak ere. Baina hirurak osagarri izan daitezke». Ideia hori dago, beraz, liburuari arlo bakoitzetik abiatuz hitzaurre bat egiteko erabakiaren atzean. Ana Galarragak idatzi du hitzaurre zientifikoa; Iñigo Martinezek filosofikoa; eta Joseba Sarrionandiak literarioa. «Horiek irakurri ondoren, beste leku batetik hasten zara poesia irakurtzen», Salaberriaren ustez.

Halaber, Iratxe Retolazak pieza laburrak idatzi ditu poeta bakoitza aurkezteko. Eta, horrez gain, euskal poesiaren ibilbidea laburbildu du Euskal poesiaren ilargialdiak izenburu duen testuan.

Gazteentzat sortutakoa ez ezik, liburua haiei egindako «gonbidapen bat» ere badela esan du Salaberriak. Lanaren aurkezpenetan gazteek parte hartzea izango dute helburu, eta idazten dabiltzanei beren poemak emateko plaza bat eskaini nahi diete. Aurkibidean ere egin diete gonbidapena: poema bat duten 29 itsasoen izenak ez ezik, falta direnenak ere jarri dituzte, inork horiei poemak egiteko aukera zabalik utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.