«Otsoen ikerketarako egitasmoak ulu miaketak egin nahi ditu uda honetan hainbat eremutan, otsoak Mainera itzuli ote diren ziurtatzeko. [...] Gaua basoan uluka igarotzeko prest dauden boluntarioen bila dabiltza, erantzunik jasoko balute izutuko ez liratekeen boluntarioen bila». Hala zioen Maineko (AEB) Associated Press berri agentziako albiste batek 2009an. Harkaitz Cano idazleari deigarria egin zitzaion, eta, albiste hura pixka bat aztertu ondoren, bere liburu berriaren izenbururako erabiltzea pentsatu zuen. Ulu egiteko bolondres bila da Canoren lan berria. Susa argitaletxearekin kaleratutako laugarren poesia lana da.
Bihar beteko da urte bat idazleak azken poema liburua argitaratu zuenetik: Pozaren erdia (Susa, 2022). Leire Lopez Susako editorearen hitzetan, «zorroztasunean errimatutako eta neurtutako» sonetoz osatutako lan bat izan zen hura. Oraingoan, ordea, zorroztasun horri ihes egiten dioten poemak jaso ditu bilduma berrian. Lau atal ditu liburuak, eta atalaren izenak aurreratuko dio irakurleari zer aurkituko duen lan horretan, Lopezek azaldu duenez. Gaur aurkeztu dute, Donostian.
Behinola Robert Frost poetak aipatu zuen bertso libreak sortzea tenisean sarerik gabe jokatzea bezala zela. Canok, ordea, zalantza du ea tenisean jokatzea edo jolastea ote den poesia sortzea. Bera, oraingoan, «jostari eta sarerik gabe» ibiltzen saiatu da, eta adierazi du liburuan biltzen diren poema gehienak bulkadatik, senetik eta irrikatik idatzita daudela.
Lehen atalari National Portrait Gallery izena jarri dio egileak. Editorearentzat, idazle bati egindako autorretratu saiakerak agertzen dira horretan. «Poematik poemara zooma urrundu edo hurbildu egingo dela ikus daiteke», erantsi du. Poetaren ofizioaz galdegin dio bere buruari Canok atal horretan, eta ekintza poetikoaz ere hausnartu du: «Autobiografia eta sasi-autobiografia nahasten ditut».
«Otoitz paganoak»
Bigarren atalean, «otoitz paganoak» jaso ditu egileak. Otoitzak dira, baina ez otoitz erlijiosoak. Ikonoplastia bilatu nahi izan duela azaldu du Canok, eta zera erantsi du Lopezek: «Badirudi otoitz izaera ematen zaiela poemei, baina, agian, alderantziz da: poemetako bakoitzak aldatzen dio zentzua otoitz hitzari».
Idazlearentzat, sortzeko modurik «maitatuena» da zerrenda. Kontatu du teknika hori erakusten duela lehenbizi poesia tailerretan, eta, haren ustez, horren bidez lortzen direla emaitzarik politenak. Zerrendak dira, hain zuzen, hirugarren atalaren muina. «Denok egiten ditugu zerrendak, baina zer behar du zerrenda batek poetikoa izateko?», galdegin du egileak. Umberto Eco idazlearen Vertigine della lista saiakera erabili du, adibidez, bere zerrenda propioa osatzeko. «Nire joera kleptomanoa aske utzi dut liburuan», aitortu du. Izan ere, beste idazle batzuen testuak, horietako batzuk berak itzuliak, erabili ditu atalerako. Lopezen hitzetan, «gehikuntzaz egindako poemak dira; elkarren segidan jarrita osatutako zerrendak».
«Poesiaren muga formalei buruzko hausnarketa bat izan da». HARKAITZ CANO Idazlea
Klarion laborategia (1) da atalik berritzaileena. 1959. urtean Jorge Oteiza eskultoreak sortu zuen termino bat da. Eskultura utzi zuenean, esperimentu txikiak egiten hasi zen, nolabaiteko artefaktuak, Klarion laborategia delakoan. Canok pentsatu zuen lan egiteko modu hori literaturara ekartzea posible izango ote litzatekeen; hau da, nola erakutsi «poetaren tailerra».
Inoiz erabiliko zituela uste ez zuen azpimarratu eta laburtutako testuen, ikusi izan dituen grafitietako esaldien edota aforismoen segida bat da laugarren eta azken atal hori; zoriz antolatutakoa. Hala ere, Susako editorearentzat, ordenak eta kokapenak garrantzia dute. Testu ireki bat da, idazleari inspirazio iturri izan zaizkion horiekin egina. «Estimulagarria egin zait», onartu du egileak, eta azaldu du etorkizunean teknika hori gehiagotan erabiltzeko asmoa duela: «Horregatik deitu diot atalari Klarion laborategia (1)».
Liburua sortu bitartean, Canok zalantzan jarri du zer den eta zer ez den poesia: «Poesiaren muga formalei buruzko hausnarketa bat izan da». Poesia fede kontua dela gehitu du, eta gaur egun poesiari fede gutxi zaiola. Hizkuntzari zaion fede «urriari» lotuta dagoela uste du. Orain, irakurlearen txanda da: «Irakurleak erabaki behar du zer espero duen poesiatik».