Euskal literatura «poesiaren espresioez aberasteko», bi liburu eman ditu argitara Maiatz argitaletxeak. Amaiur B. Blaskoren Egunsentia eta Eric Ditxarriren Errudun. Biak dira poema laburrez osaturikoak, hitz gutxitan asko erran nahi duten horietarikoak.
Blaskoren lehen liburua da Egunsentia. Ingeles filologiako ikaslea da, Sarakoa jaiotzez, eta 22 urte ditu. Sentipenei buruzko olerkiak biltzen ditu liburuak, eta goizetik arratsaldera nola bilakatzen diren azaleratzen du.
«Espektro ezberdinak hartzen ditu liburuak, eguneko momentu bakoitza lotzen dut sentimendu batekin. Eta horiek lotzen ditut argitasunarekin edo argitasun ezarekin», azaldu du. Poesia minimalista ote den ez du argitu, baina gustuko du «lerro gutxitan gauza anitz» erratea: «Maite dut poesia motza, baina sakona denean».
Horrez gain, lagun baten obra ekarri nahi izan du liburura, berak idatzitakoarekin zerikusia dutelakoan. Kapitulu bakoitzaren hasieran, Egunsentia, Eguerdia, Ilunabarra eta Gauerdia izenburuen ondoan, lagunaren marrazki bana jarri die, apaindura handirik gabekoak ere horiek. Irudiak argiarekin eta egunaren unearekin uztartu nahi izan ditu.
Ikaslea eta idazlea izateaz gain, bertsolaria ere bada Blasko. Zaletasun horrek liburuan isla zuzena duela baieztatu du: «Ene poesia hein batean bertsotan oinarrituta dago, egitura bat gordetzen saiatu naiz bertsolaritzarekin lotura duena, eta errima bat ere bai»
Harlem eta Brooklyn artean
«Nire liburua irakurtzen duenari erraza eginen zaio nire ibilbidea jarraitzea». Horren uste osoa du Ditxarrik. Izan ere, Errudun liburua New York hiriko Harlem eta Brooklyn barrutietan idatzi zuen. Poemetako mezuak irakurle bakoitzak interpretatu behar dituela uste du: «Bakoitzak bere erara ulertuko du».
Ditxarrik Roland Barthesen idatzi luze batetik ekin zion liburua idazteari, «ariketa literario» moduan, zehaztu duenez. Hartan, nahiko deprimitua zegoela azaldu du, aldi txar bat igarotzen, eta gogogabezia horretatik irteteko gogoko zituen gauzak idazteko hautua egin zuen. «Beti abiatzen gara beste batzuek idatzitakoetatik», adierazi du.
Irakurmena eta idazmena «misterio» bat direla uste du, eta sorkuntza ikertzea gogoko du. «Nola, non eta zer egoeratan idazten dugun, horrek interesa sortzen dit», aipatu du idazleak. Haren aburuz, testuek erakusten dute zein bide hartu duen idazleak sorkuntzarako.
Bi idazleen liburuak Sarako Biltzarrean egonen dira eskuragai.
Poema laburrak, asko adierazteko
Maiatz argitaletxeak bi olerki liburu plazaratu berri ditu, Amaiur B. Blaskoren 'Egunsentia', eta Eric Ditxarriren 'Errudun'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu