Literaturaren bi klasikori hautsa kendu, eta garai berrietara egokitu dituzte, modaz pasatzen ez diren istorioei itxura berria eman eta hizkuntza aldetik gaurkotuta. Koro Navarro eta Aintzane Ibarzabal itzultzaileek ondo ezagutzen dituzten bi liburu zuzendu eta berrargitaratu dituzte. Navarrok Edgar Allan Poeren ipuin ezagunenetakoak euskaratu ditu Kontakizunak bilduman, eta Ibarzabalek, berriz, Daniel Defoeren Robinson Crusoe nobela laudatua. Bi itzultzaileek batera hasi zuten lanbidea, eta esperientzia zabala dute klasikoak lantzen. Belaunaldiz belaunaldi izuaren eta abenturaren bi maisuen lanak euskaratzea esperientzia «polita eta atsegina» izan da haientzat.
Bi liburuak Literatura Unibertsala bilduman argitaratu zituen aurretik Ibaizabal argitaletxeak, 1998an Defoerena, 2000. urtean Poerena. Elkar argitaletxearen Urrezko Biblioteka sailaren hirugarren eta laugarren aleak dira orain. Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editorearen arabera, «penagarria da halako bi klasiko denen eskura ez izatea». Itxura modernoagoa eta erakargarriagoa bilatu du editoreak berrargitalpena egitean.
Navarroren ustez, Poeren ipuinak ez dira inoiz modaz pasa: «Izuaren aita da, eta beste inork ez bezala daki sentipen hori transmititzen». Eta adierazi du beldurrezko generoak arrakasta duela gazteak harrapatzen: «Beldurra pasatzea beti izan da atseginekoa gazteentzat, sentsazio indartsuak sentiarazten dizkielako. Ez dago egun euritsu, ilun eta hotz batean etxeko sofan eseri eta beldurrezko istorio bat irakurtzea bezalakorik».
Poeren zortzi ipuin bildu dituzte Navarrok itzulitako liburuan, tartean Erretratu obala, Bihotz saltaria eta Marie Rogêten misterioa istorio laudatuak. «Poeren istorioak kontatzeko modua logikoa eta zorrotza da, metodikoa ia. Nabari da benetako beldurra sentitu zuela bere bizitzan, irakurlea haren pertsonaien larruan sartzeko ahalmena duelako». Navarroren arabera, idazlearen famak ipuinen arrakastari lagundu dio: «Poe madarikatua zegoela uste izan du jendeak, eta horrek fama handiagoa eman dio. Euskal Herrian ere, arrakasta handia izan dute idazlearen istorioek». Poeren istorioak itzuli dituen hirugarren aldia da Navarrorentzat. «Esperientzia tristea izan nuen behin istorio hauek itzultzean, duela hogei bat urte. Garai hartan egindako lanarekin ez nintzen batere gustura sentitu, ez zeudelako gaur egungo euskarri teknologikoak eta, batez ere, euskara batuaren egoera oso ezberdina zelako».
Klasikoak ikasleentzat
Ibarzabalek urte luzez tartekatu ditu irakasle eta itzultzaile lanak. Haren esanetan, garrantzitsua da ikasleek gaurkotutako eta euskaratutako klasikoak eskura izatea: «Liburu hauek oso aberasgarriak dira, irudimena eta kontaketa estiloa lantzeko balio dutelako». Liburuaren berrikuspena gustura egin du itzultzaileak: «Itzulpena hamabost urte beranduago eskuetan hartu nuenean, gustura sentitu nintzen topatu nuenarekin. Egia da arazoek arazo izaten jarraitu dutela eta beti ez dagoela irtenbide bakarra, baina betiko irizpideak jarraitu ditut».
Ibarzabalen ustez, Defoeren abenturazko eleberria gaurkotu beharra zegoen, gazteen irakurketa ohiturak asko aldatu direlako. «Gaur egungo ikasleek galdetzen duten lehen gauza 'eta zenbat orri ditu liburuak?' izan ohi da. Ez daude denbora luzez zerbaiti adi egotera ohituak. Beraz,euskarazko irakurketara erakartzeko moduan itzuli behar ditugu liburuak, gauza bitxiak eta originalak bilatuz».
Poe eta Defoeren klasiko euskaratuak garai berrietara egokitu dituzte
'Kontakizunak' ipuin sorta itzuli du Koro Navarrok, eta 'Robinson Crusoe' nobela Aintzane Ibarzabalek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu