Bere burua 60 urterekin ez zuela bertsotan imajinatzen. Hala esan zuen Sebastian Lizasok orain dela 14 urte Uztarria aldizkariak egin zion elkarrizketa batean. Ez ditu aparte, urtarrilaren 20an beteko baititu. «Gure amak esaten du San Sebastian prozesioan zebilela jaiotakoa naizela, 10:30-11:00ak aldera-edo». Mikrofonoak apartatuta edukiko zituela uste arren, oraindik ere urtean 150 plaza inguru egiten ditu. «Lehen agendan apuntatzen nituen, eta jakiten nuen zenbat egiten nituen; orain, telefonoarekin, ez dut kontrolatzen kopurua, baina buelta horretan izango dira». Izan bertso bazkari, afari, festetako saio edo jaialdi, izan Azpeitian (Gipuzkoa), Markinan (Bizkaia) edo Donezteben (Nafarroa). «Lagunekin planen bat-edo eginez gero, jartzen dut agendan, baina gero nonbaitetik abisua etortzen bada, azkenean bertsotara joaten naiz. Oraingo belaunaldiek badakite ezetz esaten, baina guk ez genuen ikasi». Horixe baitu bertsoak Lizasoren esanetan: «Asko ematen du, asko ematen badiozu; afizio asko galtzen dituzu ofizio honekin, eta bertsoa ikaragarri gustatu behar zaizu hainbeste eskaintzeko». Hain zuzen, txapeldunari txapela jartzeko hautatuta, Bertsozale Elkarteak Lizasoren ibilbide osoari «aitorpena» egin nahi diola esan zuen Iñaki Murua elkarteko presidenteak finalaren aurkezpenean. «Plazaz plaza izugarrizko ekarpena egin duen bertsolaria da. Bertsolari moduan pedigria duela esan dezakegu; azkarra, plaza ez ezik lagunartea ere ondo betetzen duena».
Sufritzen hasten denean, orduan segituan erretiratuko dela dio aurtengo txapel jartzaileak, baina oraindik ez du ezinik igarri herriz herriko ibilian. Txapelketak bai, txapelketak aspaldi utzi zituen: duela 20 urte. Bigarren egin zuen 1997ko finalean, eta horrek aukera eman zion 2001ekoan zuzenean finalean egoteko. Ez zen aurkeztu, ordea. «Edozein diziplinatan, pertsonak jakin behar du goian dagoenean erretiratzen, eta nik 1997ko txapelketa amaitu zenean erabaki nuen gehiago ez parte hartzea». 2001ekoa etorri zenean, «nahiko presio» izan omen zuen aurkezteko, baina eutsi egin zion erabakiari. Eta ez zaio batere damutu. «Zezenak ere, barreratik hobeto ikusten dira».
Dioenez, txapelketak berak baino gehiago, inguruan sortzen denak estutzen ditu bertsolariak. «Jendea hasten zaizu: 'Zer moduz hago? Zer pronostiko? Ari al haiz entrenatzen?'. Presio hori oso gogorra da». Finaleko eguna bera ere neketsua izaten dela kontatu du. «Anetotik buelta egindakoan baino agujeta handiagoak edukitzen nituen finalaren biharamunean». 1982an sailkatu zen lehen aldiz txapelketa nagusiko finalerako. Urte hartan, lehen eta bigarren zein geratu ziren esan zuten epaileek, eta gainerakoak berdinduta jarri zituzten hirugarren postuan. Irabazi egin zuen 1986koa; bigarren egin zuen 1989koan; hirugarren 1993koan; eta azkenengoan, 1997koan, bigarren geratu zen. «Beti egon naiz podiumean».
Hain zuzen, 1986ko txapelketa hura izan zen Bertsozale Elkarteak antolatutako aurrena. 28 urte zituen Lizasok txapela jantzi zuenean. Xabier Amuriza eta Jon Lopategi ziren faboritoak, eta irabazteko presiorik gabe joan zen Donostiako belodromora. Gogoan du epaileak nola zeuden aurreneko ilaran, publikoari begira. Bistara ateratzen zituzten puntuazioak, eta bertsolariek ez, baina publikoak ikusi egiten zuen epaile bakoitzak zer puntu ematen zituen ariketa bakoitzean. Eta ados ez egonez gero, txistu ere jotzen zuten. «Bagenekien txistuak ez zirela guretzat, guri txalo jo eta gero ateratzen zituztelako puntuak epaileek, baina ez genuen jakiten jendeak txistu zergatik jotzen zuen: puntu asko emateagatik edo gutxi emateagatik».
Egun hartan, kantatzen lehena izatea egokitu zitzaion Lizasori, eta atzetik zetozen bertsolarien kartzelako ariketak entzuteko aukera izan zuen. Bazekien faboritoak ez zirela asmatzen ari. «Publikoan gehienak paperarekin eta boligrafoarekin zeuden, eta nire izena esaterako banekien txapela niretzat izango zela, jendearen keinuengatik-eta». Gaur ere, kantatzen ari denean, publikoa ondo ikustea gustatzen zaio, erreakzioaren berri izateko. «Ez baduzu jendea ikusten, telefonotik kantatzea bezala da».
Epaileak estututa sentitzen zirelako aldatu zuten puntuak emateko sistema. «Nola bertsoa ez dagoen metroarekin eta erlojuarekin neurtzerik, hain subjektiboa nola den...». Erlojuari lotuta, erritmo aldetik ikusi ditu motel samar bertsolariak aurtengo txapelketan. «Hasi arte denbora hartzera, bueno, ohitu-edo egin gara. Baina gero motel kantatzen dute. Nik erritmoaren falta sumatu dut». Azkar hasi eta bizi kantatzekoak izan dira lizasotarrak. Aita zuenak esaten zuen garai bateko bat-bateko «ateraldi eder haien» falta sumatzen zuela. «Ni oraindik ere saiatzen naiz azken puntuan kargatzen bertsoa, baina, orain, bestebatzuek hasieratik kargatzen dute asko, eta bukaera gehiago kargatzea ezinezkoa da ia. Orduan, betiko bertsolaria bukaeraren zain geratzen da». Ez du, ordea, zerbait negatibotzat hartzen hori. «Estilo diferentea da, baina ez okerragoa».
Kalitatea, «bermatuta»
Izan ere, bertsolaritza «inoizko mailarik onenean» dagoela iruditzen zaio. «Bertsolari on asko dago, eta bidean ere on asko geratu dira». Denentzat nahi adina toki ez. Horixe bera gertatu da txapelketan ere. BECen ezin denak sartu, eta, maila oso ona izan arren, kanpoan geratu behar batzuek. «Bakarkakoetan-eta lan oso onak izan dira txapelketan. Ofizioetan ere bai, baina egun bat osoa ez da atera, boom egin duena; ez da lehertu jaialdirik. Baina bertso onak, banaka-banaka, ikaragarri joan dira».
Badu saio biribil hori gaur izango den itxaropena. «Zaila izaten da finalean bakoitzak duen dena ematea, baina hor dauden zortzi horiek dena ematen badute, a zer gozatua daukagun». Bakarren batek bere maila ez emanda ere, ez du zalantzarik finala oso ona izango dela. «Eguna luzea izaten da, baina motza egingo zaigu. Kalitatea bermatuta dago». Tokatu izan zaio zuzenean sailkatuta egon eta finalean bertan ekitea txapelketari; baita sailkatzeko aurretik kantatu behar izatea ere. «Zer den hobea? Ezin jakin. Lanean lau hilabeteko baimenak-eta hartzen dituzte orain batzuek, txapelketa prestatzeko. Ez dakit zein urtetan zen, baina behin Andoni [Egaña] eta biok bezperan Añotan [sagardotegia] bertsotan eginda joan ginen. Goizeko ordu bi eta erdietan artean kantuan ari ginen, eta finalean aurren eta bigarren egin genuen». Bakarlan asko eginda prestatu ohi zituen txapelketak Lizasok: «Koadernorik gabe, bertso pila bat kantatu, eta, doinuren bat berria bazen, mareatu arte buruan ibilita».
Gogoan du jende aurrean botatako lehen bertsoa ere. 5 urte zituen, eta txapel bat jartzerakoan izan zen hura ere. Aitak egindako bertsoa zen, eta Mugartegiri kantatu zion, Herri Irratiko txapelketa irabazi zuenean: «Nere eskutik hartu ezazu/ merezitako saria/ betiko lagun izan daitezen/ Gipuzkoa eta Bizkaia». Gaur nori botako dion, auskalo. «Goiz eta arratsalde norbera izaten asmatzen duenak, hark du irabazteko aukera gehien».
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finala
Podiumetik jaitsi gabe
Badira 20 urte Sebastian Lizasok txapelketak utzi zituela, baina plazan gehien dabiltzanetakoa da oraindik. Egindako ibilbidea aitortu nahi izan dio elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu