Kritika. Musika

Pluraltasunaren isla

Morgan / 'Hotel Morgan'
2025eko otsailaren 9a
04:15
Entzun

MORGAN

'Hotel Morgan'
Diskoetxea: Cultura Rock.

Morgan taldeak berriki argitaratu duen Hotel Morgan diskoak, beste behin, jarraitzaileak aise aseko ditu, taldearen ibilbideko beste mugarri garrantzitsu bat baita. Disko honek entzuleari bidaia musikal liluragarri bat eskaintzen dio, aurreko lanetako estiloa urteetako esperientziarekin uztartu du-eta taldeak.

Lehenik eta behin, aipatzekoa da Nina de Juanen ahotsaren sakontasuna eta adierazkortasuna —nabarmentzekoa diskoa irekitzen duen Delta abestiaren biluztasuna—. Bere interpretazioak bizitza propioa ematen dio abesti bakoitzari, eta entzulea lehen notatik harrapatu. Paco Lopezen gitarrak eta David Schulthessen teklatuak melodia aberatsak eta ñabardura ugari eskaintzen dituzte Ekain Elorzaren bateriaren erritmo sendo eta zehatzarekin batera. Taldearen kohesioa eta elkarlana nabarmenak dira, eta horrek diskoari koherentzia eta sendotasun berezia ematen dio. Radio abestia behin eta berriz entzun eta bere unibertsoan sarrarazten zaituzten horietakoa da, eta Arena blues sustraietara itzultzen da, hasierako diskoetako kantuak gogoraraziz.

Hotel Morgan diskoan, Morganek rocka, folka, soula eta funka modu naturalean uztartzen ditu, estilo bakoitzaren esentzia errespetatuz baina, aldi berean, haien arteko mugak lausotuz. Orain arteko diskorik aberatsena da estilo aldetik, eta egia da doinu organikoak gero eta gutxiago ageri direla — hala aipatu dute batzuek, penaz—. Hala ere, aberastasun hori taldearen isla da; taldekideek eboluzionatu bezala, taldea eta haren musika ere gero eta pluralagoak dira.

Produkzioa ere ez da nolanahikoa, soinua garbia eta zaindua da, detaile txikienak ere kontuan hartzen dituena. Instrumentuen arteko oreka perfektua lortzen da, eta horrek abestien dinamika eta intentsitatea indartzen ditu. Gainera, azpimarratzekoa da hitzen sakontasuna eta poetikotasuna, entzuleari hausnarketarako tartea eskaintzen baitie.

Diskoak lortutako arrakasta ez da kasualitatea; Morganek urteetan lortutako esperientzia eta heldutasun musikala islatzen ditu. Aurretik eskuratutako bost MIE sariak, 2020an Madrilgo Teatro Realen eskainitako kontzertu sinfonikoa, eta 2023an Madrilgo WiZink Centerren emandako lehen kontzertu handia dira horren adibide garbiak. Hotel Morgan diskoarekin, taldeak bere ibilbidean beste urrats sendo bat eman du, bere soinua eta estiloa sendotuz.

Hazten doan talde batek dagokion diskoa argitaratu du: ez dute errazena egin, sentitzen dutena baizik. Ibilbidearekin bat datorren lana da Madrilgo taldearena, ingelesa eta gaztelania gero eta orekatuago ageri direna. Aurtengoan ere, urtea hasi eta gutxira datorkigu aipamen bikain bat baino gehiago jasoko dituen diskoa, eta ez da gutxiagorako, lehenengo diskoarekin lortutako eta ondorengoekin mantendutako maila hori oso goian mantentzen jarraitzen baitute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.