«Pleibaka egitea esaten ari zarena kontrolatzen duzulako plantak egitea da. 8 urterekin 'camon barbi gel ina barbi guel' kantatzea. 18rekin, gerla, koblakari, izkribatu eta konprenitu errimatzea. Eta hogeitamapikorekin, muerdoak, puestoia, ostiatu eta guarreatu idaztea». Lengoaia propio bat asmatzea ere bada pleibaka egitea, Miren Amurizaren esanetan, «erdarak euskararen egituretatik eta ahoskeretatik pasaraztea». Hala egin du berak Pleibak bere bigarren nobelan. Susarekin plazaratu du liburua, eta Leire Lopez Ziluaga editorearen laguntzaz aurkeztu du.
Amurizak bi lagun jarri ditu istorioaren ardatzean; zehatzago esanda, bi lagun ohi: Jone eta Polly. Biek 15-16 urte dituzteneko garaia kontatzen du nobelak; ikasturte bat, Lekeitioko (Bizkaia) Antzara Egunarekin hasi, eta Berrizko San Pedro jaietara bitarteko tartea hartzen duena. Jonerena da ahots nagusia, narratzailearena, eta lagun izandakoari mintzatzen zaio. Baina hogeitaka urte geroago mintzo da, harremana galdua duten sasoitik, «elkarren arrotz diren gaurtzarotik», editoreak zehaztu duenez. Bi plano horiek nahasian jasoko ditu irakurleak, hala gaztaroko intentsitatea nola zer gertatuko den dakienaren begirada.
Inguru berekoak dira bi pertsonaiak, Berrizko baserri auzo batekoak (Bizkaia). «Umezaroa elkarren usnan pasatutakoak dira, baina ez dira maila bereko etxeetan jaio», azaldu du Lopezek. «Lehen begiratuan, batak bulkada politikoak ditu, eta besteak ez; batak malota itxurak egiten ditu, eta besteak ez; bata enpollona da, eta bestea ez; batak Non diskotekara joan nahi du, eta besteak Segiren manifara. Dena dela, liburua bera dikotomia sinple horiek zalantzan jartzeko artefaktu bat ere bada. Dikotomia sinple horiek momentu jakin batek, adin batek, inguru batek gugandik espero duenetik sortutakoak dira eta».
«Pleibak kasetea behin eta berriro errebobinatzea da», hasi du azalpena idazleak. «Baina ez da nostalgia ariketa bat, edo ez hori bakarrik. Atepetik eskapatu zitzaigun pre-helduaroaren tempoak berreskuratzeko saiakera bat da. Review eta play, review eta play, review eta play, play, play, inguratzen gintuzten kode nahasi haiek guztiak ulertu arte». Eta kode nahasi horietako lau aipatu ditu segidan: baserria, institutua, lokala eta txosnak.
«'Pleibak' kasetea behin eta berriro errebobinatzea da. Baina ez da nostalgia ariketa bat, edo ez hori bakarrik. Atepetik eskapatu zitzaigun pre-helduaroaren tempoak berreskuratzeko saiakera bat da»MIREN AMURIZAIdazlea
Kontakizuna garai bateko erreferentzia kulturalez josi du Amurizak. Hain zuzen, atzera begirako bere kontakizunean, narratzaileak 2000ko hamarkadari begiratuko dio batez ere, nahiz eta lehenagokoak ere, umezaroko oroitzapenak, tartekatuko zaizkion. «Lehenengo adiskidetasunak, lehenengo dezepzioak, lehenengo muerdoak eta kobrak, politizazioaren hasiera... Izan nahi dugun hori imajinatzen eta horren arabera batzuekin edo besteekin lotzen hasten garen sasoia ageri zaigu liburuan», laburbildu du editoreak. «Nola eraikitzen dugun garen hori adiskidetasunaren bitartez, aukeratzen ditugun eta atzean uzten ditugun lagunen bitartez. Edo aukeratzen ez gaituzten lagunen bitartez. Noiz adarkatzen diren komunak izandako bideak. Nola begiratzen diogun helduarotik bulkada adoleszenteari».
Lau ataletan eta berrogei kapitulu laburretan egituratu du testua Amurizak. «Abiadura bizi-bizian doa kontakizuna, eta uste dut testuari eta, batez ere, irakurleari arnasa apur bat emateko, kapitulu laburrek laguntzen dutela», azaldu du.
Hizkuntza «zikintzera»
Nobelako ahots nagusia etengabe beste norbaiti ari zaion neurrian, Lopezek nabarmendu du «ahozkotasunetik hurbil dagoen testu bat» dela, eta bereziki erreparatu dio Amurizak hizkuntzarekin egin duen lanari. «Euskararen sintaxian zutabetuta, lexikoari zukua ateratzera jo du idazleak, zikintzera. Jonek nola hitz egingo lukeen, horretara hurbiltzera. Hizkuntzan ere bagarelako nor».
Hain zuzen, hizkuntzarekin jolastea, esperimentatzea izan da egilearentzat liburua idazteko bulkada nagusia. Amurizak orain dela bost urte argitaratu zuen bere lehen nobela, Basa (Elkar, 2019), eta azaldu du abiapuntua desberdina izan dela oraingoan. «Uxue Alberdik ere esan izan du azkenengo lanetan entzuketa ariketetan oinarritu dela testuak idazteko, eta hau ere horixe izan da. Basa-ri dagokionez, istorioa bera zen liburuaren abiapuntua, eta, kasu honetan, aldrebes izan zen; hizkuntzarekiko inkietude bat zen, hau aproban jarri nahia eta esperimentu batzuk egin nahia, hortik hasi nintzen, hori neukan argi, eta gero etorri zen hizkuntza erregistro horretan enkajatuko zuen istorio bat, pertsonaia batzuk eta ahots bat bilatzea».
«Hizkuntzarekin esperimentu batzuk egin nahia, hortik hasi nintzen, hori neukan argi, eta gero etorri zen hizkuntza erregistro horretan enkajatuko zuen istorio bat, pertsonaia batzuk eta ahots bat bilatzea»MIREN AMURIZAIdazlea
Idazleak zehaztu du saiatu dela sintaxian euskararen jatorrizko egiturak ahalik eta gehien zaintzen, baina «malguago» jokatu duela lexikoarekin. «Aldaera bat baino gehiago zeuden aukeretan, ahozkotasunetik gertuen dagoen horretara jo dut». Erdaretatik ere hainbat berba hartu dituela gaineratu du, eta gazte hizkerari lotutako beste batzuk ere baliatu dituela.
bertso saio literarioak
Liburua aurkezteko, bertso saio literarioen sorta bat antolatu dute. Miren Amurizak berak eta Miren Narbaiza Mice musikariak saio guztietan parte hartuko dute, testuekin eta musikarekin, eta bi bertsolari izango dituzte lagun aldiro. Hala, txandaka ariko dira kantuan Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra, Saioa Alkaiza eta Uxue Alberdi. Lehen saioa igandean izango da, Berrizko kultur etxean, eta, otsailera bitarte, Iruñeko Laban, Bilboko Biran, Aiaraldea Ekintzen Faktorian (Araba) eta Markinako Uhagon kulturgunean (Bizkaia) izango dira.