Plazeretik sortutakoak

Antton Olariagaren erakusketa bat ikus daiteke Aieteko kultur etxeko Ilustratzailearen Txokoan

Antton Olariaga, atzo, Aieteko kultur etxeko Ilustratzailearen Txokoan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2013ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Ilustratzaile gisa aurkezten duten arren, Joxerra Gartzia idazle eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak uste du hainbat adar dauzkala Antton Olariagaren (Usurbil, Gipuzkoa, 1946) enborrak. Eta iruditzen zaio adar horiek guztiak bateratzen dituen enborra plazerak mamitzen duela. «Euskararen, artearen edo lagunartearen bidez har daitezkeen plazerak». Bai ilustratzaile soil modura, bai hitza eta irudia lantzen dituenean, eta baita «beste zenbait gauza» horietan ere. Plazeretik sortutako marrazkiak, komiki zintak eta margolanak, besteak beste, jarri ditu ikusgai Olariagak Donostian, Aiete auzoko kultur etxeko Ilustratzailearen Txokoan. «Sukaldeko lanak», egileak berak esan duen bezala, han egongo dira abenduaren 15a arte.

Olariagak Gartzia izan zuen lagun atzo aurkezpenean, eta erakusketarako propio osatutako bideoko gidoia ere Gartziak berak idatzi du. Gartziak pentsatzen du hiru adar dituela Olariagaren enborrak. Aurrenekoa ilustratzailearena da. «Bere alderdi plastiko-artistikoa besteek emandako hitzen zerbitzura jartzen du. Irakurri izan diot ilustratzailearen lana oso apala dela, eta liburuek eta apalek beti ondo ematen dutela elkarrekin. Apaltasuna da ilustratzaile ofizio horren bertutea. Zuk ez duzu zure arte plastikoa luzitzeko egiten, besteek idatzitako hitz horiek osatzeko, indartzeko eta eransteko baizik».

Bigarren adarrean, egileak sortzen ditu alderdi plastikoa eta hitza. Komikiak, komiki zintak... Karikaturak, aldiz, gutxiago. «Berak aitortu izan du horretan ez dela asko murgildu, herri hau txikia dela karikaturetan eta txorakerietan ibiltzeko...». Hamaika zinta egin ditu Olariagak Zakilixut-ez gain. Haren zintak ikusita, Gartziak ez daki hitzetik edo alderdi grafikotik abiatu den marrazterakoan. «Askotan, nabarmen geratzen da arte grafikoa errenditu duela hitzak sortutako jolasera, baina beste batzuetan diferentea izaten da».

«Hizlaritza» eta «beste zenbait kontu» aipatuko lituzke idazleak hirugarren adarra azaltzeko. «Batez ere, lagunen arteko iskanbila». Horretarako, kontrastea baliatzen du. «Jartzen du zerbait sakon esango duen aurpegia, eta botatzen du sekulako txorakeria, eta, hala, kontrastea areagotzen du». Eta hori guztia plazerari uko egin gabe, Gartziaren irudiko. «Hori da euskal munduan guztiz eskas nabaritzen dudan gauza bat».

Mundu hori azaltzeko, lagin zabal bat jarri du ikusgai Olariagak. Goya markako pintura batzuk, pintzelak, ilustratutako liburu batzuk, Ipurbeltz aldizkari bat, Zakilixut-en zinta bat... Eta baita Humphrey Bogarten maskara bat ere, zigarreta eta guzti, eskuz egindakoa.

Egin beharreko 'striptease'-a

Sormena mamitzen duten osagaiak agerian jarri nahi izan du Olariagak, horrek hasierak erakusten dituela argudiatuta. «Oso interesgarria iruditzen zait hori azaltzea, ordenagailutik igaro gabe marrazkiak nolakoak diren erakustea. Izan ere, gero, ordenagailuarekin, iragazki bat eransten zaie, kolorea aldatu, profila manipulatu... Uste dut egin behar dela striptease hori, erakutsi behar direla lanak diren bezalakoak».

35 urte baino gehiago daramatza egunero Zakilixut zinta egiten; hasieran Egin-en, Euskaldunon Egunkarian gero, eta BERRIAn gaur egun. Halere, ez du uste egunero kaleratzeak kazetari bihurtzen duenik. «Gainera, kazetari ez bihurtzeko, borroka egiten dut». Ez zekien pertsonaiak zer eman zezakeen, baina argi zeukan aurrera egin zezakeela; areago, pertsonaia sexuaren gaira mugatzen bada. Eta bazuen desafio bat: euskaraz egitea.

Komiki zintak egiten 70eko hamarkadan hasi zen, Valentziako Las Provincias egunkarian. Lantegi horretan aurrera egin ahal izateko, onartzen du alboan kazetaritzaz «asko» dakien jendea— «Anjel Lertxundi, Jon Zabaleta, Juan Carlos Egillor...»— eduki duela, eta beti izan dela komikizalea. «Hortaz, asmatu dut tontakeria bat edo tontakeria bat ez dena hiruzpalau binetatan biltzen».

Donostia Kulturak eta Galtzagorri elkarteak iaz hauspotutako txokoan egindako laugarren erakusketa da. Aurrez, Iban Barrenetxea, Eider Eibar eta Elena Odriozolaren lanak egon dira ikusgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.