Tokioko Nezu museoaren artelanik ezagunena Ogata Korin-en Lirioak dira. Japoniako Altxor Nazional izendatutako lana bi bionbok osatzen dute, lau metro ingurukoa bakoitza; urrezko hondo distiratsu baten gainean lirio urdin bizi eta ederrak erakusten dituzte. Turista asko hurbiltzen dira museora artelana ikusteko asmoz, baina hilabete gehienetan merchandising-ean baino ez dute topatzen: lirioak udaberrian loratzen direnez, udaberrian soilik daude bionboak ikusgai.
Europako museo batek bere maisulanik ezagunena urtean hiruzpalau hilabetez erakustea pentsaezina litzateke. Izan ere, ezinezkoa da Gernika barnean biltzen duen Picassoren erakusketa bat Reina Sofia museotik kanpo imajinatzea, artelan ikonikoak ez direlako sekula mugitzen: museoen marka dira. Baina Nezu museoaren berezitasun hau ez da kapritxo garaikide bat, japoniar ohitura zaharra baizik: europar artea iraunkorra eta aldaezina den bezala, japoniar artea ziklikoa da eta urtaroei begiratzen die. Izan ere, Nezu museoa aste honetan bisitatzen duenak tearen zeremoniari buruzko erakusketa topatuko du, azaroan irekitzen baitira tearen pabiloiak. Garai bakoitzari dagozkion artelanak eta praktikak daude, eta horren arabera jantzi izan dira tenpluak zein etxeak. Esan daiteke japoniarrek asmatu zutela behin-behineko erakusketa.
Ezaguna da japoniar herriak naturaren edertasun aldakorrari erreparatzeko duen ahalmena. Hamaika aldiz ikusi ditugu telebistan gereziondoen loratzeaz gozatzen, zuhaitzei estasian begira. Aste batzuen buruan fenomenoa errepikatuko da, astigarrek kolore gorri biziena lortzen dutenean. Izan ere, japoniar meteorologia agentziak eskualde bakoitzeko gorritzearen aurreikuspena ematen du, egunik ederrenak noiz izango diren iragarriz. Eta ez dira soilik astigarrak eta gereziondoak: lirioek, krisantemoek edo Erdi Aroko Murasaki Shikibu idazlearen omenean izendatutako baiek euren kontenplazio unea dute, beste askoren artean.
Urtaroekiko miresmenak pentsarazi izan du japoniarrek naturarekin harreman berezia dutela. Baliteke beste garai batzuetan hala izatea, baina, beste leku askotan bezala, kapitalismoa horren aztarna ezabatzen ari da. Hiritarrek krisantemoen erakusketetan argazkiak ateratzen dituzten bitartean, Meiji Jingu parkean zuhaitzak mozten ari dira eraikin berri bat egiteko. Tokio da ibaien birnaturalizazioa bultzatu ez duten hiriburu bakanetakoa, eta ez dago parke berriak egiteko lur eremu publikorik. Arteak mantendu du garai bateko naturarekiko maitasuna, baina, tamalez, plazer estetiko huts bilakatzeko arriskuan dago, inolako inplikazio ekologikorik gabekoa. Krisi klimatikoak eragingo ote du artean mantendutako aztarna hura kontzientzia zabalago baten oinarri izatea?