Artean deskantsua hartzeko astirik gabe heldu dio elkarrizketa honi Aroa Arrizubietak (Gasteiz, 2001), eta inpostorearen sindromeari aurre egin behar izan dio, bereziki larunbatean, txapela jantzi eta jarraian, harik eta jabetu zen arte lehian oso zaila dela den-denak pozik gelditzea. Txapelketako alderdi esanguratsuenak aletu ditu.
Zer moduz zaude?
Ba, egia esan, oso nekatuta. Egia da txapelketa honek inoiz baino gehiago eragin didala gorabeherak edukitzea… Oso urduri egon naiz saioak baino lehen. Goizetan alarmarik gabe esnatzen eta… Orain arte inoiz gertatu gabeko gauzak izan dira, eta ez nuen ulertzen zer gertatzen zitzaidan. Orduan, oraindik deskantsua hartu gabe nago. Hala ere, oso pozik. Igande goizean esnatu eta jendeari erantzuten hasi nintzenean, jendearen esker ona ikusten… emozionatu egin nintzen. Hasieran pentsatzen nuen agian ez nuela merezi… Burua bueltaka eta bueltaka. Larunbatean batez ere. Pozik nengoen, parrandan, eta jendea oso pozik zegoen inguruan; orduan, kutsatzen zidaten poz hori ere. Baina, hala ere, zalantzak. Baina hurrengo goizean ja esan nuen: «Hala izan da, eta kito». Txapelketan oso zaila da mundu guztia pozik gelditzea. Hortaz, orain bai. Orain oso pozik nago.
Gorabeherak aipatu dituzu, eta txapelketa honetan ere hala ibili zara. Final-laurdenetan bigarren gelditu zinen, finalerdietan seigarren, gero finala irabazi…
Bai, bai. Guztiz. Final-laurdenetan pozik geratu nintzen, baina, gero, finaletik kanpo ikusten nuen neure burua… Egia esan, finaleko gorputzaldian ere eragin zidan horrek. Seigarren nengoen: beraz, seigarren edo gorago, okerrago ezin zen izan. Lekua berez erosoa zen. Halere, txapelketako gorabeherek eragin didate txapelketan kokatzeko orduan. Ni ere gorabeheratsu ibili naiz, eta uste nuen nahiko erregularra izaten nintzela, baina txapelketan ez da hala izan; egia esan, azkenaldian hala nabil bertsotan.
Ze gorputzaldirekin joan zinen finalera? Zer egin nahi zenuen?
Egia da finalean nahiko lasai nengoela. Zeren, ordura arte, baneukan presioa; ez nuen onartu nahi, baina finalera heltzeko presioa neukan, lehenago heldu nintzelako. Baina behin helduta, lasaitu nintzen. Aurreko finaleko arantza kendu nahi nuen, ondo sartuta baineukan, eta, horrez gain, ikusten nuen aurten ideiak askoz garbiago neuzkala, baneukala gaiekiko iritzi bat, eta gogoa nuen hori ateratzeko. Esango nuke horretan ez nintzela guztiz aseta geratu, ez bainuen lortu benetan gai batzuetan iritzia bota eta guztiz gustura geratzerik.
Txapelketan kantatzen hasi zinenetik, hau zen hirugarrena. Orain dela bi txapelketa, finalean kantatu zenuen, 17 urterekin. Azkenengoan ez zinen aurkeztu, eta oraingoan txapeldun izan zara. Oso txapelketa diferenteak. Gogotsu eta irmo kantatu duzu aurten.
Egia da txapelketa gogo handiz bizi izan dudala hasieratik. Aurreko txapelketa inbidiaz bizi izan nuen, Txiletik. Orduan, aurten gogotsu hasi nintzen, eta esan nuen saiatu behar nuela benetan entrenatzen, gauzak egiten… Egia da beti sentitzen duzula ez duzula nahikoa denbora izan eta ez duzula benetan nahikoa egin, baina kristoren gogoarekin hartu nuen, eta uste dut bukaerara arte saiatu naizela gogo horri eusten. Eta horrek lagundu dit bertso bat txarra zenean hurrengoan pentsatzen: bertso txar asko bota behar dira gero bat ona botatzeko. Baina bai, gogoak eta intentsitateak zeharkatu dute guztiz txapelketa hau.
«Konpromisoa izan dugu, eta hori polita da: talde bat edukitzeak denerako laguntzen du».
Bete-betean saioan sartu aurretik, hitz egin dezagun txapelketaren prestaketaz.
Nik daukadan sentsazioa da, oro har, ez dagoela entrenatzeko joerarik, txapelketa iristen denean bakarrik jartzen gara horri begira. Eta beti egon naiz horren oso kontra; egia da garai batzuetan bertso-eskola gehiago egiten dituzula. Baina nire ustez beti entrenatu behar da: bestela, kexatzen gara txapelketak duen garrantziaz, baina guk ere horri ematen diogu garrantzia. Plazarako ere entrenatu behar da. Nik plazan ondo egin nahi dut, jendearengana heldu nahi dut. Txapelketa garaian askoz gehiago egon gara entrenatzen… Hainbat lagun elkartu gara Gasteizen entrenatzeko; eta denok geneukan txapelketa, eta horrek ere lagundu du aurrera joaten. Elkar babestu dugu, konpromisoa izan dugu, eta hori polita da: talde bat edukitzeak denerako laguntzen du.
Saioan egindako lanen artean, bakarkakoei begira jarrita, emozionaltasun berezi batetik kantatu zenituen biak. Batzuetan badirudi bertsolariak zurruna izan behar duela, emoziorik gabea… baina zuk ez zenuen hala kantatu.
Lehenengo bakarkakoan egia da ez daukadala oso oroitzapen garbirik… Baina bigarrenean bai. Gaia jarri zutenetik etorri zitzaidan lehenengo ideia hori izan zen [bere buruaz beste egiten ahalegindu baina lortzen ez zuen pertsona baten rolean kantatu zuen]. Oso gertuko pertsona baten kasua zen. Hortaz, esan nuen: «Honi kantatu behar diot. Ausartu behar dut». Eta, orduan, sentitzen nuen baneuzkala elementuak. Irudia garbi neukan, eta oso emozionala zen dena. Ez dakit nola eutsi nion negarrari, egia esan. Nahi nuen hori transmititu, hori azaleratu… Gainera, uste dut gauza hauetaz hitz egin behar dela, azaleratu egin behar dira horrelako arazoak, existitzen direlako eta, besterik gabe, inportantea delako. Horrek lagunduko digu aurrera egiten. Ausardia hori atera nahi nuen, eta hori izan zen, hain zuzen ere, gusturen egin nuen ariketa: bakarkakoa.
«Ausardia hori atera nahi nuen, eta hori izan zen, hain zuzen ere, gusturen egin nuen ariketa: bakarkakoa».
Saioan zehar Peruren [Abarrategi] ondoan egon zinen, Eskolarteko txapelaren lekukoa hari hartu zenion —orain dela urte asko—, eta Arabako txapelarena ere bai. Manexekin [Agirre] kantatu zenuen bere azken buruz burukoan…
Perurenarekin, gogoratzen naiz berak irabazi zuenean txisteak egin nituela horrekin. Gero, egia esan, txapelketan ez dut presente izan hori. Baina duela bi urte pentsatu nuen, eta polita da. Egia esan, bertsokide ona da, eta ondoan izateak on egin zidan finalean ere. Manexen agurrarekin pena handia hartu nuen, egia esan; aurreko txapelketan Oihanek ere [Perea] utzi zuen… Eta pena ematen du, baina finala gaztetzen ari da, eta gaztetu behar du. Gazte jende on asko dago Araban, eta interesgarria da lekua haiena izatea, baita epaile eta gai jartzaile moduan ere.
«Pena ematen du, baina finala gaztetzen ari da, eta gaztetu behar du. Gazte jende on asko dago Araban, eta interesgarria da lekua haiena izatea, baita epaile eta gai jartzaile moduan ere».
Oihaneren despedida ere berezia izan zen. Bukaerako agurrean «gazteak ta komunistak/nere esperantza dira» bota zuen, eta bere lekuko hori hartzea emozionantea da; pentsatu nuen: «Oihane, zugatik ere bai».
Oihanerena bai, eta zure azken agurra ere hala joan zen, zorrotz eta aldarrikapenez beteta.
Bai, egia esan agurrak dira benetan nahi duguna esateko ditugun tarteak, eta argi neukan tarte txiki horietako batean erreferentzia egin behar niola nire bizitzan zati handi bat hartzen duen militantziari. Hasteko eta behin, bertsoa modu horretan ulertzen dudalako. Ulertzen dudalako bertsoa ideiak transmititzeko tresna bat dela; ez dut esaten guztiz propagandistikoa izan behar duenik, baina horretarako balio behar du. Eta orduan, tarte horretan militantziari erreferentzia egin nahi nion. Batez ere hauteskunde garai honetan, non saltzen baitizkigute esperantza eta promes horiek guztiak. Garbi utzi nahi nuen benetan ze txarto dagoen mundua eta horren aurrean zer egin behar dugun gazteok edo zertan sinisten dudan nik, behintzat. Orduan, iruditu zitzaidan hori oso pertinentea eta garrantzitsua zela. Gero, ez dakit oso erreala den, baina oso txalo gutxi izan nituela iruditu zitzaidan… Hori ere bada bertsoa, eta bueno.
Batetik, batzuetan pentsatzen dut beste edozer kantatu izan banu, mundu guztiari gustatuko litzaiokeena, jendea pozik legokeela, txalo gehiago jasoko nituzkeela, eta abar, baina, bestetik, oso inportantea iruditzen zait sinisten dudan horretatik aportatzea. Egin nahi nuena benetan sinisten dudan horretatik aportatzea zen. Saioan ez nuen sentitu egin nuenik, eta esan nuen: «Bukaeran gutxienez egin behar dut».
Orain gutxienez bi urtez zureak izango dira txapelaren poza eta zama. Zer espero duzu?
Egia esan, espero dut saioak lortzeko bide bat izatea, Arabatik kanpo saioak lortzekoa. Ez dut saio asko izaten; hein batean, ez didate deitzen nire militantziagatik… baina benetan espero dut beste saio batzuk izatea eta aukera hori aprobetxatzea, hori baita entrenatzeko motibatzen nauena. Plazak izan nahi ditut plazarako entrenatu ahal izateko.