2025ean Plateruena Musika Aterpea zabalduko dutela iragarri du Durangoko alkateak

Milioi bat euro inguruko inbertsioa agindu du udalak, Plateruena musika sorkuntzarako, prestakuntzarako eta erakustaldietarako zentro bihur dadin.

Eire taldea, Durangoko Plateruenan, 2023ko abenduaren 8an. GORKA RUBIO / FOKU
Eire taldea, Durangoko Plateruenan, 2023ko abenduaren 8an. GORKA RUBIO / FOKU
2024ko azaroaren 13a
18:09
Entzun

Durangoko alkate Mireia Elkoroiribek eta Kultura zinegotzi Paule Sanchezek azaldu dutenez, udalak herritarrekin batera pentsatu eta sortutako eremu bilakatu nahi du Plateruena; «ideia faktoria bat» izatea da asmoa, lurraldea «tokiko kultur sorkuntzaren eta kalitatearen abangoardian jartzeko, eta Durangoko gizarteak euskararen arnasgune izateko egin duen eskaera historikoari erantzuteko».

Elkoroiribek adierazi duenez, ohiko kultur gune baten esparruak gaindituko ditu Plateruenak: «Topagune inklusibo bat izango da, non jende guztiak gozatu eta ikasi ahal izango duen, euskal kultura eta tokiko talentua goratuz».

Lurraldearen garapen sozial, kultural eta ekonomikoan oinarritutako helburu estrategikoekin lotu du udalak Plateruena Musika Aterpearen proiektua. Alderdi sozialari begira, «kide izatearen eta kohesioaren sentimendua» piztuko duen gune bat lortzea da helburua; era berean, modua emango du «euskararen erabilera eta belaunaldien arteko ezagutza eta transferentzia» bultzatzeko. Kulturaren aldetik, adierazi dute euskal musikaren ondarea berreskuratu eta balioetsiko duela, betiere euskal kulturaren transmisioa ziurtatzearren. Ekonomia arloari begira, berriz, bereziki gazteak eta talentu berriak hartu dituzte aintzat, arreta berezia jarriko baitzaio  haiei garapen profesionalerako baliabideak eta aukerak eskaintzeari, baita ahalegin hori nazioarteko zirkuituekin lotzeari ere.

Ezagutza eskola

Instalazioak egokitzeko, ekipamendua berritzeko eta eraikina eraberritzeko milioi bat euro agindu ditu udalak. Besteak beste, esku hartze teknikoak egiteko, eremuak modu eraginkorragoan bereizteko eta bertan hartuko diren formatu guztientzako toki aproposa izateko baliatuko dute dirua. Gainera, Landako guneko sotoetan dauden entsegu aretoak ere berritu asmo dituzte, Plateruena Musika Aterpearen eskaintza osatzeko. Izan ere, kultur eskaintzan ez ezik, prestakuntzan ere aitzindari izatea du helburu udalak, eta, horretarako, espezializazioaren eta profesionalizazioaren araberako ikastaroak aurreikusi dituzte, Ezagutza Eskola programaren barruan. Hain zuzen, aipatu dute arlo hauek landuko dituztela, besteak beste: musika konponketak eta soinuen bilaketa; zuzeneko estudioetarako edo kontzertuetarako soinu teknika aurreratuak; jabetza intelektualaren gaineko prestakuntza, eta musikari eta artistentzako komunikazioa.

Sorkuntza eta ekoizpen artistikoa sustatzeko, bestalde, tokiko eta nazioarteko artistentzako egonaldiak proposatuko dituzte, baita bi urtetik behin emango litzatekeen beka bat ere, ikerketa eta garapen artistikoari begira: «Bekaren bidez, erakunde akademiko ospetsuekin lankidetzan aritzea bultzatuko da, musika arloko ikerketa eta ezagutza trukea bultzatzeko».

Erakustaldiei begira, gaikako jaialdiak eta house, tekno eta drum and bass genero elektronikoen gaineko klub saioak egingo dituzte programazio orokorraren barruan, betiere «ziurtatuta taldeen erdiek gutxienez euskaraz abestuko dutela, eskaintzaren herena 35 urtetik beherakoek osatuko dutela eta emakumeak ere herenak izango direla».

Hemezortzi urteko ibilbidearen ostean, kafe antzokien ereduaren beheraldia irudikatzen zuelako izan zen albiste Durangoko Plateruena kafe antzokia 2020an. Arazo ekonomikoak zirela medio, itxi egin zuten 2021eko urtarrilaren 31n, eta, urtebeteren buruan, albiste izan zen berriro, baina, ordu hartan, beste eredu bat proposatu zutelako. Plateruena udalarena izango zela azaldu zuten orduan, baina herritar talde batek gidatu eta kudeatuko zuela, horretarako espresuki sortutako Kultur Mahaiaren bidez. Proiektuak 2023ko martxoan ekin zion martxa berriari, orduko udal gobernuak —EH Bilduk eta Herriaren Eskubidea alderdiak osatua— lehen urterako emandako 313.000 euroko aurrekontuarekin.

2023ko udal eta foru hauteskundeek aldaketa ekarri zuten Durangora, eta agintea hartu zuten alderdiek, hau da, EAJk eta PSEk bertan behera utzi zuten Plateruenako ordura arteko kudeaketa plana, azaldu eta gero bestelako bideak bilatuko zituela. Geroztik ondu duten plana da gaur aurkeztutakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.