begona del teso

Planetak biran; Amy tragoxka

2024ko ekainaren 7a
05:05
Entzun

Musikaz elikatzen diren gizakien inguruko filmik nola egin, zein klabe edo kode erabil daitekeen eta zeintzuk ez ederki asko eta txarto oso erakusten duten bi pelikula daude gure karteldegiaren puntan. Seguru asmatu duzuela zeintzuez ari naizen, Isaaki Lacuesta eta Pol Rodriguezen Segundo premio eta Sam Taylor-Jonesen Back to Black ditut begietan eta bihotzean pega-pega eginda. Onerako. Txarrerako ere.

Biak izan dira eztabaidatsuak. Biak gorabeheratsuak. Biak eskandalubide. Bata oso ona da. Bestea ahalkegarri arras. Batak ez du jaso protagonista dituen horiengandik eta ingurukoengandik aitortza handirik; bestea, aldiz, infernuzko, begiz jotako, mitikoak diruditen 27 urtez hil zen izarraren familiak konplazentzia biribilaz onartu du.

Jendeak dio La leyenda del tiempo, Los pasos dobles, Un año, una noche filmen egilea den Lacuestak, pasa den mendearen bukaeran, musikari zartada ezin mingarri eta lanjerosagorik eman zion Los Planetas musika taldeaz burutu duela bere azken lana. Jendeak hori dio, horri heltzen dio jakin badaki ere, pelikularen hasiera hasierako irudien gainean letra batzuek zera diotela, ‘Hau EZ da Los Planetasi buruzko filma’.

Esaldi horretan inor ez dabil gezurretan. Kartelak ez du inor engainatu nahi. Aldarriak egia dio. Beharbada ez erabatekoa, pelikulan zehar Juan Rodriguezek eta Florent Muñozek sortutako kanta ugari agertzen direlako Juanek eta Florentek eginak bai, baina baita, ez ahaztu, jendeari bizkarra emanda (hain baitzen herabe) baxua jotzen zuen May Oliver emakume erabakigarriak bultzatuak. Biolontxeloa eta pianoa ikasi zituen kontserbatorioan eta Los Planetasek bigarren diskoa grabatu orduko banda utzi zuen, anonimatura bueltatu nahian eta, agian, beharrean. Liburu-denda batean egin zuen gero lan, eta egun, institutu-irakaslea da. Anonimatuan da May, bai, baina Isaki Lacuesta eta Pol Rodriguezen filmean bere pertsonaia dugu kontakizuna sostengatzen duena, zentzua ematen diona, nire irudiko. Alta, ‘Hau EZ da Los Planetasi buruzko pelikula’. Ezta  (bada ere) Una semana en el motor de un autobús (Astebete autobus bateko motorrean) diskoaren grabaketaren kronika gazia, kronika aldrebestua, mixeriaz eta alegrantziaz betea, drogaz, garagardoz, (des)amodioz, adiskidetasun garratzez eta etsaitasun gozoz gainezka egiten duen Andaluziako Granadaren eta New Yorken arteko kronika.

Granada… Hau EZ bada Los Planestasi buruzko filma izan daiteke, duda askorik gabe, hiri horren inguruko erretratua. Antzinako kalifa handiek maitaturiko, zaindutako, bere edertasunean maila gorenera eramandako leku horrek; poeta arabiar eta juduek kantaturiko Sierra Nevada peko naturaren mirari horrek eta bere inguruabar historiko zein urbanoek markatzen dute Segundo premio-ren tonua. 90eko hamarkadaren bukaera aldera (orain nola) musikaz elikatzen ziren bertako gehienak. The Velvet Undergroundi, Joy Divisioni edo Jack Kerouac idazleari zieten mirak inspiraturik Los Planetas eratu zuten Jota eta Florentez aparte, hor zen, esaterako, Lagartija Nick eta beste hamaika…

Mayek eta Granadak. Granadak eta Mayek. New Yorkek, Los Planetaseko kideen arteko harreman usadioz fuerakoek, sormenaren hondorik gabeko galzori infinitu eta abegikorrak, horrek guztiak gauzatzen du film handi honen hezurdura, armazoia. Ez, Hau EZ da Los Planetasi buruzko filma, euren galaxiaz haratago baitoa.

 Segundo premion bezala, Back to Blacken badago, hain ezberdinak izan arren, May Oliverrek bezainbeste balio duen emakume bat, Amy Winehouse! Bada pelegrinazio helmuga bilakaturiko leku bat ere. Bai, egia, Candem Town ez zuten Al Andaluseko poetek kantatu baina Londreseko auzo horri bizitza dario, musika dario, errebeldia dario. Bertako billarretan ibili zen blueseko andre txit gorenen kasik ahots bera zuen neska judua. Zerbitzari. Jokoan. Zurrutean. Dantzan. Kantutan. Baina pelikula ziztrina ez da gauza leku horien distira iluna islatzeko.

Amyk minez sortzen zituen bere kantak, auskalo zein amildegi berriren ertzean beti. Baina sasiko film honek ez du ulertzen eta gauza bakarra interesatzen zaio, Amyrena egiten duen aktorea ahalik eta igualena izatea. Arropetan, keinuetan, orrazkeran. Baina hori guztia ez da nahikoa nahiz eta, egileen aburuz, hau bai, Hau BADA Amy Winehouse-ri buruzko filma. Tamalez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.