Ipar Euskal Herriko hogei ikertzailek, irakaslek eta historialarik baino gehiagok salatu dute Dominique Lormierren azken liburuko pasarte asko plagioak direla, Manex Goinetxeren Histoire générale du Pays Basque liburu bildumaren lehenengo aletik kopiatuak. «Ez da nolanahiko plagio bat. Euskal Herriko historiaz idatzitako historialarien lanak baliatu nahi ditu testu original bat osatzeko», azaldu du Peio Etxeberri Aintxart historialari eta Elkar argitaletxeko editoreak. Beste liburu baten plagioa ere atzeman du, baina ez du izen eta titulurik eman, autore horiei baitagokie horren berri ematea. Ikerketa lanak jarraituko duela gaineratu du.
Plagioaz duten froga Lormierren liburuaren lehen 40 orrialdetakoak dira. Histoire du Pays Basque da liburuaren titulua, Geste argitaletxeak publikatua. Pasarte batzuk Goienetxek idatzi bezala eraman ditu bere liburura Lormierrek, eta beste hainbat «adjektibo bat edo beste aldatuz» berridatzi ditu, Aintxartek azaldu duenez. Plagioaren salatzaileek argitu dute ongi deritzotela Goienetxeren lanak erabiltzeari historia liburuak idazteko, baina erreferentziak argi adierazi behar direla. Hori da Lormierrek egin ez duena, kasu gutxi batzuetan izan ezik.
Dagoeneko, kontaktuan jarri da abokatu bat Elkarren izenean Geste argitaletxearekin, baina plagioaren ukatzea da lortu duten erantzun bakarra. Prozedura judizialari ekin aurretik, oraindik ez baitute salaketarik jarri, liburua salgai izanen da dendetan, eta eskuragai liburutegi eta mediateketan. Horregatik nahi dute jendea jakinaren gainean izan dadin: «Lormierren liburua ez da zintzoki egina».
Duela sei hilabete Petit histoire du Pays Basque kaleratu zuen Lormierrek. Urte bukaera aldera argitaratu du beste liburua. Historialariei arreta deitu zien ikonografiak. Ezaguna zitzaien, bai azala, bai barnean erabilitako irudiak. Goienetxek erabilitako mapak, besteak beste, enkarguz eginikoak ziren, Goienetxek berak eginiko eredu baten gainean. Preseski haren libururako eginikoak. Haren aipamenik ez dagoenez Lormierren liburuan, testuak begiratzeari ekin zioten, eta plagioa argia dela ondorioztatu dute. Dena den, erabaki juridikorik hartu beharrez gero, abokatuak erabaki beharko luke plagio bat den. Beste liburua ere aztertuko dute.
Lormierrek akusazioa ukatu du, Gestes argitaletxeak babestuta. Eman duen argudioetako bat da aipamena egin diola Goienetxeri. Sinatzaileek argitu dute, hiru erreferentzia soilik daudela, eta, lehen kapituluan soilik, hamazazpi kopiatze, asko paragrafo osoak izanik. Hitzez hitz kopiatu ez dituen paragrafoak %90 dira antzekoak Goinetxeren liburukoekin. Gogoratu dute plagiotzat jotzen dela bi testuen arteko antzekotasuna %40 edo handiagoa bada. Horrez gain, irudiez egin duen jabetzea ez da zuzena izan, nahiz eta Lormierrek kontrakoa dioen, autore edo editorearen baimena behar baitzuen jabetzea legitimoa izan zedin, Txomin Hiriart-Urrutik aipatu duenez. Eskaerarik ez du egin.
Lormierrek eman duen beste argudio bat izan da 30 urtetan 120 liburu idatzi dituela eta ez duela inoiz arazorik izan. Hiriarten arabera, historialaririk hoberenak ere nekez kaleratuko lituzke lau liburu urtean.
Hortaz, susmoa dute bizpahiru liburu hartu eta Wikipediako paragrafoak erabiliz idazten dituela bere lanak. Haren aurka Interneten topa daitezkeen komentario andana aipatu dute. Horrez gain, ez da plagioagatik arazoak izan dituen lehen aldia. Auzitara jo zuen Gestapoaz idatzi zuen historialari batek, Lormierrek haren lana plagiatu zuelakoan. Azkenean, ez zen epaiketarik egon akordio batera heldu zirelako.
Hiriartek erreferentzia egin dio Lormierrek emandako beste argudio bati, historialari lana egin duela, alegia. Zalantzan jarri du hori ere Hiriartek: «Historialarien metodologiaren arauak ez ditu bete. Ez dago bibliografiarik testuen amaieran, ezta ondoriorik ere, besteak beste».
Ez da hala nola eginiko salaketa, Aintxarten arabera, difamazioaz akusatu ahal baitituzte. Horregatik, «ikerketa sakona eta prozedura ofiziala» abiatu dituzte liburuaren inguruan. «Plagioak segitzen du ondorengo orrialdeetan. Liburu hori ez da bakarra kopiatua izan dena», gaineratu du.
Erantzutearen beharra
Aintxarten aburuz, ez dira ohikoak halako gertaerak. Gero eta kanpoko argitaletxe gehiago daude Euskal Herriko historiaz idazten dutenak. Halako plagio baten aurrean ez erreakzionatzea arriskutsua izan daitekeela aipatu du Aintxartek, jendeak jakin behar baitu halakorik ezin dela egin. «Deialdi masibo bat da. Egiazko oldartze baten marka adierazi nahi dugu», adierazi du Aintxartek.
Goienetxe autore erreferente bat da Euskal Herriko historialarientzat. Liburu bat soilik ez, Goinetxeren bizitzako obra bat dela nabarmendu dute, «defendatu behar dena eta ezin dela horrela uzten ahal. Gauza bat da kopiatzea eta beste bat da ebastea». Haren memoriari zor diotela gaineratu dute. Egun, ikastoletan erabiltzen dute Goienetxeren lana.
Plagio baten zantzu argiak
Iparraldean historiaren esparruan dabiltzan hogei pertsonak baino gehiagok salatu dute Dominique Lormierrek Manex Goienetxeren obrari eginiko plagioa. Historialariak ukatu egin du akusazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu