PJ Harvey, Kortatu eta gehiago

Bederatzi dokumental egongo dira 13. Dock of the Bay jaialdiko lehian, hilaren 13tik 18ra bitartean. Proiekzioekin batera, aurkezpenek eta zuzenekoek osatuko dute egitaraua

Rolling Stones taldeko Brian Jonesen heriotzari buruzko dokumentala (Rolling Stone: Life and death of Brian Jones) Sail Ofizialean lehian izango da. DOCK OF THE BAY.
itziar ugarte irizar
2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun

Zinema dokumentalak zerbait badu, «kameraren bi aldeetako sortzaileen amalgama ezagutzeko aukera» da hori, Eva Rivera Dock of he Bay Donostiako Musika Zinema Dokumentalaren jaialdiko zuzendariaren ustetan. 13. aldira heldu da aurten festibala, eta hilaren 13tik 18ra egingo da, orain arte finkatutako ildoei eutsiz eta berriak gehituz. 26 film emango dituzte denera, eta Sail Ofiziala izango da beste urte batez egitarauaren zentroa. Baina liburu aurkezpenak, zuzeneko filmak zein musika emanaldiak eta irrati saioak ere izango dira, baita berrikuntza bat ere: sortzaile biren arteko solasaldiak bilduko dituen Elkarrizketak atala. Rivera: «Ez gara nekatzen gero eta ugariagoa den eta gero eta gauza gehiago kontatzeko gai den genero honen aldeko apustua egiteaz».

SAIL OFIZIALA

Denera, bederatzi dokumental izango dira aurten Sail Ofizialeko lehian; zazpi, erabateko estreinaldiak. Horien artean, Danny Garciaren Rolling Stone: Life and death of Brian Jones dokumentala erakutsiko du jaialdiak, 1960ko hamarkadako rock talde nabarmenenetakoaren buru izan zenaren bizitzan eta, batik bat, heriotzan —etxeko igerilekuan itota azaldu zen— jartzen duena arreta. Bertan emango dute Kikol Grauren Los demenciales chicos acelerados. Primera parte: Euskadi y tal lana ere; Kortatu, Zarama, Negu Gorriak, Potato, Delirium Tremens eta 1980ko urteetako eszenako talde ikoniko gehiago ardatz dituena; eta Emmanuelle Antilleren A Bright Light-Karen And The Process, zeinak Karen Dalton folk kantariaren figura berreskuratuko duen. Film horiekin lehian izango dira, halaber, Giangiacomo de Stefanoren At The Matinee, New York hiriko CBGB klubeko hardcore giroa erakutsiko duena; Sam Zubryckiren Miguelito, Puerto Ricoko itzalpeko saltsa musikari bati buruzko lana; Javi Senzen Disco Confessions: John Morales, A Life in The Mix; Marie Losieren Felix in Wonderland; Louis Amon Joseken Out detg-The Youth of Jamaica; eta Santiago Mejias Blakeren VVV (Trip).

LEHIAZ KANPOKO ATALAK

Jaialdiak beste bi ataletan erakutsi ohi ditu lehiaz kanpoko dokumentalak. Perfect Day deitua da bata, azken urteak eman dituen musika dokumentalik esanguratsuenetakoei irekitako leihoa. PJ Harvey musikari ingelesa izango da bertako protagonistetako bat aurten, A Dog Calles Money bere disko berriaren grabaketaren inguruko dokumentalarekin. Harekin batera, lehen lerroan izango dira, halaber, Leonard Cohen (Marianne & Leonard: Words of Love); INXS taldeko abeslari Michael Hutchence (Mystify), Lil Peep (Everybody's Everything), eta Barbara Rubin (Barbara Rubin & The Exploding NY Underground), besteak beste.

Paint it Black da lehiaz kanpoko bigarren atala. Atzera begirako sail honetan, Daniel Johnston musikari estatubatuarra omenduko du aurten jaialdiak. Lo-fi musikaren aitzindarietako bat izan zen 80ko urteetan, eta irailean hil zen, 58 urterekin. Jeff Feuerzeigek 2005ean estreinatutako The Devil and Daniel Johnston lana ekarriko dute hura oroitzeko.

JARDUERA PARALELOAK

Jarduera paraleloen barruan, iaz jarri zuten martxan Dock Live atala. Zuzeneko musika eta film proiekzioak batzen ditu aldi berean, eta bost saio prestatu dituzte aurtengo: Joseba B. Lenoirren Instroak vol.3 diskoko abestiak eta Larraitz Zuazoren Bai, bagara ikus-entzunezkoa uztartuko ditu batek; Elena Setienen musika eta Koldo Almandozen Häxan filma bigarrenak; eta Umbral (Sara Zozaya eta Arnau Padilla), Musikene meets Synchresis eta The Videomusic Conecction proposamenek osatuko dute atala.

Aurten estreinakoz, Elkarrizketak atalean sektoreko jendeak hartuko du parte ordu eta erdiko saioetan. Bi solasaldirekin abiatuko dira: Garbiñe Ortega zinema irakaslea eta Iruñeko Ikuspuntu jaialdiko zuzendari artistikoa eta Stefano Scarani konpositorea ariko dira aurrenekoan, hilaren 15ean; eta Mireia Iniesta zinema kritikaria eta Aitor Etxeberria musikaria, biharamunean, biak Koldo Mitxelena Kulturunean.

Zuzeneko irrati emanaldiek eta liburu aurkezpenek osatuko dute gainontzean Dock of The Bayren aurtengo eskaintza. Urtarrilaren 16an, Deustuko Irratiarekin elkarlanean ariko dira Kutxa Kultur Plazatik zuzenean emititzen; eta, hilaren 18an, Nacho Vegas, Asier Leoz eta Juan Luis Etxeberria euren «bizitzetako diskoaren» inguruan ariko dira. Liburu aurkezpenetan, berriz, Juan Manuel Gilek Un hombre bajo el agua lanaren berri emango du, eta Ramon Luis Bandek Cuaderno de una revolución aurkeztuko.

Emanaldiak Trueba zinemetan eta Antzoki Zaharrean izango dira, eta sarrerak salgai daude txarteldegietan zein jaialdiaren webgunean, guztiak 7 eurotan. Dokumental onena saritzeko epaimahaia hiru lagunek osatuko dute: Koldo Almandozek, Garbiñe Ortegak eta Nacho Vegasek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.