Jon Urzelai
Bi ahotsetara

PJ Harvey euskalduna

2024ko martxoaren 10a
05:10
Entzun

Nor da Elvis Costello euskalduna? izan al dugu Bob Dylanen parekorik inoiz? Jakin nahiko nuke gure Leonard Cohen zein den.

La PJ Harvey vasca nor den aski ongi dakigu, ordea; zenbat bider entzungo ote zuen alderaketa hori Anarik. Honako hau zioen 1997ko ekainean Euskaldunon Egunkaria-n, lehen diskoa atera berritan egin zioten elkarrizketan: «Asko entzun dut konparazio hori. Bada, uste dut esaten dela neska naizelako, baina ez dut uste antza dudanik». 27 urte igaro dira jada, baina ez da guztiz desagertu ditxosozko etiketa: noizean behin erabiltzen du inork oraindik, eta Wikipedian bertan ere irakur liteke, egin kontu.

«Euskal Herrian zu zaitugu emakumezko rock bakarlari bakarra. Uste duzu horrek eragina duela zurekiko komunikabideek eta zaleek izan duten jarreran?». Entzun aldizkariak zekarren Aho Bete Doinu gehigarrian galdetu zioten Anariri, 2001ean. Liburuxka hartan hogei ziren elkarrizketatuak, horietatik bi besterik ez emakumeak: Anari eta Edurne Ormazabal. Elkarrizketatzaile guztiak ziren gizonak, baita argazkilaria ere.

Hona 2023an zehar eta 2024an orain arte zerbait argitaratu duten musikari batzuk: Verde Prato, Izaro, Esanezin, Bele, Libe, Muare, Ginger, Sara Zozaya, Akeleia, Burutik, Intza, Maialen, Sukena, Kai Nakai, Eider, Feline, La Basu, Ithaka, Kadira, Belako, Ibil Bedi, Rrucculla, Arima, Sara Azurza, Oki Moki, Eire, Garazi Navas, Nakar, Nogen, J Martina, Aria, eta, noski, Anari. 32 zenbatu ditut, baina ziur bat edo beste ahaztu dudala: emakumeak, bakarka edo taldean, proiektu horietako zenbaitetan gizonik ez da ageri gainera. Entzun-ek 2017an Aho Bete Doinu gehigarriaren hirugarren alea argitaratu zuen, musikaren eta generoaren arteko lotura lantzen zuena. Orduko hartan kazetaria eta argazkilaria emakumeak izan ziren, galderak erantzun zituztenen erdiak baino gehiago ere bai. Gauzak ez dira zuritik beltzera igarotzen, ezta alderantziz ere; baina egungo grisak beste tonu bat duela bistakoa da.

Nor da Lana Del Rey euskalduna? Izango al dugu Matana Robertsen parekorik inoiz? Jakin nahiko nuke gure Kae Tempest zein den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.